Ibai Azurmendi txirrindulariak lepauztaia hautsi du orkatz batekin talka egin ostean
Euskaltel taldeko txirrindulari Ibai Azurmendik orkatz baten aurka jo du Uitziko jaitsieran entrenatzen ari zela eta honen ondorioz, lepauztaia hautsi du eta gorputz osoan kolpe ugari jaso ditu. Nafarroako Unbertsitate Ospitalera eraman dute helikopteroz.
Ibai Azurmendi txirrindulari profesionala (Euskaltel) zauritu egin da orkatz baten kontra talka egitean. Istripua astearte honetan gertatu da Uitziko portuan entrenatzen ari zela eta helikopteroz eraman behar izan dute Nafarroako Unibertsitate Ospitalera.
Ezbeharra 12:30ean gertatu da, txirrindularia NA-1700 errepidean entrenatzen ari zela, eta Foru Gobernuak jakinarazi du pertsona batek txirrindularia errepidean aurkitu duela eta larrialdi-zerbitzuei ohartarazi diela.
Bertara Leitzako mediku talde bat joan da. Hauek eskatu dute helikoptero medikalizatu bidez eramateko ospitalera. Foruzaingo kideak ere bertaratu dira.
Euskaltel taldetik adierazi dute txirrindularia abiadura handian jaisten ari zela portutik, bat-batean bidean orkatz bat agertu denean. Talka «indartsu samarra» izan dela azaldu dute. «Susto garrantzitsua izan da, kolpe zalapartastua», aitortu dute.
Istripuaren ondorioz, gorputz osoan kolpe ugari jaso ditu eta lepauztaia hautsi du. Asteburu honetan Italiako lasterketa batean lehiatzeko asmoa zuen.
Ibai Azurmendik (#EuskaltelEuskadi) istripua izan du gaur goizean entrenatzen ari zela Uitziko jaitsieran. Hasierako sustoaz gain, lepauztaia hautsi du eta gorputz osoan kolpe ugari jaso ditu.
— Euskaltel Euskadi Team (@euskaltelteam) May 31, 2022
Animo Potro! pic.twitter.com/ywr3612Stt