Ibilaldia Abusun: mugetako harriak apurtuz, euskararen herria errotuz
Abusuko ikastola Bilbo eta Arrigorriagaren arteko mugan dago. Eta kondairetan, baita errealitatean ere, mugetan garatzen dira borroka amorratuenak. Abusun 40 urte daramatzate euskaldun aktiboak sortzen; horren lekuko, musukorik gabeko lehen ibilaldiko festa ‘askera’ hurbildu diren milaka lagun.
Autoen trafikorik gabe, itxi egin baita trafikora Bizkaiko ikastolen jaia zela-eta, garraio publikoan eta oinez irits daiteke soilik igandean Abusu auzora. Bilbon geografikoki kokatuta, ibaiak egiten duen meandro antzeko batean, inorena ez den lurra legez irudika daiteke auzo hau: hiriburutik kanpo, Arrigorriagatik gertu, auzo langile baten baitan. Egun, Abusu parkeen magalean bizi da, ordea, zuhaitzen babesean.
Ibaiaren ertz batean altxatzen da eraikin ikusgarri bat, Abusu ikastolaren egoitza nagusia, XVI. mendeko istorio luzez betetako errota bat: El Ponton du izena. Irin fabrika zahar hura, karlisten gerretan kartzela izan zena, 1997tik inguruko haurren ‘gerra txikien’ lekukoa da. Ondoan, Haur Eskola eta Haur Hezkuntza hartzen dituen eraikina dago. Horrek utzitako ‘zuloa’ estaltzeko hartu du igandean aurtengo Bizkaiko ikastolen jaia, Ibilaldia, Abusuko ikastolak. Leloa: ‘Harri, erro, har’.
Istorioak eta parranda
Ikastolako egoitzan hasi da prestaturiko lau kilometroko ibilbidea. Eguerditik aurrera, jendetza. Eguraldia lagun, pandemiaren osteko lehen Ibilaldi handia horixe ari da izaten, handia. Giro paregabea, bai eguraldiarengatik, bai eta Bilbora eta Arrigorriagara iritsi den jendetzaren aldetik ere. Gogotsu ari dira disfrutatzen egun honetarako prestatu den egitarauaz, gune batetik besterako txangoaz, musikaz, dantzaz eta askotariko ikuskizun eta tailerrez.
Nork amestuko zuen 70. hamarkadaren hasieran orain ikastolak 700 ikasle izango zituenik? Maite bertako irakaslea izan da, haur txikiena, eta gogoan du, ondo gainera, nolakoak izan ziren lehen urte haiek. Lokal txiki batetik bestera, egoitza finkorik gabe: La Peñan, gero beste batean... «Auzoan mugimendu handia egon da, eta ikastolan ere egin da lan handia. Txiki-txikia zen ikastola eta begira nolakoa den orain». Nabaritu al da ikastolak egindako euskalduntze lan hori auzoan, ez baita oso auzo euskalduna izan sekula? «Bai, orain hurbildu naiz kaseta batera kamiseta baten bila eta ezagutzen nuen ama batek hitz egin dit euskaraz, eta kanpotarra zen, eta jo eta ke ari zen euskaraz. Eta nik pentsatu dut: ole Abusu, ze ondo!».
Aitanak 17 urte ditu eta bertako ikaslea izan da. «Ni La Peñakoa naiz. 4 urte nituenetik ikastolan ibili naiz eta, bai, nik auzoa euskalduna bezala sentitzen dut, baina egia da erdaraz gehiago entzuten dela euskaraz baino. Ni hasi nintzenean ikastolan ez zegoen txikien egoitza, lehen parking bat zegoen eta toki gehiago izateko egin zuten berria. Orain ikastola super handia da, eta goikoa super polita da». Komunitate sentimendurik al duzu? «Nik nire haurtzaro guztia pasatu dut hemen eta azkenean nire bihotzeko parte bat dago hemen, bai», erantzun du. Poltsan Abusu auzoko jaietako edalontzia darama. Parrandara agian? «Noski». Jaia eta borroka.
Joseba Barandiaran, Abusu ikastolako presidentearekin, ibilbidean egin dugu topo. Eskertuta, egin den lan mardularekin, ikastola «epe motzean hazi egin da bigarren lerroa sartzearekin –dio–. Hori ordaindu egin behar da, horri buelta eman zaio eta gainera demografiak ez du laguntzen. Orain 700 ikasle ditugu, baina hemendik aurrera pixkanaka galtzera joko dugu. Hemen 500 familia daude sartuta, auzokoak asko baina baita ere ingurukoak. Orain 15 urte, hau gogoan hartzekoa da, Bilboko erdiguneak soilik 50 haurrentzako D ereduko eskaintza zuen urtero: orduan hemen daude Zazpi Kaletakoak, Bilbo Zaharra, Abusu, Bolueta, Arrigorriaga, Basauri… ibaiaren inguruko eremukoak».
