INFO

«AMAraun» emanaldia, amatasuna lurrera jaisten

Amatasuna ez da bakarrik arrosa koloreko puxika airean. Amatasuna ez da bakarrik lurretik altxatu ezin den baloi zamatsua. Bi horien tartean kabitzen diren beste amatasun klase guztiak ere badira amatasuna. Oihana Iguaran bertsolariak eta Amaiur Luluaga dantzariak hitzak eta gorputza jarri dizkiote.

Oihana Iguaran eta Amaiur Luluaga. (Andoni CANELLADA | FOKU)

AMAraun” emanaldian hitzez eta gorputzez oihu egiten diote amatasunari. Amaiur Luluaga dantzariak eta Oihana Iguaran bertsolariak botatzen duten garrasiak ez dauka norabide bakarra. Batetik, amei zuzendua da. Izan zaitez ama nahi duzun bezala eta ahal duzun bezala. Inposatutako amatasun estereotipo horretan ez da inor kabitzen, ez zu ez inor.

Bestetik, jendarteari zuzendutako oihua ere bada; aska ditzagun amen lepoetan dauden sokak eta horiekin josi dezagun amarauna, amak denon artean eta ondo zaintzeko. «Lotuta daude bi oihuak, zilegi dela onartzeko zilegiztatu egin behar da amatasun eredu oro. Gu ere oihu egiteko premia batetik abiatu ginen prozesu honetan. Ni, ama izan berri sentitzen nituen premietatik eta, Amaiur, ama izateko sentitzen dituen oztopoetatik», esan du Iguaranek.

Izan ere, Oihana Iguaran eta Amaiur Luluaga elkarren ondoan eseri ziren, elkarrekin zerbait sortzeko-edo. Segituan topatu zuten zeri kantatu, dantzatu, begiratu. Zer astindu. Amatasuna. «Gure elkarrizketa hortik abiatu zela uste dut. Alaba gure amarekin utzita iritsi nintzen bilerara eta Amalurrek ere hori galdetu zidan, zer moduz neraman amatasuna. Apenas ezagutzen genuen elkar eta amatasunaz hasi ginen hizketan», hasi da Iguaran. «Nik amatasunaren inguruko nire kezka agertu nion. Inguruan lagun asko ditut ama izan berri direnak eta nik, dantzaria naizen aldetik, badut kezka hori: ama baldin banaiz, nola jarraituko dut gero dantza proiektuekin», jarraitu du Luluagak.

Zenbat politikari, eliteko kirolari, bertsolari sonatu, puntako dantzari gizonezko, aita diren ere ez dakigunak. «Hori bi ahoko labana da. Alde batera, eliteko kirolarien kasuan, badira erreferente batzuk. Guk emanaldian bertan esaten dugu, egin daiteke edo ez? Eta bagabiltza eredu bila. Aiztoaren alde bat meritu bikoitza da, zailtasunari aurre egin eta buelta emateko gaitasuna. Beste aldea da, hori nabarmentzen denean, zer geratzen den bigarren planoan eta zer beste gauza ez ditugun azpimarratzen. Eliteko kirolarien eta dantzarien kasuan gorputza dago tartean eta hori bada bereizgarri bat emakumeen kasuan, gero gorputz horretatik abiatzen direlako berriz beren jardunean. Baina, txanponaren beste aldea da aiten kasuan gustatuko litzaidakeela zaintzaren kargak dakartzanak normalizatzea, lo falta baldin badaukate esatea, eta aitortza horretatik abiatzea. Lehen lerroan dauden gizonezko horien kasuan askotan ez dakigu ezer haien aitatasunaz, ardura hori ez delako ikusten haiengan eta, kasu askotan, ez delako existitzen», esan du Iguaranek.

Bertsolaritzan ez da hainbeste denbora haurdun dagoen emakume bat plazan bertsotan lehenengoz ikusi denetik. «Nik plazan ikusi dudan lehena Uxue Alberdi izan da. Oso presente izan ditut, eredu bezala, Oihane Perea, Estitxu Arozena eta Ainhoa Agirreazaldegi –Uxuerekin batera denboran–. Baina plazaz plazako jardun aktibo horretan ikusi nuen lehena Uxue Alberdi izan zen, bai triparekin, bai erditu ostean. Eta hori ikusita hasi nintzen pentsatzen akaso posible zela. Ainhoa Agirreazaldegi denboran parean izan zen ama, baina plazako jarduna ez da hain publikoa izan. Baina Ainhoaren ahotsa ere oso presente izan dut atzeko lanketa horretan. Praktikan plazaz plazako jarduna posible dela erakutsi didan lehenengoa Uxue Alberdi izan da. Eta baita Amaia Agirreren kasua ere. Erditu ez arren, zaintzaren ardura horretan kokatu izanak nola eragin dion bere jardunean...».

