INFO

Ordu eta erdi denboraldi osoa erabakitzeko

Bigarren maila azken jardunaldira heldu da igoera erabaki gabe. Hiru hautagai daude eta bi txartel besterik ez. Eibarrek abantaila du baina oso estua. Alcorconen (20.00, Gol) irabaziz gero, Lehen Mailara itzuliko da.

Zale armaginak Ipuruan bildu dira gaur arratsaldean Eibar agurtzeko, denboraldiko azken bidaiaren hasiera izatea desiatuz. (SD Eibar)

Bederatzi hilabete eta erdi pasa dira denboraldia hasi zenetik baina Bigarren Maila, igoerari dagokionez, lehiako azken ordu eta erdian erabakiko da. Hiru hautagai daude eta bi txartel besterik ez, igande honetako sari-banaketatik kanpo geratzen denak igoera play-offaren bidez lortzeko aukera izango duen arren.

Aurreko jardunaldian lidertza berreskuratu ondoren, Eibarrek abantaila dauka baina bere aldea oso estua denez –Almeriari gol diferentzia besterik ez dio ateratzen eta Valladolideri bi puntu eskas–, Lehen Mailara itzultzea ziurtatzen dion emaitza bakarra garaipena da. Ez badu irabazten, bere aurkariek egiten dutenaren menpe geratuko da.

Galduz gero, Almeriak Leganesen ere galtzea edo Valladolidek etxean Huescaren kontra gehienez puntu bat lortzea beharko luke. Berdinduz gero, andaluziarrek emaitza bera lortu beharko lukete gehienez eta kasu horretan, bost axola Valladolidek egiten duena: Pachetaren taldeak galduko edo berdinduko balu, atzetik geratuko lizateke eta irabaziz gero, hiru taldeak 81 puntukin berdinduta geratuko lirateke eta, egoera honetan, Valladolid bera eta Eibar igoko lirateke. Berriz, armaginek puntu bakarra eskuratzen badute eta Almeriak irabazten badu, Valladolidek ez luke berdinketa baino emaitza hobeagorik atera beharko, gol diferentzia gaztelakoen aldekoa baita.

Gaizka Garitanok ez du pentsatu ere egin nahi kalkuluetan, probabilitateetan ez eta play-offak emango lukeen azken aukeran ere. «Unea heldu da eta gure esku dago», azpimarratu du entrenatzaile bizkaitarrak, «beste zelaietan zer gertatzen den begiratzeko beharra ez» duela gogoratuz. «Gurean zentratu behar gara, orain arte egin dugun bezela. Gurea ez badugu egiten, ez dut uste besteek huts egingo dutenik. Ez dut denbora galtzen besteetan pentsatzen», esan du.

Irabazi beharreko «finala» da, beraz, «dena jokoan daukagulako partida bakarrean», baina Garitanok «normaltasunez» ekin nahi dio, azken finean «futbol partida bat besterik» ez baita. Eta «horretan pentsatu behar dugu, gure jokoa egiten saiatzen, disfrutatzen eta gainontzekoa ahazten. Presioarekin zailagoa da ondo jokatzea», adierazi du. Ildo horretan, baikor izateko arrazoiak erraz topatu ditu, bai Eibarrek denboraldi osoan egindako lanean, baita aurreko astean Teneriferen aurka egindako partidan ere. Orduan ere «dena geneukan jokoan», eta goi mailako aurkari baten kontra, «eta oso ondo egin genuen», gogoratu du Garitanok.

Bihar aurrean egongo den taldea, zenbakiei jarraituz, dezente apalagoa da. Izan ere, badira bost aste Alcorcon 1. RFEF-era matematikoki jaitsi zela. Baina horrek kendu dion presioaz gain, azken jardunaldietan ematen diren emaitza «arraroen» arriskua gehitu behar zaio, gehiegizko konfiantzaren mamua giltzapean gordetzeko. Madrildarrek aurreko astean jada igoera ospatzen hasita zegoen Almeriari eman zien nahigabea, Juegos del Mediterraneon berdindu eta talde zuri-gorria igoera matematiko barik utziz, abisu ezinhobea da. Garitanorentzat garrantzitsua izango da «ondo hastea eta jokoari erritmo handia sartzea baina prisarik gabe». Alcorconek azken aldi honetan «oso partida onak egin» dituela jakin arren, teknikari armagina kezkatuagoa dago «gu geu ez izatearen» arriskuarekin, «partidaren zailtasunarekin» baino.

Bajak eta zalantzak

Garitanok ez du zabaldu, bestetik, zein jokalari egongo diren Alcorconen. Ostiralean esan zuenez, futbolari pare bat zalantzan daude baina deialdirik ez dagoenez, printzipioz baja bakarrak Javi Muñoz, Sielva eta Franchurenak omen dira.

Teneriferen kontra min hartu zuen Sielvaren lekukoa partida horretan bertan ordezkatu zuen Atienzak hartu dezake. Garitanok, berriz, Exposito atzeratzea erabakitzen badu, Rahmani itzuliko litzateke hamaikakora, Corpasi eta Stoichkov-eri hiruko lerroan lagunduz.

Arbilla ere hamaikakora itzuli daiteke bere lesioa gainditu eta gero. Nafarraren kasuan non jokatuko duen dago zalantzan, Chema maila ona ematen ari denez, Toño izan baitaiteke aulkian geratu daitekeena.

Zelaiaren egoerak, bestalde, zalantzak sortzen ditu. Santo Domingo soropila ez da mailako alfonbrarik berdeena eta Espainiako Federazioak emakukezkoen Kopa bertara eramateko erabaki ulertezina hartu ondoren, lau partida hartuko ditu bost eguneko tartean. Azken biak, igande honetan bertan: 11.30etan Huelvako Sportingek eta Bartzelonak Kopako finala jokatuko dute eta 20.00etan hasiko da Eibarren eta Alcorconen arteko norgehiagoka.

Ehundaka zale armagin Alcorconen

Horrenbesteko joan-etorriekin baliteke zelaian hutsuneren bat egotea. Harmailan, berriz, ez da zementurik ikusiko. Alcorconek Eibarrera bidalitako sarrerak segituan agortu ziren eta gauza bera gertatu zen talde madrildarrak interneten bidez salgai jarri zituenekin. Ez dira gutxi lagunen bidez sarrerak lortu dituzten eibartarrak edota birsalmentara joan direnak.

Bide «ofizialak» jarraitu dituztenen gehienak Eibarrek antolatutako zazpi autobusetan joan dira igandean, jai ahaztezina ospatzeko gogoekin.

Eibar taldearen autobusa larunbat honetan irten da Ipuruatik, bertan egindako azken entrenamenduaren ondoren, eta bertan ere ez dira zaleak falta izan, azken bultzakada bat emanez.

Jardunaldia

Igoera eta play-offa lehian duten taldeek jardunaldiko azken tartean jokatuko dute bihar, 20.00etatik aurrera.

Igoera zuzenari dagokionez, Alcorcon-Eibar (Gol), Leganes-Almeria eta Valladolid-Huesca neurketetan erabakiko da. Play-offa, berriz, Burgos-Girona, Oviedo-Ibiza, Sporting-Las Palmas eta Tenerife-Cartagena partidetan lehiatuko da.