INFO

Taxi proiektu pilotu batek Tolosaldeko herriak lotuko ditu eskaeraren arabera

Mugi txartelaren erabiltzaileentzako proiektu pilotu batek Tolosaldeko herriak lotuko ditu eskaeraren araberako taxi zerbitzu baten bidez. Uztailean jarriko da martxan, 09.00etatik 19.00etara, astelehenetik ostiralera.

Rafaela Romero Mugikortasuneko diputatuak aurkeztu du proiektu berria. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Rafaela Romero Gipuzkoako Mugikortasuneko diputatuak gaur goizean Berrobin aurkeztu du Tolosalderako eskariaren araberako taxi zerbitzu berri bat, Lurraldebusen zerbitzuak osatuko dituena.

Proiektu pilotu hau uztailaren 1ean jarriko da martxan, hilabeterako, eta epe horren ondoren emaitzak aztertuko dira. Helburua da Lurraldebusen TO25E (Alegia – Altzo); TO24E (Orendain – Alegia); TO26E (Baliarrain – Alegia) eta TO02 (Tolosa – Ibarra – Berrobi – Elduain – Berastegi) lineak erabiltzen dituztenen mugikortasuna hobetzea.

Eskariaren araberako garraio zerbitzu berria emango da astelehenetik ostiralera, 09.00etatik 19.00etara, eta aipatutako lineen ibilbideetan mugitu behar duten pertsonek eskatu ahal izango dute, hala behar dutenean.

Eskaeraren araberako zerbitzu hau ordubeteko aurrerapenarekin eskatu beharko da Lurraldebusen bezeroaren arretarako doako telefonoan, (900 30 03 40) eta ibilbidea MUGI txartelaren bidez ordainduko da; hartara, txartelaren erabiltzaileek soilik baliatu ahal izango dute zerbitzu osagarri hau.

TO02 lineari dagokionez –Tolosa eta Berastegi lotzen ditu, Ibarra, Berrobi eta Elduaindik pasata–, udako ohiko zerbitzuak mantenduko dira. Hartara, proiektu pilotuak beteko ditu zerbitzu erregular horrek betetzen ez dituen ordutegiak. Hala bada, Berastegitik 15.00etan zerbitzu bat eskatzen duen erabiltzaile bat bideratuko da programatutako zerbitzu erregularrera; aldiz, zerbitzua 16.00etan eskatzen duen erabiltzaileari berariazko zerbitzua emango zaio, proiektu pilotu honen baitan.

Mugikortasuneko diputatuak adierazi du egitasmoaren helburua dela garraio publikoko zerbitzuak indartzea garraio publikoak herri handietan baino maiztasun txikiagoa duen eremuetan, zerbitzurik gabeko orduetan.

«Gipuzkoako biztanleriaren zati handi bat landa guneetan bizi da eta ingurune horietan mugitzeko autoa behar da, eta horrelako proiektuekin gure garraio sistema eta eskaintzen dituen onura guztiak hurbiltzen dizkiegu herritarrei», adierazi du.