Sara Hebe eta Soziedad Alkoholika izango dira Gasteizko Txosnetako kartelburuak
Gasteizko Txosnek abuztuaren 4tik 9ra ospatuko diren Andre Mari Zuriaren festetarako kontzertuak eta egitaraua aurkeztu dituzte. Sara Hebe eta Soziedad Alkoholika izango dira kontzertuetako kartelburuak.
Abuztuaren 4tik 9ra Gasteizen ospatuko diren Andre Maria Zuriaren festek badute programazioa. Hiriburu arabarreko txosnek ostiral goiz honetan aurkeztu dute hilabete hauetan zehar prestatu duten egitaraua. Hori horrela, Sara Hebe, Soziedad Alkoholika, Ibilbedi, Willis Drumond, Vulk, Zetak, Tremenda Jauria, Brigade Loco eta Rotten XIII taldeak igoko dira oholtzara.
Aurten, 2019an bezala, txosnak EHUren campusean kokatuko dituzte eta, orotara, Gasteizko Txosnak, zortzi txosna, hiru karpa, lau agertoki, «txosnisari» bat eta 38 talderen etxea izango da sei egunez.
Abuztuaren 4an, ostegunean, Zeledoni ongietorria emateko, 20.30ean Kutxitik txosnagunera kalejira bat egongo da Broken Brothers Brass Band taldearen eskutik. Jarraian, 21.30ean txosnen inaugurazio ekitaldia egin eta txosnisaria banatuko dira. 22.00etan kontzertuen txanda iritsiko da eta Ibilbedi, Vulk, Willis Drummond eta Aiaraldeko soinu sistemak girotuko dute gaua, ordena horretan.
Abuztuaren 5a, ostirala, elkartasun gaua izango da. 15.00etan ekingo diote festari landatxoko kiroldegian antolatu duten herri bazkariarekin. Ostean, 20.00etan, kontzentrazio bat egingo da Andre Mari Zuriaren plazan, eta honen ostean kalejira baten konpainiaz bueltatuko dira bertaratutakoak txosnagunera. Kontzertuei lekukoa pasa aurretik, 21.00etan, elkartasun eguneko ekitaldia egingo dute eszenatokian. Gero, Nhil, Tremenda Jauria, Sara Hebe eta DJ Pezon izango dira protagonistak.
Abuztuaren 6a, larunbata, ikasle eguna izango da, eta ikasle bazkariaz gain jolasaldi bat ere egingo dute. Zetalau, Garilak 26 eta DJ Malandroren kontzertuak 22.00etan hasiko dira, baina 00.00etan geldialdi bat egingo dute ikasle eguneko ekitaldiari tokia uzteko.
Abuztuaren 7a, igandea, gazte eguna izango da eta antolatutako lehen ekimena bazkaria izango da beste behin. 22.00etan Tatxers, Brigade Loco, Rotten XIII eta DJ Skarolo igoko dira oholtzara. Hala ere, 23.30ean oholtza gazteei utziko diete gazte eguneko ekitaldia egin dezaten.
Hurrengo egunean, abuztuaren 8an, astelehenean, ume zein gazteentzako programazio zabala egongo da. 12.00etan Irrien Lagunek ikuskizuna eskainiko dute Alde Zaharrean eta 16.00etan Txan Magoak txundituko ditu etxeko txikienak. Gauean, ostera, Sua, Soziedad Alkoholika, DJ Bihotza, DJ Villatek eta DJ Sudok jarriko diote doinua gauari.
Jaien azken egunean, abuztuaren 9an, Herenegun, Zetak, Dupla, DJ Ordezkagune eta DJ Dantzetan Jarrai izango dira Andre Mari Zuriaren festei azken agurra emango dioten musikariak.