Tren Maya deritzonaren tarte baten lanak behin betiko etetea agindu du Mexikoko epaile batek
Mexikoko epaile batek Tren Maya deritzon proiektuaren lanak «etengabe etetea» erabaki du Playa del Carmen eta Tulum artean, Karibeko kostaldean. Lopez Obradorrek kritikatu egin du erabakia eta, iragarri duenez, obrak ez dira etengo.
Mexikoko justiziak baieztatu duenez, Tren Maya izeneko proiektu publikoaren lanak bertan behera geratu dira Playa del Carmen eta Tulum artean, Karibeko kostaldean, Cancunetik hegoaldera. Apirilean agindu zuen Yucatango epaitegi batek lanak behin-behinean gelditzea, eta orain 60 kilometroko tarte horretako lanak «etengabe etetea» erabaki du epaile federal batek, ingurumena defendatzen duten urpekari eta espeleologo talde batek aurkeztutako errekurtsoa onartuz.
Basoak, kobazuloak eta zenoteak, balio arkeologiko handiko ur gezadun lurpeko putzuak babesten dituen DMAS elkarteak adierazi duenez, epaileak uste du Mexikoko agintariek ez zituztela errespetatu obren aurreko ingurumen eragina ebaluatzeko prozedurak
«Zuhurtasun printzipioa» oinarri hartuta, justiziaren ustez «berehalako arriskua» dago, eta lanak «atzera bueltarik ez duen kaltea» eragin dezake.
Mexikoko agintariek Ingurumeneko Idazkaritzaren eta Turismoa Sustatzeko Funts Nazionalaren (Fonatur) bidez helegitea aurkeztu diezaiokete epailearen erabakiari.
Lopez Obradorren erantzuna
Dena den, Mexikoko presidentea den Andres Manuel Lopez Obradorrek astearte honetan ziurtatu duenez, proiektuaren obra ez da etengo.
«Nolanahi ere, legea beteko dugu eta ezin izango gaituzte geldiarazi, ez dira interes partikularrak gailenduko, ez dira interes orokorraren, jendearen interesaren, herriaren, nazioaren gainetik egongo», adierazi du agintariak goizeko prentsaurrekoan.
Agintari mexikarrak tren honen aurka dauden taldeak gogor kritikatu dituela gogoratu beharra dago, Estatu Batuen edo haren aurkarien soldatapean daudela adieraziz.
«Tren Maya-ren aurka dauden ingurumenaren defendatzaileak faltsuak dira, ez dira benetakoak», nabarmendu zuen apirilaren amaieran, eta egun batzuk geroago Alstom-Bombardier lantegia bisitatu zuen. Iragarri zuenez, enpresak 42 konboi egingo ditu proiektu turistikoa aurrera eramateko.
Lopez Obradorren esanetan, Tren Maya delakoak Yucatango penintsularen garapena ahalbidetuko du. Baina turismoaren sustapenak ez du pobreziarekin amaitu. Izan ere, herritarren ia erdia pobrezian bizi da Quintana Roo estatuan, nazioarteko turismoaren erakusleiho distiratsuen atzean (Cancun, Playa del Carmen, Tulum).