INFO

La Passem, okzitanieraren aldeko «Korrika», Ahurtitik sartu da Euskal Herrian

Iragan astean Ar Radadeg bretoieraren aldeko lasterketan euskaldunen presentzia nabaritu zen. Gaur ostegunean, berriz, La Passem, okzitanieraren aldeko «Korrika»n parte hartu dute, besteak beste, AEKko ordezkariek.

 

Korrikaren koordinatzaile Ihitz Olidenek hartu du lekukoa Ahurtin. (Bob EDME)

Ostegun honetan hasi eta igandean amaituko den La Passem, okzitanieraren aldeko «Korrika», euskal lurraldean sartu da arratsalde honetan.

14.00etan abiatu da lasterketa Landetako Sent Martin de Senhans herritik eta bi ordu beranduago Euskal Herrira heldu da.

15.50ak aldera harrera beroa egin diote Ahurtin, handik Bidaxunera eta geroago Gixunera abiatu den lasterketari. Ahurtin AEKko ordezkariek parte hartu dute lasterketan. Zehazki Ihitz Oliden Korrikaren koordinatzaileak eraman du lekukoa.

Antton Curutcharry Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak Gixunen hartu du lekukoa, Bidaxuneko lurraldeko poloko erreferentea den Muriel Houetekin batera.

Izan ere, Euskal Elkargoak La Passemen 27. kilometroa erosi du aurtengo edizioan.

Frantziar hauteskunde legegileetako EH Baiko hautagaiek ere parte hartu dute lasterketan. Hain zuzen bosgarren hautes-barrutiko hautagai den Mathilde Haryk hartu du lekukoa Gixunen.

Lau egun eta hiru gauez gelditu gabe lasterka aritu ondoren ekainaren 5ean Pauen bukatuko da 600 kilometroko ibilbidea egin ondotik 2022ko La Passem lasterketa.

'Lenga nosta' ezagutu eta partekatzeko gonbidapena

Ligams elkarteak iragan otsailaren 21ean aurkeztu zuen Pauen La Passem lasterketa solidarioa.

Daniel Barneix Ligamseko kideak azaldu zuenez, «jende guztiak ‘lenga nosta’ (gure hizkuntza)» ezagutu eta partekatzeko ekitaldia da La Passem.

La Passemen egiten den kilometro bakoitza 100 euroren truke eros daiteke. Aurtengo ekimenaren bidez 60.000 euro lortzeko asmoa dute, hizkuntza gaskoia -okzitaniera- zaindu eta transmititzeko.

Hitzordu horretan 200 boluntariok parte hartuko dutela jakitera eman dute antolatzaileek.

La Passem 170 herritatik igaroko da eta lehen egunean Euskal Herriko hainbat herri zeharkatuko ditu.

Lapurdi gaindi ibili ondoren Baxe Nafarroako lurraldean Akamarre, Erango, Burgue-Erreiti, Bastida eta Ozaraine-Erribareita artean ibiliko da ondoko eguneetan lasterketa, Biarnoarekin mugan beste herri batzuetatik pasatzearekin batera.

2018an egin zen La Passemen lehen edizioa eta estreinaldi hartan Bidaxunetik abiatu zen. Jean Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak eraman zuen lekukoa lasterketaren lehen metroetan.

2020an egin behar zen bigarren edizioa, Angelutik Pauera, baina pandemiak bertsio birtual bat egitera behartu zituen antolatzaileak.