INFO

Alberdi eta Salaberriaren lehen mailarako bide motzena Labritetik igarotzen da

Azpeitiarrak Promozio mailako bigarren txapela nahi du Binakakoaren ostean, goizuetarrak, aldiz, lehen finala du Buruz Burukoa

Salaberria eta Jon Alberdi finalerako material aukeraketan. (Iñigo URIZ/FOKU)

Profesionaletarako jauzia ematea izan ohi da pilotan diharduten gazte gehienen ametsa eta, behin langa hori gaindituta, estelarretan eta lehen mailako txapelketetan leku bat egitea. Azken langa hori gainditzea izaten da sarri zailena eta esku pilota profesionalaren gailurrerako biderik motzena Promozio mailako txapela eskuratzea izaten da. Hala, datorren urtean lehen mailako Buruz Burukoan sartzeko aukera –nahiz eta azken urteetan atariko bat ere jokatu behar izaten duten– izango dute jokoan, txapelaz harago, Jon Alberdik eta Iker Salaberriak gaur arratsaldean Labriten.  

Urte berean jaiotako pilotariok (1999) elkar ondo ezagutzen dute, azpeitiarrak eta goizuetarrak afizionatuetan hamaika aldiz jokatu baitute elkarren aurka, baita batera ere alberditarren anaia nagusiak atzelari jokatzen zuen garaian. Esaterako, Gartzarun eta Galdakaoko txapelak elkarrekin jantzitakoak dira gaur Iruñean elkarren aurka arituko diren bi aurrelariak.

Lehen finala nafarrarentzat
Berez, bere dohainengatik lau eta erdian hobeto molda daitekeela dirudien arren, kantxa osokoa izango da Iker Salaberriak jokatuko duen profesionaletako lehen finala, azken bi urteetan Arteaga eta Peio Etxeberriaren aurka erori ostean. Aurten Javi Zabalaren aurka jokatzekoa zen, baina errioxarrak ezin izan zuen jokatu izandako bihurritu baten erruz.

Jon Alberdik, aldiz, gaurkoa hirugarren finala izango du. Lehena Lau eta Erdikoan izan zen, 2019an, eta Jon Ander Peñaren aurka galdu zuen; iaz, aldiz, Binakako txapela eskuratu zuen Ruben Salaverri lagun, finalean partida handia jokatuta.

Iaz oinean izandako zenbait arazo fisiko gaindituta, azpeitiarra oso bolada onean helduko da finalera, txapelketa honetan jokatutako sei partidak irabazita. Enpresak hala erabakita, bi atariko jokatu behar izan zituen,  Bakaikoa eta Arteaga bezalako  pilotarien aurka; ligaxkako hiruretan ere nagusitu zen, finalerdian anaia gazteari Urduñan gailentzeko.

Ligaxkako partida horietako batean Iker Salaberriari berari nagusitu zitzaion, 22-16 Zumaian, nafarra 9-15 aurreratu ostean. Horrek agian faborito egiten du azpeitiarra, baina Labriten jokatzeak mesede egin diezaioke erasokorragoa den goizuetarrari. Printzipioz, Baikokoari partida luzatzea komeni zaio, baina finalak finalak dira.