Iñigo Martinezen langaren ostean, Sevillatik pasatzen da berriro Europako trena
Kopako eta Supercopako finalak jokatu dituen arren, Athleticek lau denboraldi daramatza Europako txapelketetan parte hartu gabe. 2019an bezala, azken jardunaldian Sanchez Pizjuan zelaian sailkapena jokoan izango dute. Ondarrutarrak luzapenean langara bidalitako baloia oraindik gogoratzen da.
Iñigo Martinez 2018ko neguko merkatuan iritsi zen Athleticera. Josu Urrutiaren Zuzendaritza Batzak 30 miloi baino gehiagoko etete klausula ordaindu zion Realari, Laportek Manchester Cityrako bidea hartu ostean. 65 miloi euro jaso zituen talde zuri-gorriak eta ondarrutarraren bila joan ziren zuzenean inolako zalantza barik. Fitxaketak hautsak harrotu zituen, baina denborak aurrera egin ahala esan daiteke alde guztiak irabazten atera zirela.
Ondarrutarrak 31 urte bete ditu aste honetan. Kontratua 2023ko ekainean amaitzen zaio eta ikusteke dago zer egin behar duen. Klubetik argi dute berrizteko aukera eskaintzea. Presidentziarako hautagaiek ere. Ziur beste taldeen proposamenak ere izango dituela mahai gainean eta abenduan Munduko Txapelketa jokatzeko deialdian sartu daiteke. Badirudi itxarotea nahiago duela, Athleticen Zuzendaritza Batza berriaren kirol proiektua eta egongo den entrenatzailea ezagutu arte.
Bilbora heldu zenetik hamaikakoan postua izan du ziurtaturik Iñigo Martinezek entrenatzaile guztiekin. Ezinbestekoa da Athleticentzat eta aurten bere mailarik onena erakutsi du. Joan den denboraldia akituta amaitu zuen Kopako finaletako porroten ondoren eta uko egin zion Espainiako selekzioarekin Eurokopako jokatzeari. Erabaki zaila hartu zuen, baina indarberriturik itzuli zen.
Supercopa bat irabazi du Athleticen eta Kopako zein Supercopako hiru final jokatu ditu. Sasoi batean Europan jokatzeko txartela suposatzen zuen final horietara iristeak. Horrela sailkatu zen talde zuri-gorria 2009an Caparrosekin eta 2012an Bielsarekin. 2015ean Valverderekin ere finala jokatzearekin batera zazpigarren postua eskuratu zuten.
Entrenatzaile gasteiztarrarekin lau aldiz jarraian aritu zen talde zuri-gorria Europako txapelketak jokatzen. Iñigo Martinezek berriz, ez du aukerarik izan. Realarekin Europa League-n aritzeagatik ezin izan zuen Athleticekin jokatu Zigandaren denboraldian eta geroztik ez du txartelik eskuratu.
Vila-realen zain eta azken garaipenak
Lau urte igaro dira jada. Gertu egon diren arren, taldeak huts egin du aukera izan duenean. 2019an jasotako kolpea oraindik gogoratzen da. Athleticek puntu bat lortzea nahikoa zuen azken jardunaldian Sanchez Pizjuan zelaian. Sevillak ez zeukan ezer jokoan eta Caparros zen entrenatzailea. Hala ere, talde zuri-gorriak ez zuen maila eman. Ezinean aritu zen partida osoan. Luzapenean berdinketa lortzeko zorian egon zen, baina Iñigo Martinezen errematea langara joan zen.
Ondarrutarrarekin gertatzen den moduan, hainbat jokalarik ez dute inoiz Athleticekin Europan jokatu. Dani Garciak hainbat aldiz gogoratu izan du. Yurik, Capak edo Unai Simonek ere ez dute aukerarik izan. Ezta azken urteetan lehen taldera igo diren jokalari gazteek.
Muniainek eta De Marcosek ordea, oroitzapen politak gordeko dituzte. Europan egin zuten debuta Athleticekin 2009an eta Iñaki Williamsek ere bere lehen gola Torinoren aurka sartu zuen.
Athleticek historikoki ez ditu emaitza onak lortu Sevillan. Sarritan jipoi gogorrak jaso izan ditu. Gutxi dira lortutako garaipenak. Azken hamarkadan Ligan, 2011ko azaroan lortu zuen Marcelo Bielsarekin (1-2) sekulako erakustalda eskainiz. Marcelino zen andaluziarren entrenatzailea. Aurreko denboraldian ere irabazi zuten Iñaki Williamsek azken minutuetan egindako gol bati esker (0-1). Kopan eta Europa Leaguen ere garaipenak eskuratu izan dituzte, baina kanporatuak izan ziren.
Zaila dauka Athleticek Europarako sailkapena lortzea, baina partidaren garrantziaz oharturik jokalari guztiek bidaiatuko dute taldearekin. Raul Garcia eta Nico Serrano deialdian daude eta lesionaturik dauden Sancet eta Nico Williams. Julen Agirrezabala atezaina Bilbao Athleticekin Racingen kontrako partida jokatu ondoren joando da Sevillara. Bestalde, Marcelinok bere etorkizunaren inguruan hurrengo astean erabakia hartuko duela argitu du Lezaman egindako agerraldian.
Emaitza on bat lortzearekin batera, Vila-realek Camp Noun ez irabaztea behar du Athleticek. Azken jardunaldian, zortea aldatu eta txanpona zuri-gorrien aldera erortzea amesten dute Marcelinoren mutilek eta zaleek. Itxaropena behintzat, ez dute inoiz galtzen.