INFO

Abortuaren aurkako protesten aurrean herritarrak txalotu eta erakundeen jarrera gaitzetsi dute

Donotiako hiru talde feministak abortuak praktikatzen dituzten kliniken aurka azkenaldian izan diren mobilizazioen aurrean herritarrek izan duten jarrera txalotu dute baina erakundeen jarrerarekin kezka adierazi dute eta Udala zein Lakuako Gobernuari horrelako ekimenak ez onartzeko eskatu diete.

Amara eta Groseko talde feministen eta Plazandreok taldearen prentsaurrekoa. (NAIZ)

Amarako talde feministak, Groseko talde feministak eta Plazandreok taldeak agerraldia egin zuten atzo Donostian, azken hilabeteotan abortuak egiten dituzten kliniken aurrean abortuaren aurkakoek egin dituzten protesten harira.

Gogora ekarri zutenez, «ia bi hilabete daramagu gatazka larrian hiriko gune honetan, baina urteak daramatzagu emakumeok eta Askabide klinikak jazarpena jasaten» abortuaren aurka daudenengandik. «Errezatzearen aitzakiapean, giza eskubideen murrizketak aldarrikatzen ari dira, legez kontra eta inpunitate osoz, hemen eta beste hainbat tokitan», salatu zuten.

Hala, hilabetero abortuak praktikatzen dituzten klinika ginekologikoen aurrean bukatzen diren protestak deitzen ari direla gaitzetsi zuten, Valentzian edo Madrilen, esaterako, eta deialdi horien atzean eskuin muturra dagoela ohartarazi.

Euskal Herrira itzulita, txalotu egin zuten Gipuzkon herritarrek «gogor» egin dietela mobilizazio hauei; «horregatik ez dute beste deialdirik egin gure hirian». Hala, herritarrak zoriondu zituzten eta adi jarraitzeko deia egin zieten, «ez baitakigu noiz saiatuko diren berriro gure kaleetara itzultzen».

Talde hauen ustez herritarren jarrera «eredugarria» izaten ari bada ere, kezka adierazi dute egoerarekin, «deitzaileek erabateko inpunitatearekin jokatzen baitute, erakundeen inolako eragozpenik gabe».

Hori dela eta, Donostiako Udalari eta Lakuako Gobernuari hainbat galdera egin zizkieten: «Noiz arte jarraituko duzue emakumeon oinarrizko eskubideak urratzen dituzten ekimen hauek onartzen eta baimentzen? Zein izango da zuen jarrera hemendik aurrera? Horrelakoetarako baimenak ematen jarraituko duzue? Herritarron esku uzten jarraituko duzue geure oinarrizko eskubideen defentsa, orain arte bezala?».

Joan zen apiriletik abortuak egiten dituzten kliniken aurrean mobilizatzea edo abortatzen duten emakumeak jazartzea debekatuta dagola gogoratu eta «herritarrok ez genuke egunero kalera atera behar geure oinarrizko eskubideak defendatzera» aldarrikatu zuten.

«Indarrean dagoen legediak nahikoa berme izan beharko luke horrelako ‘prozesio’ eta manifestazioak gure kaleetan ez ikusteko. Abortua emakume guztion oinarrizko eskubidea da, eta erakundeak herritarren oinarrizko eskubideak babesteko daude, beste ezeren gainetik», amaitu zuten.