INFO
Entrevista
Aize Otaño eta Xabat Illarregi
Euskara Aurrera ekimenaren Bultzatzaileak

«Herri euskalduna nahi dugun denok gara martxaren deitzaile»

Euskararen borrokara batu eta larunbat honetan kaleak hartzeko deia egin dute. Gazte, heldu, ume, irakasle, guraso, kulturgile, migratzaile... euskaraz zein bertze edozein hizkuntzatan mintzatu, «Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz irudikatzen dugun guztion topaleku» izan dadin Donostia.

Aize Otaño eta Xabat Illarregi, Euskara Aurrera ekimenaren bultzatzaileak (Maialen Andres | Foku)

Euskara Aurrera ekimena hainbat euskaltzaleren kezkatik sortu da. «Gure hizkuntza etengabeko zapalkuntza batean bizi da, eta horri erasoak gehitu behar zaizkio: Nafarroan PAI dekretua onartu da, Ipar Euskal Herrian ezin dituzte azterketak euskaraz egin, ezinezkoa da euskaraz ikastea Euskal Herri osoan, lan eskaeretan ez zaio lehentasunik ematen, pantailetan leku murritza du…», adierazi du Xabat Illarregi Gazte Euskaltzaleen Sareko kideak.

«Balio praktiko bat eman behar zaio, komunikatzeko hizkuntza bat baino gehiago izan behar du».

Testuinguru horretan, manifestazioa antolatu dute euskararen borroka bultzatzeko. «Korrikak utzi dituen baldintza positiboak aprobetxatuz, kaleak bete eta euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatu behar dugu», egin du deia leitzarrak. Larunbat honetan da hitzordua, Donostian, 17.30ean Antiguako tunelaren ondoan.

Ahalik eta euskaltzale gehien bildu eta ekitaldi zabal eta aberatsa osatzea da asmoa. Herritarren errealitate ezberdinak batu, eta bakoitzak bere eremutik, bere aldarrikapenetik, elkarrekin erantzutea, «Euskal Herri euskaldun bezala aurrera egiteko».

«Berdintasuna eta justizia ditugu amets, eta horiekin lotutako aldarri guztiek dute lekua martxan. Jendarte kohesionatua nahi badugu, guztiona da egoera iraultzeko ardura», gehitu du Aize Otaño AEK-ko ordezkariak. «Euskal Herri euskalduna nahi dugun euskaldun eta erdaldun guztiok gara bultzatzaile».

Sinadurak biltzen ari dira eta pozik daude erantzunarekin. Hainbat pertsona ezagun ari da atxikitzen eta egunero iristen zaizkie bideoak. Oiartzunen bizi den donostiarra seguru dago: «Herri gogoa agerikoa da, eta kaleak beteko ditugu».

Gazte euskaltzaleen papera

«Gazte euskaltzaleok paper garrantzitsua hartu dugu, gu baikara etorkizunean euskaraz bizi behar duen belaunaldia», azaldu du Xabat Illarregik. Euskararen egoerari gazteen ikuspuntutik begiratzeko premia ikusten du. Eta, horrekin lotuta, gazte belaunaldi bat euskararen aldeko borrokan txertatzeko beharra ere bai.

«Belaunaldien arteko transmisio hori ez da eman euskararen aldeko borrokan. Eta gure xedeetako bat da belaunaldi gisa euskaraz bizi proiektu duin bat eraiki nahi dugula aldarrikatzea, baita euskarak edozertarako hizkuntza izan behar duela ere. Euskaraz biziko den belaunaldia izan nahi dugu. Gaur egun, nahi bai baina ezin dugu».

Manifestazio honen bidez gazteak inplikatzea nahi dute. «Gazte mugimenduetan jende asko biltzen da eta bertako espazioak euskararen borrokara bideratzen baditugu, egongo da gaia euskararen lanketa aurrera eramateko», defendatu du.

Atzerapausoak

AEK-ko ordezkari bezala, «ez aurrera ez atzera, geldiune batean» ikusten du euskara Otañok. Eta egoera hau iraultzeko, ezagutzaren unibertsalizazioa behar dela aldarrikatu du. «Euskal Herria osatzen dugun herritar guztion eskubidea da euskara doan ikastea». Bestalde, hizkuntza politika berriak, ausartagoak lortzeko borrokan jarraitu behar dela nabarmendu du.

Atzerapausoak ere sumatzen ditu. «Lortu ditugun eskubide asko galtzen ari gara. Sinestezina iruditzen zait».

Pandemiaren eraginez, jende ugari gelditu zen etxean ezin euskara erabili. Hezkuntza ez formala eten zen. Euskara kalera ateratzen zuten Korrika bezalako hamaika ekimen bertan behera gelditu edo atzeratu ziren. Aldiz, digitalizazioa azkartu zen, «baina bertan euskarak ez du tokirik, gazteek ez dute nahi duten hori euskaraz jasotzeko aukera. Ez dugu euskaraz bizitzeko aukera gure hizkuntzak eremu asko galdu dituelako», azaldu du Gazte Euskaltzaleen Sareko lagunak.

«Euskarari ez zaio lehentasunik eman. Gainera, euskararen arnasguneak ahalegin berezi batez sortu beharreko egoerak dira. Izan diren mugekin, hori ezinezkoa izan da, eta horrek atzerapauso bat ekarri du».

«Gizartea azkar ari da aldatzen. Eta guk ere aurrerapauso hori eman behar dugu, egoera soziolinguistikora eta digitalizaziora egokituz. Bitarteko berriak lortu behar ditugu gazteak atxikitzeko», proposatu du.

Eta ondorengoa gaineratu du Aize Otañok: «Herriaren erantzuna beharrezkoa da, baina erakunde eta arduradun politikoek erantzukizun handia dute. Aldekotasuna adierazteaz gain, urrats esanguratsuak egin behar dituzte