Alaveseko zuzendaritzak autokritika egin du baina ez dute birpentsatuko kluba kudeatzeko modua
Alaveseko presidente Alfonso Fernandez de Troconiz eta kirol zuzendari Sergio Fernandezek onartu dute azken bi urteetan «presaz eta antsietatez» lan egin dutela maila mantentzeko, «etorkizunera begiratu gabe». Maila jaitsierarekin, negozio zifra %75 murriztuko dela aurreikusten dute.
Denboraldiko balorazioa egin du Alavesek astearte goiz honetan. Horretarako, klubeko presidente Alfonso Fernandez de Troconiz eta kirol zuzendari Sergio Fernandez jarri dira hedabideen aurrean eta autokritika egin dute. Nolanahi ere, ziurtatu dute ez dela birpentsatuko kluba kudeatzeko modua: «Duela 11 urtetik ari gara modu honetan lanean». Biek ala biek beraien karguan jarraituko dutela aurreratu zuten.
«Inork ez dezala zalantza egin baliabide guztiak jarriko direla berriro ere mailaz igotzeko eta etorkizunean lehiakor izatea ahalbidetu duen ekonomia eratzeko», zin egin du Fernandez de Troconizek.
Maila jaitsierak izan ditzakeen eraginak aurreikusten jarriak dira jada eta adierazi dute negozio zifran %75eko murrizketa jasango duela klubak. Hala, telebisten eskubideetatik jasotzen duten kopurua %80 jaitsiko da.
Fernandez de Troconiz zein Fernandezek onartu dute ez dute behar bezala lan egin. Azken bi urteetan, koronabirusaren krisiaren ondorioz, «presaz eta antsietatearekin» aritu direla adierazi dute, nola edo hala maila mantentzearekin tematuta. Honenbestez, etorkizunera begiratu ez dutela azpimarratu dute akats nagusi bezala.
«Kirol arloa eta ekonomikoaren artean ez geunden ados eta deskonexio horren ondorioz, ez gara gai izan egoera iraultzeko», hausnartu du Sergio Fernandezek. Hitzarmenak berriro negoziatzeko orduan "feeling" falta egon dela adierazi du eta erru guztia klubarena izan ez dela gaineratu nahi izan du.
Taldean aldaketa batzuk eman nahi zirela onartu du baina jokalari batzuen kontratu luzeak hori ahalbidetu ez duela zehaztu du. «Ezin izan dugu taldea berritu eta ezin izan dugu Alavesentzat ezinbestekoak diren puntuak errekuperatu: nortasuna eta esfortzua».
Pandemiaren eraginez aldageletan egon ziren desadostasunak –soldata jaitsierarekin– bi aldeen harremanean zauria ireki zuela onartu dute eta «ez dugu estilo bat aurkitzeko pertsonalitatea izan».
Lehen Maila igotzea, helburu nagusia
Ilusioak berritu eta lehen bai lehen gorengo mailara igotzeko lanean jarriko direla ziurtatu zuten. Hala, Luis Garcia Plaza teknikariarekin «Alavesen esentzia» berreskuratzea dute xede.
Jaitsierarekin arlo ekonomikoan egongo diren murrizketak direla eta, indarrean dauden kontratuak berrikustera derrigortuak daude. Adierazi dute «inbertitu behar dugun euroekin are arduratsuagoak» izango direla.
Zaleei dagokionez, hauen babesa eskertu dute presidente eta kirol zuzendariak eta prozesu parte hartzaile bat abiatuko dutela ziurtatu du, oraindik erantzun ez diren «eskakizun historikoak» aintzat hartu asmoz. Zaleen kritikak ere onartzen dute baina «ez du denak balio». Jaso dituzten irainak eta mehatxuak gaitzetsi dituzte.
Mendizorrotza eraberritzeko proiektua pandemiaren ondorioz gelditu egin behar zutela azaldu du –«finantziatzeko proiektu bat egina zegoen baina erakunde publikoek geratu egin zuten eta guk errespetatu egiten dugu»– baina nabarmendu nahi izan du bitartean kirol instalazioetan berrikuntzak egin dituztela.
Klubak atzerriko taldeetan egin dituen inbertsioak balorean jarri dituzte eta «klubaren patrimonioa» direla azpimarratu dute