INFO

Pantailak Euskaraz: «Madrilgo Legea galdutako aukera bat izan da, baina hau ez da amaitu»

Onartu berri den Ikus-Entzunezko Legea «galdutako aukera izan da Hizkuntza Gutxituen berdintasuna ikus-entzunezkoetan bermatzeko bidean», Pantailak Euskarazen ustez. Halere, euskara bermatzerako bidean, hemengo erakundeek urratsak eman ditzatekeela gogorarazi du; esaterako, Euskal Zinemaren legea.

Madrilen hizkuntza gutxituen aldeko erakundeek, legea onartu aurretik, egindako agerraldia. (J. DANAE | FOKU)

Maiatzaren 26an Madrilgo Kongresuan onartu den Estatuko Ikus-Entzunezko Lege Orokorraren balorazioa egin du Pantaila Euskaraz ekimenak. «Galdutako aukera izan da» Hizkuntza Gutxituen berdintasuna ikus-entzunezkoetan bermatzeko bidean, haien aburuz, baina bidea ez omen da hemen bukatu.

Lege berriarekin, esaterako, estatuko plataformen katalogo-kuotetan, TVEn, eta streaming plataformen zerga bidezko finantzaketa aurreratuan, hizkuntza gutxituentzat kuota batzuk txertatzea lortu da, eta hori positibotzat jo du Plataformak Euskarazek. Halere, hizkuntza gutxitu bakoitzean bermatu beharreko kopuruak % 0,35 eta % 2,55 artekoak izango direnez, «portzentaje anekdotikoak» izango direla dio ekimenak.

Gainera, legeak katalogoetako kuota hauen eragina murrizten omen du, Espainiar Estatutik kanpo egoitza duten Netflix, HBO, Prime Video edo Disney+ bezalako nazioarteko plataformak (merkatuan nagusi direnak eta gurean ere ikusle gehien dituztenak), erregulaziotik kanpo uztean. Onartu beri den legearen arabera, plataforma hauek «erantzukizun konpromiso bat» zehaztu beharko dute hizkuntza koofizialen presentzia bermatzeko, baina ez dira derrigortuta egongo. Plataforma handiek euren Estatuko irabazien %0,52 bideratu beharko dute hizkuntza gutxituetako ekoizpenetara, eta hau biztanleriaren arabera banatuko da.

Diru publikoz aurretik eginda dauden bikoizketa eta azpidatziak euren katalogoko filmetan txertatzeko plataformek izango duten betebeharra «oso mugatua» izango da Plataformak Euskarazen ustez, legeak teknikoki posible denean eta kosturik ez duenean soilik egin beharko dutela zehaztu baitu. Eta Estatuko Telebista publikoak (TVE) eduki batzuk katalanez, galegoz, eta euskaraz eskaini beharko dituela dio legeak, eta Clan haurrentzako kateak edukiak bikoiztu beharko dituela; hau «aurrerapauso txiki bat» izan daitekeela uste du Pantailak Euskarazek.

Menu/interfazeei dagokienez legeak ez du aurreikusten erabiltzaileei hizkuntza hautatzeko aukera emateko derrigortasunik, eta horrek, praktikan, «asko zailduko du gaztelania ez den beste edozein hizkuntza erabiltzea filmen eta telesailen jatorrizko bertsio azpitituludunak ikustean».

Erkidego Autonomoek euren TB publikoa arautzeko eta Lege hau garatzeko eskumena izango dute legearen arabera; hor egon daiteke euskararen alde eragiteko beste eremu bat, Pantailak Euskarazek kaleratu duen komunikatuaren arabera.

Euskal streaming-a, bikoizketa...

«Pantailak Euskarazek askotan errepikatu izan du ikus-entzunezkoena eremu estrategikoa dela hizkuntzaren eta kulturaren garapenerako. Aisialdia pantailei geroz eta lotuago dago, eta hauetan euskararen presentzia hutsaren hurrena izatea eragina izaten ari da euskararen erabileran», gogorazten ekimen honek.

Euskara pantailetan hauspotzeko galdutako aukera izan den arren, «lege honekin ez dela ezer amaitzen», dio. «Euskararen eremuko erakundeek, asko egin dezakete, bere eskumenen baitan, ikus-entzunezkoetan euskarak bizi duen bazterketa egoera iraultzeko», gehitu du.

Esaterako, eta aipatutako puntuen artean, streaming plataformekin zuzeneko negoziazioa aipatzen da: «Netflixekin egin den bezala, euskarazko edukiak txertatu ditzaten. Era berean, diru publikoz egindako azpidazketa eta bikoizketa artxibo guztiak egokitu eta banatzaile eta plataformen esku uztea».

Era berean, euskarazko bikoizketarako dirulaguntza lerroak sortzea plateatzen du eta, bide batez, euskarazko streaming plataforma bat sortzea: «Euskal hiztun komunitatearentzat erreferente izango dena, eta kalitatezko euskal ekoizpenak eta atzerrikoak eskainiko dituena».

Euskal Zinemaren legea onartzea eskatzen da, era berean, «zinemetako programazioan eta hemengo zine jaialdietan hizkuntza ofizialen berdintasuna bermatuko duena, bikoizketa eta azpidatzien bidez (gaur egun emanaldien %2 dira euskaraz)» eta EITBren lehentasuna «euskarazko kateei ematea, eta gaztelerazko kateetan euskara ikusgarri egitea, kirola-kultura-gizarte arloko pertsonaia erreferente euskaldunak eta arnasguneetako herritarrak beti euskaraz agertuz, eta horretarako gaztelerazko azpidatziak erabiliz. Euskarazko fikizioa eta bikoizketa indartzea beharrezkoa da baita ere».

«Legeez gain, Eusko Autonomi Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean, gardentasuna, aniztasuna, ikus-entzunezkoen inguruko legeak eta hizkuntza eskubideak zaindu, bermatu, eta betearaziko dituzten egiturak sortu beharko lirateke: Ikusentzunezkoen Kontseiluak».