Alkain, Alavesekin hiru urterako kontratua sinatu ostean: «Jauzia emateko prest nago»
Xeber Alkainek Alavesen jokatuko du datorren denboraldian eta aurkezpenean onartu du harrobiko talde batetik «talde handi batera jauzia emateko prest» dagoela. Hiru urterako hitzarmena sinatu du Hondarribiako futbolariak.
Xeber Alkain «prest» ikusten da harrobiko talde batetik Alaves bezalako «talde handi batera jauzia emateko». Hala, «ilusioz eta lanean hasteko gogotsu» azaldu da bere aurkezpen prentsaurrekoan, Gasteizko Baskonia-Alaves Store dendan.
Bigarren Mailan esperientzia hartu du Hondarribiako jokalariak, Realeko B taldearekin aritu baita zilarrezko mailan. Era berean, onartu du arantzatxoa daukala talde txuri urdinean ez jarraitzeagatik. Nolanahi ere, «motibatuta» dago etapa berri bat hasteko. Iritzi du Alaves sailkapeneko «goialdean» ibiliko dela, nahiz eta jakitun den asko borrokatu beharko dutela.
«Gaztetasunetik, gogotik eta umiltasunetik» egingo du «lan» eta adierazi du, horien bitartez, «golak egin eta gol paseak eman» baditzake, zoragarria izango dela baina hori ez dela lehentasuna. Taldeari begira egin nahi du lan eta talde teknikoak eskatzen diona emateko prest dagoela ziurtatu du.
Hondarribiarraren ustez, Bigarren Mailan puntuak batzeko gakoetako bat «etxean eta bi aereetan indartsuak» izatea da. «Gero, entrenamenduak daude, eguneroko lana eta guztiok norabide berean lan egitea», gehitu du.
Bere jokatzeko moduari buruz galdetuta, azaldu du hegaletatik jokatzea gogoko duela baina, era berean, «eroso» sentitzen dela barneko jokoan. «Desmarkeen bitartez eta bigarren lerrotik oso ondo iristen naiz jokaldiak bukatzeko», zehaztu eta gogoratu du entrenatzaileak esaten dion hori betetzeko prestutasun osoa izango duela.
Bestalde, Alaveseko kirol zuzendari Sergio Fernandez «pozik» agertu da Xeber Alkainen aurkezpenean, «negoziaketetan lehiakortasun handia egon baita». «Eskaintza asko zituen eta gureganako apostua egin izanak esan nahi du oinarrizko ezaugarrietan sendo agertu garela, eta galduta geneukan hori berreskuratzeko bidean gaudela», azaldu du.
«Bigarren Mailan erakutsi du zertarako gai den eta oxala datozen jokalariek ere Xeberren bezainbesteko gogoa erakusten duten», nabarmendu du Fernandezek.