Eva Lopez de Arroyabe eta Rocio Vitero izango dira EH Bilduren hautagaiak Araban eta Gasteizen
Eva Lopez de Arroyabe eta Rocio Vitero izango dira Arabako ahaldun nagusia eta Gasteizko alkatea izateko EH Bilduren hautagaiak, hurrenez hurren. Bozketak amaitu ondoren, botoen %98,8rekin eta %91rekin berretsiak izan dira hautagaitzak.
Eva Loópez de Arroyabe izango da Arabako Ahaldun Nagusia izateko EH Bilduren hautagaia, barne prozesuan botoen %98,8a eskuratu ondoren. Era berean, Gasteizko alkategaia Rocio Vitero izango da, botoen %91a lortuta.
Erroldaren erdia baino gehiagok parte hartu du maiatzaren 26tik 28ra burutu diren barne bozketan.
Eva Lopez de Arroyabe (Gasteiz, 1973) zuzendaritzako idazkaritzan titulatua da. 2007 eta 2011 artean UAGA eta EHNEko zuzendaritzako kidea izan zen eta EHNEren berdintasun saila zuzendu zuen. Beste bi kiderekin batera UAGAko zuzendaritzan parte hartu zuten lehen emakumeak izan ziren. 2014 eta 2016 artean Gure Soroaren, Arabako Emakume Nekazarien Elkartearen, lehendakariordea izan zen. 2013 eta 2017 artean Larreako Batzar Administratiboko lehendakaria izan zen, kargu hori bete zuen lehen emakumea hain zuzen ere. 2015etik aurrera batzarkide izan da Arabako Batzar Nagusietan eta 2016tik 2020ra Gasteizko Parlamentuko legebiltzarkidea ere izan da.
Rocio Vitero (Gasteiz, 1980), Gizarte Lanean graduatua da eta Bazterkeria, Integrazio eta Herritartasun masterra du. Gizarte politikak gainbegiratzen aditua da eta adinekoen egoitzetan laguntzaile gisa lan egin du; Aterpe udal zentroko arduraduna izan da eta Sidalava elkartea koordinatu eta kudeatu du. Gizarte eta boluntariotza mugimenduetan parte hartu du. 2019az geroztik EH Bilduko zinegotzia da, eta Gizarte Politiketan duen arduraz gain, Ogasun, Sustapen Ekonomikoa eta Merkataritza arloetan buru izan da.
Bizkaia eta Nafarroa
EH Bildu 2023ko udal eta foru hauteskundeetarako hautagaiak aukeratzeko prozesuak osatzen ari da.
Bizkaiko Mahai Politikoak Iker Casanova proposatu du herrialde horretako ahaldun nagusi izateko hautagai. Ekainaren 5ean itxiko da hautagaitza gehiago aurkezteko epea. Datozen asteetan EH Bilduren oinarriek bozkatu egin beharko dute, koalizioaren barne araudian jasotzen den bezala.
Nafarroan Laura Aznal eta Joseba Asiron izango dira Parlamenturako eta Iruñeko Udalerako zerrendaburuak. Barne prozesuan, Aznalek botoen %97,7 jaso zituen eta Asironek % 98,9.