Ginzo eta Arrojo galduta, Gernika Bizkaiak aldaketa sakonak egin beharko ditu
Santoñako pibotak Lugoko Ensinon jokatuko du eta Granadakoak, azken urtean gernikarren kapitaina izanak, Murtziako Hozono Global Jairis igo berrian jarraituko du. Biak ala biak errotazio jokalariak izanagatik, taldeari sakontasuna emango dioten fitxaketak beharko dituzte bizkaitarrek.
Bi izen dira bakarrik oraingoz, baina esanguratsuak dira: Paula Ginzo eta, batez ere, Belen Arrojo kapitainak ez dute Lointek Gernika Bizkaian jarraituko. Santoñako pibotak Lugoko Ensino taldean jokatuko du datorren denboraldian azken bi urteetan Bizkaia aldean jokatu ondoren, eta aldiz, Granadako hegalekoa Endesa Ligara igo berria den Murtziako Hozono Global Jairis taldean arituko da, Gernika Bizkaiara 2019/2020 denboraldian iritsi zenez geroztik.
Zortzigarren postuan amaitu du Ligan, Eurocupean final-zortzirenetara eta Kopako finalerdietara iristeaz gain. Marta Alberdik hedabide honi esandakoari so eginez, «Gernikak Ligako aurreneko lau postuetan finkatzea du helburu, eta aurten lortu ez badu ere, hurrengo urteetan ere saiatuko da berriz».
Galdutakoen ezaugarriak
Zentzu horretan, Belen Arrojo Gernikara iristeak hiru denboraldi hauetan sekulako mesedea egin dio. Aurten, batez beste, 5,9 puntu eta 2,5 errebote lortu ditu Granadako hegalekoak –duela urtebete 6,3 puntu eta 46 errebote pilatu ostean–, baina defentsan eta jokoari ematen dion orekan zenbakiek diotena baino askoz jokalari garrantzitsuagoa izan da. Bestela, ikusi baino ez dago Turkian Çukurova Mersin taldearen aurkako segada famatuan nola faltan bota zuen talde gernikarrak, covid-19an ustez positibo eman omen zuela-eta.
«Gernika familia bat da niretzat eta oso eroso aurkitzen naiz hemen», adierazi zuen Granadako jokalariak pasa den ekainean kontratua luzatu eta gero. 27 urterekin, eskarmentu handiko jokalaria da Belen Arrojo, 2018ko Munduko Txapelketan Espainiako selekzioarekin brontzezko domina irabazitakoa, baina Gernikan egin beharreko apostua itxura denez amaitu du, eta hargatik Murtziara joatea erabaki du.
Paula Ginzo, berriz, Lugoko Ensinora joan da. Ensinok iaz Laura Aliaga, Georgina Bahi, Tamara Abalde eta Maria Erauntzetamurgil fitxatu zituen, baina lesioen erruz, ez Eurocupean ez Ligan ez zuen esperotako mailarik eman. Neurri handi baten, pibot espainiarrari esker galiziarrek gorantz egitea dute helburu eta gernikarren arerio zuzen izatea nahiko dute Perfumerias Avenida, Valentzia eta Gironaren ostean.
7,3 puntu eta 3,7 errebote lortu ditu Ginzok azken denboraldian, Brcaninovic eta Tinara Mooren atzetik hirugarren pibot postuan. Ez du agian bere garaian Nogaye Lok lortutako mailarik erdietsi, baina titularrei atseden emateko oso jokalari aproposa dela erakutsi du.
Bere aldetik, Lointek Gernika Bizkaiak «formazio» jokalariak fitxatu beharko ditu datorren denboraldira begira. Alegia, uneotan Marta Alberdi, Itziar Ariztimuño eta Roso Buch dira "kupo" hori betetzen duten jokalariak, eta ikusteko dago Roso Buch Mataroko jokalariak Gernikan jarraituko ote duen, hainbat zurrumurruk Gironan ipintzen baitute jokalari katalana, Laia Palau erretiratu berritan.
Hala, hasteko eta bat uztaipeko jokalariak bilatu beharko ditu talde gernikarrak datorren denboraldiari begira, eta maila altukoak izan beharko dira, Paula Ginzo eta Belen Arrojo, errotazioko jokalariak izanagatik, talde bizkaitarrari sakontasuna ematen diolako.