Bertsoaren plazan haurdun dagoen gorputz bat. Seguru asko maiz izango zen bertsotarako gaia. «Uxuek beti aipatu du berari haurdun zegoela askotan galdetzen ziotela amatasunaz. Baina orduan berak ez zekien ezer amatasunaz. Aldiz, orain, irakurketa oso bat daukanean, ibilbide bat egin duenean eta esperientziatik kantatu dezakeenean, inoiz ez diote galdetzen. Edo bakarrik Alaiarekin edo nirekin dagoenean galdetzen diote. Badirudi amatasunaz kantatzeak ase egiten duela plaza, nekatu-edo, beti gai berarekin ariko bagina bezala».

Amatasunak, emakumeekin lotutako beste gai batzuek bezala, betekada sortuko balu bezala. «Amatasuna, beste hainbat gauza bezala, esparru intimora bideratu da. Zaintzari, orokorrean, ez zaio ez tokirik, ez espaziorik, ez baliabiderik ematen. Orokorrean ez da aitortzen, ez balioztatzen, ez da lan bezala kontsideratzen. Amatasunak tabu asko dauzka. Amatasunetik bistaratu diren irudiak jakinak dira, eredu baten bueltakoak, oso estereotipatuak. Bestetik, gure iruditegian amatasuna idatzi, marraztu, irudikatu, eraiki... gizonezkoek egin dute. Guk emanaldian nahiko garbi geneukan memoria kolektibotik datozkigun oihartzunak –Xalbadorren hitzak, Xabier Leteren sehaska kanta, Laboaren zilbor hestea...– berrirakurri egin behar direla. Oihartzun horiek ekarri, baina beste leku batera eramateko. Zentzu horretan bidelagun izan ditugu literaturan eta beste esparru askotan azken urteotan egin diren lanak. Nik behintzat ahots horiek egarri handiz irakurri ditut», azaldu du Iguaranek.

«Amatasun biologikotik abiatzen dugu emanaldia, gorputzaz hitz egin nahi genuelako. Amaiera aldean amatasun mota desberdinei keinu txiki bat egiten diegu. Amatasun mota bakoitzak emanaldi baterako emango luke eta esan nahi genuen amatasun mota denak hor daudela», gaineratu du Luluagak.

Gorputzaren potentzia eta mina

“Amaraun” emanaldia erditze batekin hasten da. Amaiur Luluagak gorputzarekin zer eta nola kontatzen duen hitzekin deskribatzea zaila da. Ariketa emozional eta fisiko latza, erditzeari askotan ez bezalako garrantzia fisikoa ematen diona. «Honekin guztiarekin hasi baino lehen, erditzearen inguruko beste irudi bat neukan; erietxean, hankak goian... betiko irudia. Oihanarekin asko ikasi dut ibilbide osoan eta beti aipatzen dut Tolosako Emeki zentroko Alazne Apalantza, asko erakutsi didalako erditzeaz. Nola sentitzen den gorputzaren potentzia osoa eta mina, biak batera. Niretzat fisikoki oso gogorra da emanaldian, batzuetan mareatu ere egiten naiz».

Hitza eta gorputza ditu “AMAraun”-ek. Iguaranek hitzak jartzen ditu nagusiki –baita gorputza ere– eta Luluagak gorputza jartzen die hitz horiei, batzuetan builaka eta xuxurlaka beste batzuetan. «Niretzat ariketa fisikoa baino gogorragoa da emozionala, mentala. Hitzekin kontatzen denari gorputza jartzeak buruko ariketa indartsua eskatzen du».

Hitzak, nolako hitzak. Amaren bularrari kantatzetik, bularraren amari kantatzera. Deseraiki eta berriro eraiki, begirada desberdinarekin, fokua tokiz aldatuz. «Gauza batzuk esperientzia pertsonaletik abiatu dira. Esperientziak berak erakusten dizu kontatu dizuten horretan ez dela inor kabitzen. Eta hori bai dela unibertsala. Hor jende askok konektatzen du, nahiz eta esperientzia pertsonala desberdina izan. Baina inork ez du kontatu diguten horrekin konektatzen; nahi eta ezin iritsi bat beti, errua eta sufrimendu handia piztuz. Horiei lekua egitea izan da. Oraindik ez dakit zer naizen ni emanaldi horretan, errealitatea ote naizen, zein ahots ote naizen... Amaiurri gauza oso gordinak agertzen dizkiot eta horien bidez bere gorputza manipulatzen dudanean oso gogorra da niretzako. Aldiz, bularraren ama zaintzen dudanean, oso ondo sentitzen naiz, eta hori da ama guztiei opa diedan tratua. Hori balioan jartzea garrantzitsua zen guretzat», azaldu du Iguaranek.

