INFO

Paueko Administrazio Auzitegiak atzera bota du Seaskak aurkezturiko helegitea

Paueko Administrazio Auzitegiak atzera bota du Seaskak azterketak euskaraz egiteko eskubidea bermatzea aldera frantses Hezkuntza Ministerioaren aurka aurkezturiko helegitea.

Seaskako ordezkariek Baionan eginiko okupazioa azterketak euskaraz aldarrikatzeko. (Bob EDME)

Paueko Administrazio Auzitegiak joan zen maiatzaren 23an aztertu zuen, presazko auziaren bidez, heldu den hilabetean Baxoa azterketa eginen duen ikaslegoari ahozko proba euskaraz egiteko eskubidea bermatzeko xede Seaskak aurkeztu zuen helegitea.

Astearte honen arratsaldean auzitegiak jakinarazi duenez, Seaskak aurkezturiko helegitea errefusatua izan da. Seaskako arduradunek baieztatu dutenez, auzitegiak argudio teknikoa eman du helegitea baztertzeko.

Peio Jorajuriak NAIZi emandako azalpenen arabera, Seaskak azterketak euskaraz egitea ahalbidetzen duen hitzarmena betearaztea galdetu zuen presazko auzi horretan.

Izan ere, Hezkuntza erretoreak Seaskako arduradunekin izan zuen elkarrizketa batean bestelako irizpidea finkatu zuenez, zehazki euskara berezitasun bezala hautatu zuten ikasleek bakarrik ahal zutela azterketa hizkuntza horretan egin, «epaileak deliberatu du ahozko proposamen hori erabaki administratiboa bilakatu dela».

Idatzitako hitzarmena eta ahozko agindu horren artean «kontraesan bat dagoela» iradoki du epaitegiak, eta egoera horretan Seaskak beste bide bat hartu behar zuela, zehazki «balio administratiboa duen ahoz adierazitako irizpide horren aurka joaz», adierazi du gaur ezagutzera eman den ebazpenaren bidez.

«Ez dio funtsezko gaiari heldu»

«Bagenekien zaila zela epaile batek Estatuaren aurka egitea», aitortu du Jorajuriak. Era berean, Seaskako lehendakariak agerian jarri du «epaileak ez diola funtsezko gaiari heldu».

Seaskako ordezkariek ondoko asteotan iragarri dute nola erantzunen dioten egoerari. «Finean denok dakigu hau ez dela auzi juridikoa, pedagogikoa edo antolaketari dagokion erabakia, baizik eta erabaki politikoa eta klabe horretan erantzunen dugu».