INFO

‘Bi mundu’, Elkanoren mundubiran inspiratutako abestia aurkeztu du Xabi Solanok

Xabi Solano musikariaren ‘Bi mundu’ kanta berriaren aurkezpena egin dute ostiral honetan Donostia Itsas Museoan. Elkano Fundazioaren gonbidapenari erantzunez, lehen mundubira du inspirazio iturri eta aniztasunari abesten dio.


Datorren irailean 500 urte beteko dira Juan Sebastian Elkanok aurreneko mundubira osatu zuenetik. Hiru urte lehenago Sevillatik abiatu zen espedizioa, Fernando Magallanes buru. Itsasoratu ziren 238 marineletatik 18 baino ez ziren bizirik iritsi, tartean 4 euskal herritar eta getariarra kapitain lanetan.

Azken hiru urteetan zehar, Elkano Fundazioak jarduera ezberdinak jarri ditu martxan –ikerketak, ikastaroak, hitzaldiak, dokumentalak…– bidaia honi buruzko ezagutza sortu eta zabaltzeko.

Testuinguru horretan, Xabi Solano musikariarekin harremanetan jarri ziren, eta proposamen bat egin zioten: kulturen elkartrukean, aniztasunean eta ezberdinen arteko topaketan oinarritutako abesti bat konposatzea eta interpretatzea. Lankidetza horren emaitza da ‘Bi mundu’ abestia, ostiral honetan Donostiako Itsas Museoan aurkeztu dena.

Solanoz gain, Ion Irurzun, Elkano Fundazioko zuzendariak, eta Irene Larraza, Etxepare Institutuko zuzendariak ekitaldi honetan hartu dute parte.

Musika dibulgaziorako eta sozializaziorako tresnarik onena dela azpimarratu du Irurzunek, are gehiago gazteenengana iristeko.

«Uste dugu gure burua ezagutarazteko eta besteak ezagutzeko era interesgarriena dela kultura, eta horretan, gure sortzaileak direla enbaxadorerik onenak. Gaur aurkeztutako abestia horren lekuko da, bi mundu, edo mundu gehiago, bakarrera ekartzen baititu, musikaren bitartez», adierazi du bere aldetik Larrazak.

Cabo Verde

Abestiaren hitza Jon Garmendia ‘Txuriya’-k idatzi du. «Euskarak munduari bira eman zion marinelen ahotsetan, eta ideia hori izan da ‘amua’. Zumaian nengoen egun batean, itsaso ondoan, eta doinu bat etorri zitzaidan burura. Txuriyari deitu nion eta hortik hasi ginen lanean», argitu du Solanok.

‘Bi mundu’ abestiak itsasoa eta lurra elkartzen ditu. Musikari hernaniarrak esan duenez, abesti honen helburua hasieratik izan da euskal kultura birkokatzeko balioko duten beste ahots eta kontakizun batzuk bilatzea, bai eta beste instrumentu eta kultura batzuk ere. Asmo horrekin Cabo Verdera bidaiatu zen, mundubira amaitu aurretik Elkanok azken geldialdia egin zuen tokira.

Bertako artistekin lan egiteko aukera izan du, hala nola Tressarekin –kreolez abesten duena–, Solangerekin –portugesez– edo cimboako azkeneko interprete Pascoal Fernendezekin (cimboa dortoka baten oskolaz egindako sokazko instrumentua da). Ferrinhoak eta cavaquinhoak instrumentu tradizionalak leku bat daukate ere doinuan.

Euskal Herriko musikariek ere lagundu dute –Arkaitz Miner, Txus Aranburu, Ander San Jose, Iñigo Egia, Aitor Zabaleta eta Moonshine Wago taldea, besteak beste–, eta amaierako nahasketa Rafa Sardina ekoizlearen estudioan egin da, Los Angelesen.  

Hurrengo proiektua bideoklipa grabatzea izango da. Abestia zuzenean entzuteko lehen aukera igande honetan izango da, Xabi Solanok Aiako Andatza auzoko jaietan eskainiko duen kontzertuan.