INFO

Santuari ezin askoz gehiago eskatu udako lehen esku pilota feria handirako

Altuna-Rezusta, Irribarria-Zabaleta eta Urrutikoetxea-Imaz A multzoan arituko dira eta Laso-Mariezkurrena, Ezkurdia-Martija eta Jaka-Albisuk osatuko dute B multzoa.

San Fermn kaperan egin dute feriako aurkezpen ekitaldiko argazkia. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Entzierroetan korrika egiten duten lasterkariek santuari babesa eskatzen badiote, pilotazaleek ezer gutxi gehiago eska diezaiokete Fermin Deunari, bere omenez esku pilota enpresa profesionalek aparteko feria antolatu baitute Iruñea jaiaren epizentro bilakatzen den egun horietarako. Albisterik onena azken bi urteetako murriztapenen ondoren –duela bi urte ez zen ospatu eta iaz feriaren osagairik nagusiena diren pilotazalerik gabe jokatu zen– udako lehen feria garrantzitsuak normaltasuna berreskuratzen duela da eta denera, uztailaren 7an hasita, bederatzi jaialdi eta 26 partida jokatuko dira goraino betetzea espero den Labriten.

Eta itzulera honetarako enpresek daukaten onena eramango dute Iruñera. Ohiko San Fermin eguerdiko lau eta erdiko finalaren ostean, gau horretan bertan binakako torneoa hasiko da, bi multzotan banatutako sei bikoterekin. Altuna-Rezusta, Irribarria-Zabaleta eta Urrutikoetxea-Imaz A taldean arituko dira eta Laso-Mariezkurrena, Ezkurdia-Martija eta Jaka-Albisuk osatuko dute B multzoa.

Laso, pozik

Txapeldunaren elastiko gorria soinean zuela, Unai Laso izan da eguneko protagonistetakoak eta Bizkarreta-Gerendaingoak bazituen pozik egoteko motiboak. Alde batetik, atzo Bilbon enpresarekin bildu zen bere kontratu berriaren inguruan hitz egiteko eta aitortu duenez, «dena ondo joan zen, posturak asko gerturatu genituen eta espero dut aste honetan bertan akordio berria sinatzea». Bestalde, aspaldiko nahi horietako bat betetzeko modua eskainiko dio enpresak, bere lagun min Jon Mariezkurrenarekin osatuko baitu bikotea Iruñeko ferian. Biak gaur egun dauden mailan egonda, nekez jokatu ahal izango dute batera Binakako txapelketan, baina udako halako torneo motz batek, sei bikote handirekin, halakoak ahalbidetzen ditu.

Gustura zegoenetako beste bat Erik Jaka zen, lehen aldiz arituko baita Iruñeko ferian titular gisa. Lizartzakoa ilusioz dago Jon Ander Albisu bezalako atzelari batekin jokatzeagatik, baina berak esan bezala, halako laguna du txapelketako beste bikoteen maila ere sekulakoa delako.

Altuna, tentuz

Maiatzaren 15etik kantxetatik kanpo, tartean ebakuntza bat ere egin zioten hatzean zuen konkor bat kentzeko, pilotazaleek badute Jokin Altuna berriz ere jokatzen ikusteko gogoa, baina amezketarrak tentuz aritu nahi du eta oraindik ba omen du zalantzaren bat kaiolako txapelketa jokatzeko. Berez,hilaren 29rako du iragarria itzulera, baina oraindik ba omen du zalantzaren bat. Ebakuntzak baino, Buruz Burukoa jokatzen ari zela izandako ezker eskuko mina da gipuzkoarraren kezka iturri, egunero ari omen da eskuak egiten, baina ez du berriz ere kantxaratu nahi ezker hori behar bezala osatu gabe.