INFO

Gizarteak buruturiko kanpainari esker Adama gazte migranteak erregularizazioa lortu du

Ipar Euskal Herriko hamarretik gora eragilez osaturiko sostengu plataformak azken astetan eginiko lanak behin behineko uzta eman du. Gaur goizean urte batendako bizitza baimena jaso Adama Soumahoro izeneko gazte migranteak.

Badira lau urte Ipar Euskal Herrian bizi da Adama gaztea. (Naiz)

Migrazioaren historiak berri lazgarriak uzten ditu aldiro Euskal Herrian. Oroitzearren, joan zen asteburuan gazte migrante baten gorpua atzeman zuten Bidasoan. Abderraman Bass izena zuen ibaia zeharkatzen itota hil zen gazte ginearrak.

Frantziar Estatuak mugan kontrola zorrotzak berrezarri zituenetik bederatzi migrante hil dira Bidasoa zeharkatu nahian.

Izan ere, gaur «lorpena kolektiboa» ospatzeko albistea zabaldu dute Adama Soumahoro 20 adineko gazte migrantea kanporatua izan ez zedin azken astetan lan frango egin duten kolektibo eta eragileek.

EH Bai, FI eta Berdeak alderdiek, LAB sindikatua, Attac, La Cimade, Etorkinekin eta Diakite elkarteek... eragile horiek guztiek eta beraiekin batera baita herri mailan migranteen harrera bermatzen duten herritar anitzek ere plataforma zabala osatu zuten Ipar Euskal Herrian lan eta bizi den gazteak berriki jaso zuen kanporatze agindua deusestatzea galdegiteko.

Egun gutxitan 26.000 sinadura bildu zituzten sare sozialen laguntzaz azkarki hedatu zen deialdiaren bidez.

Bihar goizean Paueko Prefeturara joatekoak ziren kanpainaren sustatzaileak sinadura horiek emateko. Alta gaur jakin ahal izan dutenez Adama ez dute kanporatuko.

Bere erregularizatze prozesuan urrats berria emanen du gazteak urte batendako bizitza baimena jaso ondoren.

Hasieran behin behineko lan baimena ematea aurreikusten zuen Prefeturak baina azkenik urte batendako erresidentzia baimena eman dio baitaere gazte afrikarrari.

Cantau lizeoko ikaskide ohien sostengua

Adama Soumahoro 2017an heldu zen frantziar Estatura. Gers departamenduan zerbitzuak lepo zirelarik adin gabe zen gaztea Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoen Departamenduaren ardurapean gelditu zen. Alta, gazte migranteen harrera bermatzen duen zerbitzuak bere adina zalantzan eman zutenez, zerbitzu publikoen babesarik gabe gelditu zen Adama.

2018az geroztik Etorkinekin kolektiboaren babespean izan da harrera familia batekin bizi den gazte migrantea.

Bere erregularizatzeko prozesuan abian bazen ere, G¡gizarte zerbitzuen bulegotik irten zen unean, ekainaren 3an, Poliziak Boli Kostako gaztea Baionan atzeman eta Hendaiako komisaldegira eraman zuen.

Bertan agindu bikoitza jakinarazi zioten. Lehen agiria frantses lurraldetik irteteko agindua zen, eta bigarrena frantses Estatura bueltatzeko debekua.

Berehala auzitegian helegitea ezarri zuen gazteak eta hilaren 9an iragan zen audientzia Pauen.

Auziari begira Angeluko Cantau lizeoko ikasle eta irakakasleak Adama erregularizatzearen aldeko kanpainara batu ziren.

Margolari artisau bezala lan egiteko titulazioa lortu zuen egun lan kontratu finkoa duen gazteak.