Unai Lasok Zierbenan estreinatuko du gerriko gorria, Bizkaia Torneoko Baikoren finalerdian
Astelehenean enpresako ordezkariekin bilduko da Bizkarreta-Gerendaingoa bere kontratoa bere egungo estatusaren mailara jartzeko.
Merezitako oporrez Grezian ondo baino hobeto gozatu ostean, Unai Lasori iritsi zaio txapeldunaren gerriko eta elastiko gorria estreinatzeko garaia. Zierbenan egingo du, Sollube taldeko partaide gisa, Bizkaia torneoko finalerdietan binaka jokatuko baitu, Ander Imazekin batera, Urrutikoetxea eta Buruz Burukoan botilero izan zuen Jon Mariezkurrenaren aurka. Asier Agirre arituko da gorriekin lau eta erdian eta Bakaikoa buruz buru; Anboto taldean, berriz, Peña II.ak jokatuko du kaiolan eta Jon Alberdik kantxa osoan.
Entrenamendu pare bat eginda, sasoiko ikusten du bere burua Bizkarreta-Gerendiainekoak eta onartu du kantxara gorriz lehen aldiz irtete horrek oso berezia egingo duela Zierbenako jaialdia. Gauza on ugari adierazten ditu urte osoan zehar gorriz jokatzeak, baina zama ere izan ohi da askorentzat txapeldun bezala jardun behar izatea. Hori bai, horrek ez du beldurtzen Laso: «Badakit presioa ekartzen duela, baina sari handia da eta ez dut uste presio bereziarekin aritu behar dudanik; gustura aritu behar dut, itzuli nintzenetik aritu naizen bezala. Hori da kanpoan egon nintzenean ikasi nuena, partida bakoitza, kantxan nagoen une bakoitza gozatzen saiatu behar dudala, edozein unetan amaitu baitaiteke».
Kontratu berria
Gaurko zita pasata, konpromisoz beteriko uda baten aurretik, astelehenean enpresarekin Bilbon biltzekoa da Unai Laso kontratu berriaren inguruan aritzeko. Azken urte ikaragarria egin du eta bere mailaren araberako soldata irabazi du.