Antolatzaileen faltan, ideia argiagoak izan dituelako irabazi du Real Madrilek ACB Liga
Edy Tavares izendatu zuten Finaleko MVPa, baina Causeur, Deck edo Hangak nahiko garaipen garbia eman diote Chus Mateok eta Pablo Lasok eraman duten taldeari. Bartzelonak, Kopa irabazi arren aurten, kluba asebete gabe amaitu du denboraldia.
«Hustuta amaitu dugu denboraldia», onartu du Fabien Causeur Real Madrileko eskoltak astelehen honetan Real Madrilek Estatu espainoleko hiriburuko udaletxean jaso duen omenaldia eta gero.
Lau neurketaren ondoren, 1-3 irabazi dio Chus Mateo eta Pablo Lasok gidaturiko taldeak. Bihotzekoa jasan etga gero, entrenatzaile gasteiztarrak ez du Real Madrilen aulkian jartzeko baimenik izan, baina beroketa saioetan lagundu du eta horrez gain, laugarren partida ikusten izan zen WIZink Center pabilioian. Orokorrean entrenatzaileek sari banaketetan ez ohi dute protagonismo handirik izan, baina igandean Sergi Llullek arabarrari eman zion ACB Ligako txapeldunaren garaikurra, azken honek, bere jokalari garaian egin ohi zuen moduan, ospakizunak hasteko.
Kanporaketa 1-3 Real Madrilen alde erortzea ez da harrigarria, partida ia guztietan, baita Bartzelonak irabazi zuen bakar hartan ere, Real Madrilek ia beti markagailuan eta are jokoan ekimena eraman duelako. Laugarren partida 81-74 amaitu zen «merengeen» alde, Edy tavares erraldoiak 25 puntu, 13 errebote eta 41eko balorazioa lortuta –Finaleko MVP saria eman zioten Cabo Verdeko pibotari–, Saski Baskoniako jokalari ohi Fabien Causeurrek 17 puntu sartu zituen bitartean. Eskolta frantsesak nahiko keinu itsusia izan zuen finala amaitzear zela, neurketa eta kanporaketa erabakita lagatzen zuen hirukoa sartu eta gero lepoa mozteko keinua egin baitzuen, bere garaian Theo Papaloukasek Baskoniaren aurka egin zuen antzera. Argi ibili behar da halakoetan, halako keinuak bueltan ere etorri ohi direlako eta orduan ez dira horren gustagarriak izaten.
Gezurra dirudi Real Madril bere entrenatzaile nagusia eta ia antolatzailerik gabe aritu zela esatea, baina hala da. Chus Mateok bigarren entrenatzaile ez ezik, lehenengo entrenatzaile gisa ere lanean badakiela erakutsi zuen, baina beste ezer baino gehiago, Real Madrilek askoz ideia argiagoak zituela erakutsi zuen, nahiz eta Sergi Llull finalerako justu justu errekuperatu, Alberto Abalderen moduan, eta modu horretan Hanga eta Causeur –eta oso noizbehinka, Juan Nuñez gaztea– izan dira Real Madrilen «gezurretako» antolatzaileak.
Nick Calathes, Laprovittola eta Jokubaitis –are gehiago Dante Exum australiarraren laguntzarekin– hirukote oso indartsua da edozein taldetako antolatzaileei aurre ewgiteko, are gehiago bere posiziotik at jokatzen ari ziren jokalarien aurka. Alabaina, Bartzelonak kolpeka erantzun dio lau neurketetan Real Madrili. Iaz ez bezala, aurten Nikola Miroticek maila oso ona eman du finalean, eta bere 26 pountuei esker irabazi zuten Saras Jasikeviciusenek kanporaketako bigarren partida. Horrez gain, Higgins, Calathes, Rolandas Smits eta orkatila izorratu arte, Alex Abrines bera ere txukun aritu da. Handia litzateke Bartzelonak errekurtsorik ez duela esatea, nahiz eta zenbait jokalari min hartuta izan.
