‘Euskararen Errepublika’ bilakatu dute Ziburun ospatzen ari den euskal liburu eta disko azoka
Euskal Liburu eta Disko Azokaren 3. edizio arrakastatsua ospatzen ari da Ziburun. Antolatzaileek ‘Euskararen Errepublika’ izendatu duten ekitaldi kulturalera, Euskal Herri osotik hurbildu dira artistak eta bisitari euskaltzaleak.
Ziburuko plazan ezarrita dagoen karpara sartzen denari ‘Euskararen Errepublikara’ ongi etorria ematen zaio, baina hitz idatziak baino gehiago dira horiek, antolatzaile eta artisten ahotan ere baitaude larunbata honetan Baltsan elkarteak eta Argia aldizkariak antolatuta ospatzen ari den Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 3. edizioan.
Goizean egin den irekiera ekitaldira hurbildu direnei ‘Errepublikara’ ongi etorria opatu diete antolatzailek. Miren Artetxek ere, Igor Elortzarekin batera, eta Axpi eta ZaldiEroarekin partekatu duten Zirriborroka emanaldiari bukaera emateko ‘Errepublikan’ gozatzera gonbidatu ditu ikusleak.
Azokara lau liburu eraman dituen Joseba Aurkenerena idazleak urrunago begiratu du, eta argiki erran du belaunaldi berriei pentsatuz, «sinisten dut gure herrian eta gure mintzairan, mende honetan sortuko dela Euskal Errepublika independentea».
Idazleak eta musikariak
Idazle anitz izan dira presente Lapurdi kostaldeko herrian. Haien liburuak aurkezten egon dira Asel Luzarraga, Lizar Begoña, ZaldiEroa, Koldo Izagirre, Garluk, Daniel Fano, Idoia Santamaria Urkaregi itzultzailea, Garbiñe Larrea eta Jokin Urain.
Berritasunekin heldu dira horiek, baina aspaldi argitaratutakoak eskuratzeko aukera ederra ere eskaintzen du azokak, eta horiek idatzi, margotu, abestu, musikatu, itzuli, argitaratu... dituztenekin biltzeko eta mintzatzeko ere bai. Handik ibili dira besteak beste, Arantxa Urretabizkaia, Asisko Urmeneta, Thierry Biscary, Koldo Izagirre, Hartzea Lopez Arana, Luzien Etxezaharreta, Amaiur Epher, Su ta Garreko Xabi Bastida...
Aurten musikariak erakartzeko lan berezia egin dutela azaldu du Ladix Lanouguere Arrosagarai Baltsan elkarteko kideak: «Zuzeneko harremanak hartu ditugu, autoekoizleekin eta diskoetxeekin, eta polita da zeren eta aurten hamar dira. Denak elkarrekin eman ditugu, horrela ikusgarritasun gehiago bada, bestela pixka bat galduak ziren liburuen artean».
Sekula joan ez ziren argitaletxeak hurbildu dira 3. edizio honetara: «33 dira, lehen edizioarekin konparatuta, bikoitza da. Ikusten da finkatzen ari dela, eta espero dugu hurrengo urteetan pixkanaka handituz joanen dela. Baina ez gehiegi ere, denak laguntzaileak gara musu-truk ari gara, 30 lagun arituko gara lanean». Aldi berean, euskalgintza eta gaur egun baitaezpadakoak diren euskararen aldeko eragileak horrela sortu zirela ekarri du gogora.
Azokaren «giza» neurria azpimarratu du Lanouguere Arrosagaraik, tamaina txiki horrek artista eta bisitarien arteko harremanak laguntzen dituela gaineratu du, horrekin batera jendeari hori baliatzera deitu du: «Hori zen helburua».
Giro ederra
‘Errepublika’ girotsuan, liburuen eta diskoen ondoan, eta lagunduz, aurkezpenak, mahai-inguruak umorezko saioak edo haurrentzako ikusgarria izan dira. Azken hau, Maddi Zubeldia idazle eta musikariak Bernadette Lurorekin antzeztu duen ‘Ama-lurrak pausa behar du’ izan da, Ziburuko ikastola eta eskolekin batera Azokaren egunari begira sortutako txotxongilo emanaldia.
«Iaz abiatu genuen proiektua herriko hezkuntza zentroei kantu bat ikas zezaten emanez, arrakastatsua izan zen, beraz aurten ere errepikatu dugu» baieztatu du Zubeldiak. Larunbata honetako emanaldiak ere arrakasta bildu duela esan daiteke, Iturri Zaharrean ezarritako eszenatokira hurbildu diren hamarnaka pertsonen txalo beroek agerian utzi duten bezala.
Jende andana bildu da ere Zirriborrokara, non beste gaien artean 3. edizio honetan omendua izan den Janbattitt Dirassar kazetaria eta idazlea izan duten mintzagai eta irudigai.
Goizean, irekitzearekin egin diote omenaldia, eta hor ere giro polita izan da familiakideak, lagunak, ezagunak, euskaltzaleak bilduta, horretarako egokituta zegoen karpa txiki utzi dutelarik.
Janbattitt Dirassar idazle eta kazetariari omenaldia eskaini diote Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokan txalo beroen artean @naiz_info @ZAntxeta pic.twitter.com/BAf5oWGQAY
— Idoia Eraso (@idoia_eraso) June 4, 2022
Janbattitt Dirassarri omenaldia
Maddalen Tapia antolatzaileak bere ibilbidea gogora ekarri ondoren, Zubeldiak egindako oroigarri bat eman dio, non Bernat Etxeparek euskaraz idatzitako lehen liburuko hitzak agertzen diren: «Berce gendec uste çuten. Ecin scriba çayteyen».
Omenduak hartu du hitza, eta bere bizitzaren zehar saihetsezina izan den euskararen aldeko borrokari buruzko oroitzapenak eta gogoetak partekatu ditu. Horien artean nabarmendu du, frantsesezko hitz bat «anti», maltzurkeriaz esaten omen zena «anti-basque» errateko.
Eskolan euskaraz hitz egitea nola debekatzen zioten ekarri du gogora hazpandarrak, eta eskolara sartzean «zaharra» nola esaten zuten, eta irakasleak haserre hori euskara zela esaten bazuen Afrikako basamortua zela nola esaten zioten. Irri batzuk ekarri ditu horrek, ez hainbeste ondoren kontatu duena, non Hazparnen egoera zaila bazen Amikuze aldean haurren gurasoei ere mehatxuak nola igortzen zizkieten.
Ondoren Dirassarrek Epherrekin batera solasaldia partekatu dute, eta etorkizunari begirako iritziak eman dituzte, bertan ‘zaharrak’ gazteei dei egin die suharrarekin euskara defendatzeko. ‘Gazteak’ bere aldetik, literaturaren funtzioa nabarmendu du «euskara indartzeko edo salbatzeko». Gaineratu du: «Oraindik hemengo egoera aski ahula da, geroak erranen du nola egonkortzen den, mugaren bi aldeetan egoera soziolinguistikoak biziki ezberdinak dira».
Borobilduz omenduak bota du: «Denok behar dugu aitzina segitu, eta gazteek elkarlanari buruz egin behar dute, elkar lagunduz eta irekiz, beharrezkoa baita».