Gasteizek txapelik gabe utzi du bosgarren finala jarraian galdu duen Laudio
Kadeteetan Palacios-Ormazabal bikoak erraz irabazi die Reinaldo-Manterolak osatutakoari (22-8) eta gainerako partidak espero bezala joan direnez, hiriburukoak eraman dute Arabako Herriartekoa, nagusien mailakoan ere irabazita.
Ezina ekinez egiten omen da, baina Laudio aldean harrobiarekin egindako lan onak saririk gabe jarraitzen du eta beste urtebete itxaron beharko dute aiaraldekoek euren eskuzko lehen txapela eskuratzeko ametsa gauzatzeko. Bostgarren finala zuten gaurkoa jarraian Laudiokoek eta gaurkoan ere ihes egin die garaipenak, Gasteizen aurka 2-1 galduta.
Finala azken partidan, nagusienean erabaki da, eta David Uribe eta Aitor Markaidak eman diote Gasteizi txapelak eman dizkien puntua, Axular Alonso eta Asier Pagazaurtunduari 22-7 irabazita, baina esan daiteke finalaren giltza lehen partidan egon dela, kadeteenean, hor ikusten baitziren estuen gauzak, aurretiaz behintzat, jubenil mailakoak, Laudioren alde, eta nagusien mailakoak, babazorroen aldera, oso argiak ziruditen eta.
Baina egia esateko, lehen partida hau ere uste baino lehenago hautsi da eta finalak, hortaz, emozio gutxi izan du, gutxiegi aukeran. David Palacios aurrelari gasteiztarraren indarrak erabaki du lehen lehia hau, Ormazabal seguru batek lagunduta, ordu batzuk lehenago Euskadiko txapeldun izan den aurrelariak aukerarik ez die eman Koldo Reinaldo eta Inhar Manterolari (22-8).
Eskuza, bikain
Hasieran Xabier Ruizek eta Aitor Alavak partidari eutsiko ziotela ematen bazuen ere, jubeniletako partidan Laudioko ordezkariak aise nagusitu dira. Asperen interesa piztu duen Arkaitz Escuza Euskal Herrian erreferentzia nagusienetako bat da adin hauetan eta partidaren aginte makila berea izan da une oro eta Asier Sanchezekin batera 22-9 nagusitu dira.
Eta gauzak horrela, finala azken partidan erabaki da, nahiz eta, hasieran esan bezala, gauzak nahikoa argi zeuden ordurako. Zerbait handia jazo behar zen Xabier Agirrek eta Aitor Markaidak euren partida ez irabazteko eta ez da halakorik eman. Saiatu diren arren, Axular Alonsok eta Asier Pagazaurtunduak ezer gutxi egin ahal izan dute hiriburukoen sendotasunaren aurka eta babazorroak erraztasunez, 22-7 irabazi diete.