Sokak ito egin zaitzake edo eutsi, sostengatu, amarauna osatu. «Nik askotan pentsatzen nuen; ama izan ondoren, dantzari bezala jarraitzeko modua izango dut? Orain da momentua ikusi dudana baietz. Oihana ikusi dut, ama izan eta gero ere oholtzan jarraitzen duena eta beste eredu gehiago topatu ditut, emanaldian aipatzen ditugunak. Sare egokia izanez gero, soka horiek sostengatzen bagaituzte, jarraitu dezakegu gure ibilbidearekin. Ama izatea une batean geldialdi bat izan daiteke, eraldatuko zaituen hautu bat, baina ez da bukaera», esan du Luluagak.

«Eta sare hori eraikitzea denon lana izan behar da, ezin da suerte kontua izan. Nik, adibidez, pandemia izan dut tartean ama izan berritan. Alaiak (Martin) eta biok askotan aipatu dugu LABI batzorde horregatik izan ez balitz, igual ezingo genuela ibili oholtzan ibili garen bezala. Oso tristea da batzorde mugatzaile batek egitea kontziliagarri bertso saioen ordutegiak eta amatasuna. Suerte kontua ere bada norberak inguruan duen sarea. Amen lepoan dauden sokak –besteek eta norberak jarriak– askatzea besterik ez da behar. Ez da makrame konplikatua egin behar, sokak askatu besterik ez».

“AMAraun” emanaldiaren une batean epaiketa sozial bat irudikatzen da. Emakumea beti da jendartean epaitua. Ama bada, are zorrotzago. Oihana Iguaranek bere azalean sufritutako batzuk ahots goran esaten ditu eta Amaiur Luluagak gorputza jartzen die. Bertsotara joanda, «non utzi duzu umea?», «lasai etorri al zara?», «ondo egongo al da?», «azkar bueltatu zara plazara, ezta?». Iguarani asko sufritu ote duen galdetuta, «ez dakit horri erantzuten. Baietz uste dut. Gertutik etorri zaidanean edo nire amarauntzat hartzen nuen horretatik etorri zaidanean, sufritu dudala uste dut. Askotan intentzio txarrik gabe egindako galderak dira baina etengabe markatzen dute. Aita izan berri den bati ez zaio hori galdetzen saio batera etortzen denean. Are gehiago niretzat ahalegin handi bat izan denean. Ondo gogoan dut lehenengoz alaba gauez etxean utzi nuenean, artean biberoirik hartzen ez zuela. Egoera horretan joan eta galdera horiek jasotzea...».

Nola irakurtzen da oholtzako emakumea ama izan ondoren? Emakumeak espazio publikoa betetzen duenean, zer aitortzen zaio eta zer ez? Zer onartu eta zer ez? Oholtzan betetzen duen rola mantendu al dezake ama izan ondoren ere? «Niretzat oso erreferente garrantzitsua izan da Ines Osinaga. Berak esaten duenez, ‘Ines Gosek ez zidan balio ama bezala’. Orduan ama bezala berrasmatu egin behar duzu zure burua oholtzan. Amaiurren kasuan, dantzaria izanik, garrantzitsua iruditzen zitzaidan oholtza gaineko hori lantzea, are gehiago gorputzak horrelako garrantzia duenean».

«Niri, ama izan gabe, emanaldiaren parte hori, Oihanak bere azalean sufritu dituen mezuak agertzen dituena, izugarri gogorra egiten zait. Inprobisatuak dira esaldi horiek eta sekulako mina egiten didate. Adibidez, ‘plazan zabiltza umea etxean utzita? Baduzu garaia lan serioago bat topatzeko, desorduetan ibiliko ez zarena’...», gaineratu du Luluagak.

«Esparru publikoan zabiltzanean jendeak ikusi egiten du non zabiltzan eta zer ordutan. Eta adibidez, titiko ume bat daukazunean jendeak ikusi egiten du zure sarea, adibidez, zure bikotea han ondoan. Eta hor etortzen dira beste ohiko aipamen batzuk; zein gizonezko jatorrak, zenbat laguntzen dizuten, sari bat merezi dute... eta txarra da hori zu sentitzen hasten zarenean», jarraitu du Iguaranek.

