INFO

Ibaeta Basketek Ivana Raca Serbiako hegaleko internazionala fitxatu du

Pasa den denboraldian 12 puntu sartu ditu batez beste Italian Racak. Bestetik, Itziar Ariztimuñok beste urtebetez jokatuko du Lointek Gernika Bizkaian. Kutxabank Araskiri dagokionez, Leia Donguek ez du Gasteizen jarraituko eta aurrekontua %20 inguru murriztuko omen zaio talde arabarrari.

Ivana Raca, IDK Euskotrenen azken fitxaketa. (@IBAETA BASKET)

Endesa Ligari dagokionez, ostegun betea izan dute hiru euskal taldeek. Ibaeta Basketek, adibidez, IDK Euskotren indartzeko Ivana Raca jokalari serbiarra fitxatu du, 2022/23 denboraldiari begira egiten duen hirugarren fitxaketa, Natalia Rodriguez eta Nicole Cardaño-Hillaryren ostean. Aurrez, berriz, Yurena Diaz, Ane Esnal, Maria España, Cristina Soriano eta Marian Coulibalyri kontratua luzatu die Carmen Muguruzak bulegoetatik zuzentzen duen klubak.

22 urte ditu jokalari serbiarrak eta bere 1,88 metroetakin, hegaleko zein hegal-pibot postuan jokatu lezake. Endesa Ligan ez du eskarmenturik, aurrez NCAAn eta Italian jokatu baitu. Sehaskatik datorkio Racari saskibaloiarekiko grina, gurasoak ere saskibaloi jokalari profesionalak izan omen ziren-eta. Ivana Racak, bestalde, Serbiako selekzio nagusiarekin debuta egin du.

Hala, Wake Forest unibertsitate entzutetsuan egin zuen bere formakuntza lana eta WNBAren 2021eko draftean hirugarren errondan, 28. postuan aukeratu zuten.

Saskibaloi profesionalari dagokionez, iaz izan zuen estreinako urtea, Italiako Legako Allianz Geas Sesto San Giovanni taldean debuta egin zuen eta batez beste 12,4 puntu 5,6 errebote eta 2 asistetzia lortu zituen.

Ariztimuño, beste urtebete Gernikan

Lointek Gernika Bizkaiak, berriz, Itziar Ariztimuñok beste urtebez bizkaitarrekin jarraituko duela adierazi du prentsa ohar baten bitartez. Aurrez Paula Ginzo, Belen Arrojo eta Angie Bjorklund galdu eta gero, asteon Roso Buchek eta Gaby Meskonytek bizkaitarrekin jarraituko dutela konfirmatu du eta ostegun honetan, berriz, Ariztimuño antolatzaile bilbotarraren txanda izan da.

Aurten, Ariztimuñok 2,7 puntu, 1,4 errebote eta 2,5 asistentzia eskuratu ditu bataz beste jokatu dituen 15.33 minutuetan, inoizko bere markarik onena Gernikan. Alabaina, aurreneko itzuliaren amaieran Leganesen aurka hatz bat hautsi zuen antolatzaile bizkaitarrak eta harrez gero ez du oraindik jokatzerik izan. Gauzak garbi esanda, min handia eman dio talde gernikarrari Ariztimuñoren faltak, taldea gidatzeko eta defentsa lanetan oso trebea baita 24 urteko bilbotarra.

«Pozik nago nire eskua pixkana-pixkana hobetzen ari delako eta jokatzeko gogotsu nago. Orain arte ezkerrez jardun dut entrenatzen, baina hasi naiz eskuinarekin ere baloiari boteak ematen, horregatik sendagileari, prestatzaile fisikoari eta fisioari ere eskerrak eman nahi nizkioke», adierazi du Itziar Ariztimuñok talde bizkaitarrak igorri duen oharrean.

«Taldearekin gozatzea eta lehiaketa guztietan ahalik eta aurreren iristea da gure helburua, eta nire helburu pertsonala, berriz, nire jokoan aurrerapauso gehiago ematea da, baina batez ere kantxa barruan zein kanpoan nire bertsiorik onena eskaintzea izan behar da», gaineratu du antolatzaile bilbotarrak.

Leia Dongue badoa

Kutxabank Araskik azken urteetako patrozinatzaile berbera izango du datorren denboraldian ere, baina Iratxe Rodriguez presidenteak aditzera eman duenez, taldearen «aurrekontua %20 inguru murriztuko da». Hala ere, ziur azaldu da gasteiztarrek «talde lehiakorra osatuko» dutela.

Fitxaketarik egiten hasi aurretik, baina, lekua utzi behar da eta Leia Dongue Mozanbikeko hegal-pibotari agur esan dio Araskik. Pasa den denboraldian iritsi zen arabarren artera, aurrez Gernikan ere jokatzea zer zen bazekien jokalariak. Made Urietaren aginduetara talde gasteiztarrak denboraldi eskasa egin badu, Leia Donguek lan aparta egin du: 14,5 puntu, 6,4 errebotes eta 2,1 asistentzia.

Hau da, Ligako Fase Erregularreko zazpigarren saskiratzailerik onena izan da eta hamargarren erreboteatzaile onena. Horrez gain, Araskiren historiako hamar saskiratzailerik onenen artean kokatu da Leia Dongue, orotara 435 puntu sartuta gasteiztarren elastikoarekin.