INFO

Oztopoak oztopo, indarrak batu eta fronte komunak eraikitzeko deia

Nicolas Blainek, Arnaldo Otegik, Mitxel Lakuntzak, Pambis Kyritsisek eta Isdalis Rodriguezek, besteak beste, parte hartu dute LABek antolatutako Biltzar Nagusiaren azken saioan. Zailtasunak zailtasun, eragile ezberdinen arteko akordio orokor baten beharra azpimarratu dute guztiek.

Arnaldo Otegi, LABen Biltzar Nagusiaren aurrean hizlari. (EH Bildu)

LABen X. Biltzar Nagusiko azken eguna gosariarekin hasi da ostiral honetan Biarrizko Irati Erakustazokan. Kafea hartu eta 500dik gorako ordezkariek azken aretora gerturatu dira hizlari ezberdinak entzuteko. Nicolas Blain (EH Bai), Arnaldo Otegi (EH Bildu), Mitxel Lakuntza eta Pambis Kyritsis (Munduko Sindikatuen Federazioko idazkari nagusia) eta Lucy Rodriguez (Kanarietako intersindikala), besteak beste, parte hartu dute LAB sindikatuak antolatutako Biltzar Nagusiaren azken saioan.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak ostegun honetan azken urteotako «aukera galduak» izan zituen hizpide, eta ez zituen ezkutatu beste eragileekin izandako talkak eta gehiengo sindikala indartzeko aliantzak lortzeko ezintasunak, bereiziki ELArekin. Ostiral honetan ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak bi sindikatuak «bide ezberdinetatik» doazela onartu du LABeko militantziaren aurrean, baina «bidea» konpartitzeko deia egin du ere. Lakuntza hasi baino lehen, ordea, hainbat ordezkari aretotik atera dira eta bere hitzartzea amaitzean berriz sartu dira Irati Erakustazokan.

Halaz guztiz, ELAko idazkariaren hitzetan, prekarietatea, soldata arrakala edo euskara dira bi sindikatuek partekatzen dituzten kezkak, eta independentista izatea konpartitzen duten «izaera». Hala ere, «aliantza estrategiko» baten falta nabarmendu du. Hala, ELAren kongresuan lau trantsiziotan bolkatzea erabaki zutela gogoratu du: soziala, ekologista, demokratikoa eta feminista. Zentzu horretan, bide horretan bidelagun izateko gonbita egin die LABeko ordezkariei.

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzaren hitzartzea. (ELA)

«Fronte komuna eta minimoen akordioak». Horiek izan dira Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak mahai gainean jarri dituen «errezetak» munduak egun bizi dituen «ez ohiko garaiei» aurre egiteko. Otegiren iritziz, «yankien soziologiak asmatutako klase ertaina» proletarizazio fase batean dago, eta jendartea beldurraren menpe denean autoritarismoari ateak irekitzen zaizkiola ohartarazi du.

Pobretze masibo eta olatu erreakzionarioaren aurrean, proiektu independentista da Euskal Herriko langileriari komeni zaion proiektua Otegiren esanetan, eta Europa mailan gehien hazten den ezkerra «ezker subiranista» dela nabarmendu du.

Ildo horretan, Nicolas Blain EH Baiko Ipar Euskal Herriko koodinatzaile nagusiak egungo erronkei aurre egiteko «eskumen gehiagoren falta» azpimarratu du. Izan ere, presoen afera, aldaketa klimatikoa eta beriziki etxebizitzaren garestitzeari buruzko gogoetan banan banan aipatu ditu Blainek ondorio orokor batera iristeko: «Indarraz bilduz gauza handiak egiteko gai gara». Azkenik, txalo zaparrada jaso dute Seaskako irakasle, ikasle eta gurasoek.

Nazioarteko babesak

Ondoren, hiru emakume igo dira oholtzara. Manal Shqair, New Unions eko kide palestinarra  Aminetou Mohamed UGT sariokoa, eta Lucy Rodriguez, Kanarietako intersindikaleko kidea. Shhqairrek minutu bateko isilunea bat eskatuz hasi du bere hitzartzea. Izan ere, Israelgo Ejertzitoak eragindako erasoetan hil egin diren palestinarrak gogoratu ditu.

Mohamedek Saharako hiru milioi erbesteratuak gogoratu ditu, eta beriziki Argeliako kampamentuetan dauden saharar emakumeak. Hala, Gobernu espainarrak Mendebaldeko Sahararekiko duen jarrera berria salatu du.

Rodriguezek LABeko nazioarteko emakumeen taldeak hautatuko hizlaria izan da. Lehenbiziko aldiz, talde honek nazioarteko batzarrak antolatu ditu eta Kanarietatko intersindikaleko kideak organo honen papera goraipatu du: «Prozesu sozioindikaletan emakumeen parte-hartze aktiboaren alde lan egiten jarraitzearen garrantzia partekatu nahi dugu. Izan ere, erakunde sindikalak botere-harremanek zeharkatzen dituzte eta parte hartzea ez da beti erraza izan».

Munduko Sindikatuen Federazioko idazkari nagusi den Pambis Kyritsisek, bideo bidez, mundu osoko 133 herrialdeetan 105 milioi militanteen izenean agur bero bat bidali du, eta, bizi dugun garai honetan, katpitalismoaren krisiak eta pandemiak ezberdintasun sozial eta demokratikoen sakontzeak ekarri dutela nabarmendu du. Zentzu horretan, herri guztien independentzia eta burujabetza errespetatzea exijitu du.