INFO

«Familia eta lagunarteko jai eguna» bizi asmoz, Araba Euskarazen egitaraua aurkeztu dute

Argantzungo ikastolak behar duen Lehen Hezkuntzako eraikinera bideratuko dira aurtengo Araba Euskaraz jaiko etekinak. Ekainaren 19an, Olarizun, egitarau zabala prestatu dute.

Araba Euskaraz eguneko egitaraua aurkeztu dute. (Araba Euskaraz)

Duela 41 urte, lehenbiziko Araba Euskaraz, Gasteizen, Olarizun, antolatu zuten. Eta bertara itzuliko da, hurrengo asteburuan, 42. edizioa. «Zortzi ikastola gara Araban, Ikastolen Elkartearen baitan bildurik. Zortziak bat egin dugu, Argantzun ikastolaren alde. Trebiñu baitugu zortzigarren kuadrilla, Trebiñu baitugu zortzigarren alaba», adierazi dute gaurko aurkezpenean.

Arabako zortzi ikastoletan txikiena da Argantzun ikastola. «Euskara ofiziala ez den eremuan, Arabaren bihotzean baina Araba ofizialetik kanpo, hamaika eragozpeni aurre egin behar izan dio. Baina, egun, trebiñuar familia askoren hautua da euren seme-alabei hezkuntza euskaldun eta eraldatzailea eskaintzeko», nabarmendu dute.

Urteotan, «ezinbestekoa» izan duten «ikastolaren komunitatearen konpromisoa» azpimarratu dute, baita «Euskal Herriko Ikastolen elkartasuna, eta baita herritarrena ere». 2016an, eta 2019an Sagastietara eraman zuten Lehen Hezkuntza, alokairuan hartutako eraikin batean. Orain bertan eraikina egiteko erabiliko da aurtengo jaiak emango dituen etekinak.

«Famila eta lagunarte giroan ospatzeko jaia» izatea nahi dute, «euskara belarrietan eta ahoan dugula ospatu nahi dugu, euskal kulturari eta euskarari eskaini nahi diegu Gasteizko txoko eder eta paregabe hau».

Egunari berari dagokionez, 10:00etan abiatuko da Araba Euskaraz jaia. Olarizuko Etxaldean egingo dituzte hasiera ekitaldia eta honen osteko omenaldi sorta, zeintzuetan «auzolana eta elkarlana» izango diren protagonista. Ordutik aurrera, Olarizu parkean prestatu dituzten hiru guneetan egun osoko egitaraua izango da, 11:00etatik eta 19:00ak bitarte.

Haritza gunean, Arte eszenikoak izango dira Armentia ikastolaren eskutik, Ene Kantak ikuskizuna, Perli eta Koxkoloren Bidaia liluragarria, Zunba eta ‘Zortzi alaba kantari’ abestiaren koreografia eta Goazen!-en emanaldia. Gune horretan, Eroskiren elikadura eskola, Euskaltelen txirrindularitza pista eta puzgarriak ere egongo dira.

Pagoa gunean, berriz, Euskal Dantzen Topaketa izango da, Algara dantza plaza, Erabatera taldearen emanaldia, Alea-ren ‘Patata minak’ antzezlana eta Kai Nakai-ren emanaldia. Goizean DBH eta LHko ikasleentzako Erronka eta Haurren Basoa ere bertan izango dira, eta egun osoan zehar tonbola, Araba Euskaraz denda eta Puntu Morea bertan kokatuta egongo dira, eta paella ere eskainiko da.

Ametza gunean, azkenik, bertso saioa izango da eta talde hauen kontzertuak: Intxixu, Keu Agirretxea, Sukasuan eta Oxabi. ‘Elikagaien taupadak’ ikuskizunaren bost emanaldi ere izango dira gune horretako Kaiku agertokian, eta Eusko Label gunea ere bertan kokatuko da, atun pintxoekin.