Jaiotza-tasaren jaitsierak kezkatzen du Barandiaran, baita egoera ekonomikoaren aldarteak ere. «Guk barne beken sistema bat dugu, familia guztiak ez direlako berdinak, ezta jasotzen dituzten laguntzak ere. Hauxe auzo langile bat da, erabat, eta ez da berez auzo euskalduna jatorriz. Gure kezka beti izan da: zu zara atzerritarra, demagun senegaldarra, bi ume dituzu eta nola iritsiko zara ikastolara? Eta barne beken sistemaren gain, bi gurasoak atzerritarrak badira baremoak egiterakoan lehentasuna ematen diegu. Ahalegin bat da, aniztasunean irabazi behar dugulako. Ez da erraza, badirelako publikoa irakurtzeko ideia ertsi batzuk. Ikastola soziedade anonimo bat izateak ez du esan nahi zerbitzu publiko bat ez denik».
Kezkak eta une erabakigarria
Bizkaiko ikastolen jai handia, euskaraz eta euskal kulturaz gozatzeko eta hauek hauspotzeko jaia da, ikastolen jai guztiak bezalaxe. Baina aldarrikatzeko jaiak ere badira guztiak. Gaurko ekitaldian, Ibilaldia Kultur Elkarteko lehendakari Josune Bañalesek, esaterako, bi aldarrikapen egin ditu. Batetik, pandemia garaian euskarak eta euskal kulturak galdu dituzten esparruak berreskuratzera dei egin du. Asteon Soziolinguistika Klusterrak eginiko kale neurketa hizpide hartuta, adierazi du euskararen erabileraren beheranzko joera eten egin dela. Pasa ditugun bi urte gogor hauek aintzat hartuta, «ez da albiste txarra», esan du.
«Baina ikerketa horren beste aldeak erakusten digu euskararen egoerak geldialdian segitzen duela. Ez da atsegina egoera hau. Ikastolak ez ginen sortu euskarak irauteko; euskararen egoera iraultzeko jaio ginen, euskaraz egiteko eta euskaraz eragiteko.
Horretan dihardugu eta horretan jarraituko dugu», azaldu du Ibilaldia Kultur Elkarteko lehendakariak.
Hezkuntza Legea, euskararen erabileraren datu kaxkarrak eta jaiotzen beherakada izan dute hizpide bertaratu diren erakunde eta euskal mugimenduko partaideek. Esaterako, Koldo Tellituk, Ikastolako Elkartearen presidenteak, esan duenez, «bultzada bat eman behar diogu egoerari, zeren maila mantentzea atzera egitea da euskararen ikuspegitik. Serio ipini behar dugu. Hezkuntza legeari begira ere, gure aldetik egin dugun ekarpena, puntu horretan egon da: guk pentsatzen dugu Hezkuntza Lege berri horretan murgiltze ereduarena jasota egon behar duela, izan behar delako abiapuntu nabarmen bat. Une erabakikor batean gaude eta gaur eguneko jaiak ezinbesteko bultzada izan behar du aurrera jarraitzeko».
Paul Bilbaok, Euskalgintza Kontseiluaren idazkari nagusiak, gogorarazi duenez, «gu aspaldian ari gara esaten hizkuntza politikak birpentsatu behar direla, ezin ditugula erantzukizun guztiak komunitatearen esku utzi; alegia, guk behar ditugu: hiztunak, espazioak eta tresnak. Hiru horiek behar ditugu benetan erabilerak gora egingo badu. Hau da, hiztun osoak egiten ez baditugu, alegia, euskaraz eroso jarduten duten hiztunak; ez baditugu euskara erabiltzeko espazioak eta euskaraz hitz egiteko tresnak ez badaude, nekez egingo dugu gora. Horregatik uste dut oraingo inkestak erakusten duela kristalezko sabaiak apurtu egin behar direla, eta komunitatea prest dago apurtzeko: Korrikan ikusi genuen, Herri Urratsen ikusi genuen… hortaz, erakundeei dagokie orain apurtzea».
Egun osoko jaia den arren, heldu den urteari ere begira ari da Ibilaldia, eta jaiari hasiera emateko ekitaldian bertan pasatu dio lekukoa Abusu Ikastolak Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolari. 2023ko Ibilaldia, beraz, Ondarroan.