KAE 1 eta ETE Ligak, arrauneko distiraren itzalean, asteburu honetan hasiko dira lanean
Igande eguerdian hasiko da San Pedron arraunaren «zilarrezko» kategoria bai gizonezko zein emakumeentzat. Gipuzkoarrak dira gehiengo eta faborito, baina maila galdu berri duten Zarautz eta Hondarribia baino hautagai gehiago daude elitera joateko, batez ere datorren urteko Euskotren Ligari begira.
Eusko Label Ligak eta Euskotren Ligak fokorik distiratsuenak bereganatzen dituzte arraun munduan, bai behintzat Kontxako banderaren oihartzunak iritsi bitartean. Alabaina, arraunaren kategoria gorena martxan jartzeko bi aste falta direlarik, KAE 1 eta ETE Liga emakumeei dagokioenez hastear daude. Pasai San Pedron igande eguerdian hasiko dira: 11.30etan ETE Ligako joko ditu denboraldiko aurreneko paladak, I. Hernaniko Banderarekin eta 12.15etan, berriz, Kepa Deun Arrantzaleen Kofradia XXII. Ikurrina jokatuko da.
Itzaletatik argira joan beharreko bide horretan lan luzea egitea egokituko zaie partehartzaileei, abuztuaren 27 (Colindres) eta 28an (Erandio) play-offak jokatu bitartean.
Tiran eta Zarauzko "Enbatak" galdu zuten pasa den udan Eusko Label Ligako lekua, Kaikuko "Bizkaitarra" eta Getariaren mesedetan. KAE 1 Ligako 12 parte hartzaileen artean dauden izenei begiratu bat emateak nolabaiteko ezustea sortarazten du, 2022ko udan zilarrezko kategoria honetan arraunaren elitean nor izan diren bat eta bi baino gehiago aurki ditzakegulako: hala nola San Pedro, San Juan edo Castro, eta baita Eusko Label Ligatik lantzean behin buelta bat ematea zer den badakiten Zumaia, Pedreña, Arkote eta Zarautz.
Jaitsi berria izatera, Zarautz har liteke faborito nagusitzat, baina egia da aurreneko estropada jokatu artean nekez aurreratu litekeela ezer askorik. «Ondorioak ateratzeko garaiak geroago etorriko dira. Denboraldi-aurreko estropadetan talde guztiek aldaketa ezberdinak egiten dituzte, proba bat baino gehiago...», onartu du zarauztarren entrenatzaile Asier Puertasek.
Horren harira, begiratu baino ez da egin behar pasa den asteburuko Gipuzkoako Txapelketako emaitzetara. Hondarribiako estropada eremuko emaitzen arabera, San Pedro izan zen, KAE 1 Ligan parte hartu behar duten traineruen artean, denborarik onenaren egilea. Moreek zortzi segundo sartu zizkioten Pasai Donibaneri eta "Enbata", berriz, sanpedrotarrengandik 20 segundora geratu zen.
«Denetik izan dugu denboraldi-aurrean. Mutrikun oso ondo aritu ginen; Lekeition, hor nonbait; Gipuzkoako Txapelketan, berriz, ez ginen gustora geratu. Baina hauek guztiak denboraldi-aurreko estropadak dira, eta denboraldia hasi aurretik gauzak findu nahian aritzen gara guztiok ere, ahalik eta ondoen hasteko», berretsi du Puertasek.
Beste behin, Gipuzkoako traineruek osatzen dute KAE 1 Ligako gehiengoa. Zarautz, Zumaia, San Pedro, San Juan eta Orio zein Hondarribiaren B ontziak. Bizkaiak, berriz, hiru ordezkari izango ditu: Busturialdea litzateke apalena, teorian bederen, eta Arkote eta Deustuko "Tomatera" dira beste bi ordezkariak. Kantabriako txalupak ere hiru izango dira, gaur baino egun hobeak ezagututa hiruak ere: Castro, Pedreña eta Camargo.
Bizkaiko Txapelketari dagokionez Arkote izan zen KAE 1 Ligako taldeen artean azkarrena. Lekeitioko estropada eremuak ez zuen bakerik eman eta horren ondorioz alde ikaragarriak zabaldu ziren, inondik ere. Hala, Busturialdea Arkoterengandik 35 segundora helmugaratu zen, baina Deustukoen lana ez zen txukunagoa izan, minutu bat baino gehiago galdu baitzuten Arkoterekiko.
Ondoriozta liteke Gipuzkoako taldeak direla elitera itzultzeko faborito? Bai, ziurrenik, baina beti ere denboraldia oso luze joango dela jakinean. Hala ere, 14 proba aitaren batean pasako dira eta erregulartasuna aurreneko momentutik bilatuko da.
Emakumeak, etapa berri baten bezperan
ETE Ligan aritzea aurten nolabait esatearren elitera urratsa emateko puntuan egotea da. Datorren urteaz geroztik, Euskotren Ligan lau parte-hartzaile izan beharrean, zortzi izango ditu, horietatik bi Galiziako Ligakoak hitzarmen berri honen arabera, aurreneko hiru urteetarako.
ETE Ligan ere, KAE 1 Ligan gertatzen den antzera, garai batean Euskotren Ligan distira egin duten taldeak ikusi dezakegu, Zumaia esaterako, nahiz eta maila honetan estreinako paladak Hondarribiak emango dituen aurten, azken urteetan play-offetan maila salbatu eta gero, pasa den udan ezinean geratu baitzen Tolosaldearen mesedetan.
Alabaina, Gipuzkoako Txapelketan ikusitakoari so eginez gero, Hibaika aurretik geratu zen "Ama Guadalupekoa" baino. Beraz, badirudi Hondarribiako «bikingoei» kosta behar zaiela ETE Ligan nondik datozen eta zein diren erakustea.
Bestalde, Ondarroa maila honetan ez dirudi atzean ibiliko direnik. Ondarroako ontziak, batez ere, itsaso bizia baldin badago, zeresanik izango duela dirudi, Bizkaiko Txapelketan Liga honetako kide duen Portugaleteri eman zion egurra aintzat hartuta batik bat, bi minututik gorako aldea atera baitzion.
Castroko taldea da Euskal Herritik kanpoko traineru bakarra ETE Liga honetan, eta Bizkaiak Ondarroa eta Portugaleteko "Jarrillera" aterako ditu Gipuzkoako «armadaren» aurrean: Hondarribia, Hibaika, Hernani, Zumaia eta Zarautz.
Galiziako ontziekin batera Euskotren Ligan izateko Kantabrian, Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin banatueiko 15 probetan hartu beharko dute parte, play-offez gain. Azken denboraldietan bistan geratu baita, nahiz eta oraindik aldeak nabarmenak diren talde gutxi batzuren alde, emakumeen arraunak goranzko bidean jarraitzen duela eta 2023tik aurrera Euskotren Ligak indarra har dezan aurtengo ETE Ligan inoizko garrantziarik handiena izango duela. San Pedron hasiko da ikusten emakumeen arraunaren etorkizuna.