Baina antolatzaileak jokatzeko moduan izanagatik, Bartzelona Real Madril baino askoz gutxiago izan da, ez duelako bere aurkariari min emateko kapaz izan. Egia da Tavares eta Poirier –lehenengoa batez ere– nagusi izan direla uztaipean, eta hala, Real Madrileko jokalariren baten jaurtiketa kale eginez gero, errebotea sarritan berea izan dela. Real Madrileko hegalekoak –Rudy Fernandez, Causeur eta Hanga, batik bat– ere errebotean bikain aritu dira eta hala, madrildarrek askoz jaurtiketa gehiago egin ahal izan dituzte Bartzelonak baino, eta horrez gain, Gaby Deck argentinarra –Randolphek Finaleko aurreneko partidan belaunean min hartu ostean– uztaipean bikain aritu da, Barçaren jokalari «txikiak» baino indartsuago, eta katalanen defentsak laguntzera iritsi direnean, Tavares edo Poirier uztaipean, edota jaurtitzaileren bat kanpoan, beti baten bat aurkitu du hegoamerikarrak uneoro.
Denboraldi ona ala txarra?
Superkopan eta ACB Ligan azpitxapeldun eta Euroligan hirugarren, eta Kopako txapeldun. Horra Bartzelonaren aurtengo emaitzak. Hartuko luke edozein taldek halako emaitzarekin denboraldia amaitu izana. Bai, baina Real Madrilek lesionaturik jende asko izan arren, nagusi izan da Barçaren aurka; are gehiago, Joventuten aurka finalerdietan gorriak eta beltzak ikusi ditu Saras Jasikeviciusen taldeak, nahiz eta 3-1 nagusitu azkenean, Miroticen talentua eta gaitasun fisikoari esker.
Brandon Davies, Jasikeviciusen «besoetakoa» bai Zalgirisen eta bai Bartzelonan, Barçatik joan egingo da, Rolands Smits letoniarra joango den moduan –Baskonia eta Valentzia atzetik omen ditu–. Beren lekuan Tomas Satoransky antolatzaile txekiarra NBAtik itzuliko da Bartzelonara, eta bere eskutik Jan Vesely pibota eta Oscar Da Silva hegal-pibot brasildarra –Alba Berlinen harribitxia– etorriko dira Bartzelonara. Alegia, gaitasun fisikoa irabaziko duela Jasikeviciusen taldeak datorren denboraldian –oraindik aldaketa gehiago izango dira, baina zernolako bidea aukeratuko duen entrenatzaile lituaniarrak bistakoa da–.
Fisikoak egin al dio kale Bartzelonari ACB Ligako Finalean? Tavaresen aurrean, bai, edota Gaby Deck uztaipean eusteko. Baina Bartzelonaren jokoa askoz lotuago egon da Real Madrilena baino. Zalgirisen garaitik, Jasikeviciusek gaitasun fisikoari eta indarrari garranztia handia eman dio bere taldeen jokoa antolatzeko orduan, eta neurri baten zenbait jokalari lotuegi erabili izan ditu –alde ederra dago Jokubaitisen jokoaren alaitasuna Martin Schillerren aginduetara Kaunasen edo Bartzelonan kate motzean nola lotu duen Jasikeviciusek– eta hala, Chus Mateoren taldeak gaitasun fisikoarekin berdinduta nahikoa izan du Bartzelonaren jokoa berdindu eta gainditzeko.
Egia da Pau Gasol ez dela egunero taldean izaten, baina Sant Boiko pibotak iazko play-offetan jokoari askoz bizitasun handiagoa ematen zion, nahiz eta Gasolek berak hankageldian jokatu. Saiatu da Bartzelona Tavares –eta Poirier– defentsan uztaipetik ateratzen, baina arazo horri aurre nola egin errazago asmatu du Real Madrilek, aurrez ondo pentsaturiko estrategia aurrera eramateko.
Jaumen Ponsarnau, Bilbora etortzear
Hainbat hedabidek egintzat jotzen dute Jaume Ponsarnau entrenatzaile katalana izango dela Bilkbao Basketen entrenatzaile berria. Ofizial egitea bakarrik faltako litzateke, baina argi izan behar da Girona ACB Ligara itzuli dela, Ponsarnau bera Urrezko LEB Ligatik mailaz igotzeko fasea prestatzeko laguntzen izan dutela.
Hargartik, Bilbao Basketek ofizial egitea bakarrik falta omen da behin betiko alex Mumbruren ordezkoa zein izango den argitzeko, baina Gironak ere ba omen du zeresanik. Harritzekoa litzateke Ponsarnau Euskal Herrira ez itzultzea –2014/15 denboraldian Gipuzkoa Basket zuzendu zuen, baita 2015/16 denboraldiaren hasieran ere, Nekane Arzallusek emaitza txarrak zirela-eta taldetik bota zuen arte–.