INFO

Hiltegi berriaren kokapenak Aiaraldean sortzen duen egoera deitoratu du SOS Baserriak taldeak

SOS Baserriak mugimenduak kritikatu egin du Enkarterrietan hiltegi berria kokatu izana, Laudioko instalazioak behin betiko itxi ondoren, eta uste du ez dela Aiaraldeko baserritarrek eta kontsumitzaileek behar dutena.

Joan den irailean SOS Baserriak mugimenduak Laudion antolatutako manifestazioaren irudia. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Hilabete baino gehiago igaro da joan den apirilaren 8an Laudion egin zen manifestaziotik. Hilabete horretan «txarrera» aldatu da Laudioko Udal Hiltegiari buruzko «aurreko albiste faltaren dinamika», astelehen honetan SOS Baserriak mugimenduak salatu duenez.

Arabako Nekazaritza sailak Enkarterrietan kokatu du hiltegi berria. «Inguruan hiltegi baten premia aitortuta, ez dugu uste eskualdearentzat ekoizpen ahalmena galtzea pozgarria denik», azaldu du mugimenduak.

Halaber, Sos Baserriak-ek ez du uste Enkarterrietako proiektua orain arte aurkeztu den bakarra denik eta jakinarazi du Hiltegia Ez Itxi plataformak Laudioko instalazioak kudeatzeko eskaintza egin zuela, biana bere proposamena ez zuen aintzat hartu administrazio bakar batek ere. «Ziur aski, Hiltegia Ez Itxi-ri erraztasun berberak eman izan balizkiote, proiektu bat aurkezteko gai izango zen», kritikatu dute SOS Baserriak-etik.

«Zaila egiten zaigu sinestea, diputatu jaunak dioen bezala, ekimen pribatua gai izango dela "egungo eraginkortasuna eta egiturak hobetzeko, eskaintza orekatzeko eta abeltzaintza sektorearen ekonomia herrestan eramateko", Laudioko Udal Hiltegia jabetza publikokoa baina kudeaketa pribatukoa izan denean, eta nahiz eta badakigun horrela ez dela izan, zerbitzuaren ustezko defizita gogaitu arte errepikatu digute», adierazi dute.

Aparteko aipamena egin diote Aiaraldeak hartu duen paperari. Udal hiltegiaren bideragarritasunari buruzko azterketa luzatu zuen Parlamentuko Ponentziaren gomendioak, «bulegoak lausotu du, agindutako inbertsioak garapen sozioekonomikoarekin zerikusirik ez duten proiektuetara bideratu dira eta orain hiltegi berria kanpora doa, Arabako Aldundiko Nekazaritza diputatuaren eta tokiko administrazioen onespenarekin antza».

«Nahiz eta larrialdi-egoeran gauden, mingarria da esatea Enkarterriko hiltegia ez dela Aiaraldeko baserritarrok eta kontsumitzaileok behar duguna. Hori adabakia da, udal eta foru hauteskundeetarako urtebete falta denean norbaitek mahukatik atera duena, eta kudeaketaren lorpen gisa saldu nahi digutena, eskualde honetako desegite programatuan beste hainkada bat gehiago besterik ez denean», saltu dute.

Elikadura burujabetza indartzea

Proiektu berriak sektorearen eta herritarren erreklamazioei erantzuten diola pentsatzeko, «parte-hartze publikoa kontrol mekanismo egokiekin babestuta egotea», «Aiaraldean kokatua egotea» eta «baserritarren eta kontsumitzaileen beharrei erantzutea» eskatu du SOS Baserriak mugimenduak.

Azkenean, jakinarazi dute Lakuako Gobernuari, Aldundiei eta tokiko administrazioei eskatuko dietela «proiektu berri honekin erakusten duten jarrera eta prestutasun bera ager dezatela lehen sektoretik edo jendeartetik jaiotako elikadura burujabetza indartzera bideratutako beste proiektuetan».