INFO

Gazteen Erronka, jaia modu aktiboan eta osasuntsuan bizitzeko aukera

Pandemia osteko lehen Ibilaldiak “Gazteen Erronka” izeneko ekimena berreskuratu du. Goiz osoan, DBH3 eta DBH4 mailetako 80 ikaslek ikastolen jaia modu aktibo eta osasuntsuan bizitzeko aukera izango dute. Ez dira proba fisikoak izango, eta pazientzia, trebetasuna eta adimena hartuko dira kontuan.

Irudian, 2018an Santurtzin ospatutako Ibilaldian egindako probak. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Gazteen Erronka izeneko ekimenak urte asko daramatza Euskal Herriko ikastolen jaietako egitarauetan. Bi urteko geldialdiaren ostean, proba honek hainbat aldaketa izango ditu, jaiaren beraren beste atal batzuk aldatu diren bezala. Aurten, Bilboko Abusu Ikastolan egingo da, eta bertako zuzendaritza taldeak ere sakon aztertu du gazteen aisialdia. Jaiaz gozatzeko beste modu bat bilatzen saiatu dira eta lortu dute hilabete asko eta gero.

Egitaraua osatzeko momentuan, hausnarketa egin dute eta konturatu dira gazteek jai giroa eta kontzertuak alkoholarekin lotzen dituztela oro har. Horregatik, aurten, ez dira kontzertu handiak izango, nahiz eta etorriko diren taldeak ere ez diren makalak: Kai Nakai, Itziarren Semeak edo Modus Operandi, beste batzuen artean.

Horrekin batera, eta gazteek ikusle gisa ez ezik modu aktiboan parte har dezaten, Ibilaldi honetan hitzordu polita daukate Bizkaiko ikastoletako DBH 3 eta 4. mailetako 80 gaztek. Goizeko 09:30ean elkartuko dira Abusuko ikastolan eta Gazteen Erronka ekimena gauzatuko dute goiz osoan.

Zaloa Aldatz ikastolako gerenteak azaldu duenez, Ibilaldiaren egitaraua antolatzeko orduan, gazteen aisiaren inguruan hausnarketa sakona egin zuten. Hausnarketa horretatik sortu zen gazteentzako ekimen hau, Ibilaldia modu aktibo eta osasuntsuan bizitzeko.

Koldo Prieto irakasleak gaineratu duenez, gazte askok edozein jai ekitaldi –Ibilaldia, Herri Urrats, Kilometroak…–  alkoholarekin lotzen dute. Lekura iritsi, eseri, edan eta kontzertura joaten dira. Egoera horri aurre egin eta jaiaz beste modu batez disfrutatzeko, zerbait pentsatu beharra zegoen. Horrela, kirola, jaia eta euskara batu dituzte Gazte Erronka ekimenean.

Zortzi probaz osatutako ibilbidea

Aurten, ginkana bat izango da eta proba batek emango du beste batera joateko giltza; proba hori gainditzen ez badute, ezin izango dute aurrera egin. Horrek tentsio eta lehiakortasun positiboa ekarriko die gazteei, eta ez da proba fisikoa izango, mentala baizik, non pazientzia, trebetasuna eta adimena hartuko diren kontuan.

Guztira, zortzi probaz osotutako ibilbidea izango du ginkana honek, Ibilaldiko gune guztiak zeharkatuko dituenak. Proba ezberdinak dira, batzuk herri kirolekin lotuak, oso egoera zailetan. Adibidez, bikoteka egiten den lokotx bilketa: bikoteka eta hankak lotuta, lurrean dauden lokotxak bildu beharko dira. Proba horretan, gakoa ez da bakarrik korrika egitea besteek ez irabazteko: bikotekidearekin konpondu behar da dena ondo ateratzeko.

Herri kirolez gain, beste lehia mota batzuk ere izango dira ginkanan: adibidez, matematika. Gazteek eragiketa matematikoak egin beharko dituzte, eta gainera, puzzle bat osatu, lortutako zenbakiekin. Koldo Prietok argi utzi nahi du erronka hau ez duela indartsuenak edo arinenak irabaziko, baizik eta bizkorrenak. Ondo pasatzeko aukera ezinhobea, beraz, pandemia osteko lehenengo Ibilaldian. Euskara, musika, kirola, lehiakortasun sanoa eta disfrutatzeko gogoak bilduko dituen egun polita.