Joao Pinto portugaldarra fitxatu du Anaitasunak
Anaitasuna Joao Pinto portugaldarrarekin indartuko da datorren denboraldiari begira. Alboko jokalariak Huescan jokatu du azken lau urteetan eta klub iruindarrak iragarri duen hirugarren fitxaketa da. «Denetik apur bat baina batez ere, eskarmentua» emateko iritsi da talde iruindarrera.
Xabi Castro eta Julen Elustondoren fitxaketak iragarri ostean, Joao Pintorena ezagutarazi du ostegun honetan Anaitasunak. Alboko portugaldarri «denetik apur bat baina batez ere, eskarmentua» ematera dator talde iruindarrera. Aurretik, lau denboralditan Huescan jokatu du eta Asobal ligara iritsi aurretik bere errialdeko Lisboako Sporting eta Bragako Sporting-en eman zituen urteak.
33 urteko lehen lerroko jokalaria «pozik» agertu da Anaitasunara iristeagatik, bere ibilbidean «urrats bat aurrera» eman duelakoan dago, «historia handiko kluba baita».
«Nire motibazioa izango da taldeak aurreikusten dituen helburu horiek lortzeko bidean ahalik eta gehien laguntzea», azaldu du portugaldarrak.
Esperientzia irabaziko du Anaitasunak, Asobal ligan 64 partida jokatutakoa eta 186 gol sartutakoa baita Pinto. «Anaitasunarengandik daukadan iritzia da oso klub profesionala dela, konpromiso handia erakusten duen jendearekin inguratua, lan asko egiten dena eta urtero oso talde lehiakorrak eratzen dituena», zintzotu da.
Klubeko kirol zuzendari Carlos Garciak, bestalde, adierazi du Huescan «oso maila ona eman duela azken lau urtetan eta are lehiakorragoak izaten lagunduko» diela iritzi du.