Amak askotan bere barruan duelako epaile zorrotzena. «Instalatuta daukagu barruan, hardwarea, oinarri-oinarrian. Gogorra da horren aurka egitea eta laguntza behar da; amatasun desereduak eta desamatasun ereduak. Hori da zure sarea, deseraikitzeko laguntza hori behar duzu. Fisikoki eta plazan gertatzen ari denean, mundu guztiak dauka bere iritzia, denean bezala. Oro har espazio publikoan dagoen emakume bati bere gorputzaren inguruko iruzkinak egiten zaizkio, baina gorputz haurdun bat, esparru publikoan egon edo ez, publifikatu egiten da eta edonork edozein komentario egiten du, doan. Horrelakoak beste esparru batzuetan pentsaezinak dira».

Dantza munduan ereduak edo desereduak ba ote daude? «Bitxia da baina urteak eman ditut eredu horien bila eta nire inguruan ama izan diren guztiek dantza egiteari utzi diote. Egia da gaur egun baditudala erreferente batzuk, baina urte dezente kostatu zaie berriz dantzari profesional izatera bueltatzea eta buelta ez da erraza eta azkarra izan. Sare indartsua izan dute inguruan, laguntza asko eta erditze osteko errehabilitazioari denbora asko eskaini diote», esan du Luluagak.

«Eta horri guztiari baliabide publiko falta gehitu behar zaio. Erditze osteko errehabilitazio hori guztia pribatutik egin behar da eta, gainera, sortzaileen lan baldintza prekarioak ere hor daude. Baja horiek norberaren bizkar doaz, lanik ez baduzu egiten ez duzu kobratzen... kasu horretan beste korapilo asko daude tartean».

Ama eta alaba

Amatasunetik abiatu zuten oihua eta alaba bezala bueltatu dira emanaldia jasotzera. «Gure amak eta aurretik izan diren denak aitortu, ikusi eta nire burua berriz irakurri dut alaba bezala. Ama izan ez naizenean nolako alaba izan naizen hausnartu dut. Lanaren geruza handienak ikusi ez dituen alaba izan naiz, lan horrek zituen pisu eta zama asko ikusi ez dituena. Zama eta ardura horiek pertsona baten gain uzteak pribilegiatua izatea ahalbidetu dit. Eraiki ditudan gauza gehienak nire amaren denboraren bizkar eraiki ditudala konturatu naiz», esan du Iguaranek.

«Zenbat denbora eta nolako dedikazioa eskaini diguten gure amek. Izugarria da eta askotan ez gara konturatzen. Gure amak dena utzi zuen guregatik eta dena eman digu. Askotan pentsatzen dut, behin biziko eta parte handi bat guretzako bizi izan da. Hori hautu bat denean, oso ederra da. Baina hautatzeko aukera egon behar da», jarraitu du Luluagak.

“AMAraun” emanaldia amaituta, ikuslea astinduta altxatzen da aulkitik, gainean hausnartzeko lauzpabost galdera eta zalantzak ugari. Iguaran eta Luluaga, aldiz, arinago sumatzen dira, terapia egin duenaren arintasun samurrean. «Gu mugitzen gaitu eta nahiko genuke ikusleak gutxienez zipriztinduta ateratzea. Guk sentitzen dugu ‘AMAraun’ elkarrizketa bat abiatzeko modua dela. Eta etxera joan eta inoiz izan gabeko elkarrizketaren bat pizten badu, gu pozik», amaitu du Iguaranek.

 

IBILBIDEAK

• Oihana Iguaran Barandiaran, Villabona-Amasa. Bertsolaria da eta umetatik dantzan aritua, Oinkari dantza taldean. Plazaz plaza dabil bertsotan, Gipuzkoako eta Euskal Herriko Txapelketako oholtzak ezagutzen ditu. Idazle lanetan aritzen da. Gizarte Komunikazioan doktoregaia da eta kazetaritzako eta gidoigintzako lanak ere egiten ditu.

• Amaiur Luluaga Redondo, Anoeta. Dantzari profesionala eta dantza garaikideko eta balleteko irakaslea. 10 urte darama Haatik konpainian eta hamaika ikuskizunetan parte hartu du, dantzari eta sortzaile bezala. Bartzelonan dantza garaikideko goi mailako ikasketak egin zituen eta formakuntzarekin jarraitzen du, Belgikan, Bartzelonan eta Euskal Herrian. Erresidentzia artistikoak egin ditu Indian, Suitzan eta Euskal Herrian.

Hurrengo emanaldiak:

• Ekainaren 17an, Munitibarren

• Irailaren 23an, Seguran