Gaubekak eta Del Riok uste baino errazago irabazi dute Bizkaiko Pala Irekiaren finala (3-0)
Esteban Gaubeka beteranoa izan da laukoteko onena eta gorriak 10-7, 10-5 eta 10-6 nagusitu dira. Asier Del Rio atzelari gazteak ere primeran lagundu dio armintzarrari. Ibai Perez, aldiz, ahul ibili da.
Esteban Gaubeka eta Asier Del Rio dira Bizkaiko Irekiaren txapeldun berriak, finalean Beñat Ibarguren eta Ibai Perez uste baino errazago menderatu ostean. Gorriak 3-0 nagusitu dira: 10-7, 10-5 eta 10-6.
Bikote bakoitzean nahiko argi zegoen nork eraman beharra zeukan jokoaren pisua: gorrietan Gaubeka beteranoak jokoa aurrera eraman beharra zeukan, eta urdinen artean berriz Ibai Perezek izan behar zuen atzean bere legea ezarri behar zuena. Eta lehia hori gorrien aldera erori da nabarmen.
Hasiera-hasieratik Esteban Gaubeka asko sartu da jokoan, txispa handiarekin dago armintzarra, eta kolore guztietako tantoak egin ditu –10 guztira–, batez ere orma-bikoari txinpartak ateraz. Gainera, Asier Del Rio gazteak ederki lagundu dio bizkartzain lanetan eta pilota oso gutxi galdu ditu –4 bakarrik–, defentsan asko ikasten ari dela erakutsiz.
Bikote urdinean, aldiz, Ibai Perez normalean baino maila apalagoan ibili da –7 galdutako– eta defentsan erraztasun handiegiak eman dizkie aurkariei. Aurrean Beñat Ibarguren saiatu da jokoaren norabidea aldatzen, baina ez du lortu bere helburua.
Azkenean, 46 minutu eta 398 pilotakada nahikoak izan dituzte Gaubekak eta Del Riok garaipena lortzeko.
«Ikusgarri jokatu dugu. Asierrek bikain dominatu du atzean eta aukera asko sortu dizkit aurrean errematerako. Ni txisparekin nabil, finalerdietan ere oso pozik amaitu nuen eta gaur ere gustura amaitu dut egindako lanarekin. Argi geneukan Beñati pilota kendu behar geniola eta egia da Ibai normalean baino ahulxeago aritu dela», adierazi du final amaieran Armintzako “oilarrak”.
Lehiaketa honetako laugarren txapela du aurrelari bizkaitar beteranoak, iaz Gordonekin lortu zuenari jarraipena emanez eta hiru dituen Pablo Fusto atzean utziz garaipen zerrendan. Asier Del Rioren kasuan, profesional mailan janzten duen lehen txapela izan da gaurkoa.