INFO

Arte eszenikoak sarituko ditu Durangoko Azokaren Sormen bekak

Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak sortzaile berriei zuzendutako Sormen bekaren deialdi berria aurkeztu dute; dagoeneko bosgarrena. Deialdi berrian, arte eszenikoetako pieza laburren proposamen bat sarituko da. Bekaren zenbatekoa: 15.000 euro. 2023an, Szenatokiko eskaintza nagusia izango da.

Ezker-eskuin, Julian Rios, Durangoko alkate-ordea; Nerea Mujika, Gerediaga elkarteko lehendakaria eta Ima Garrastatxu alkatea, osteguneko aurkezpenean. (DURANGOKO UDALA)

Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak bosgarren urtez abian jarri duten Durangoko Azokaren baitako Sormen beka aurkeztu dute ostegunean. Egitasmoaren helburua euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera ematea da.

2022an, arte eszenikoen arloko pieza laburreko proiektu proposamen bat sarituko da. Beraz, antzerki, zirku, dantza, performance, magia… diziplinetako proiektuak edo beste kultur diziplina batekin uztartutako proiektuak aintzat hartuko direla azpimarratu dute.

Sortzaile berriaren definiziorako, aurkezten duen proiektua zirkuitu profesionalean bere lehen edo bigarren lana izatea hartuko da kontuan. Durangoko Azokako Szenatokia guneak 2019ko edizioan, euskarazko arte eszenikoen pieza laburren egitaraua eskaini zuen. Hurrengo edizioetan formatua errepikatzea izan zen asmoa, baina pandemia egoerara egokitu beharrak ez zuen egingarri egin.

Szenatokiko eskaintza nagusia izatea da deialdi berriaren helburua. Aurreko lau edizioetan, literatura, musika, ikus-entzunezko eta proiektu digitalak saritu dira. Hain zuzen re, 2018an, ATOPIArpg euskarazko rol jokoa (literatura); 2019an, Kai Nakai. Iratxe Agileraren lehenengo lana (musika); 2020an, ‘Bañolet’, lau ataletako telesaila (ikus-entzunezkoa) eta 2021an, ‘Barraka’ bideo-jokoa (57. Durangoko Azokan estreinatuko dena) saritu zituzten.

Bekaren oinarriak, informazio gehigarria eta formularioak honako esteka honetan dago eskuragarri: www.durangokoazoka.eus

Beka sortzaile berriei bideratuta dago, hau da, aurkezten den proiektua zirkuitu profesionalean bere lehen edo bigarren lana behar du izan. 18 urtetik gorakoei dago zuzenduta eta bekaren zenbatekoa, 15.000 euro.