El Drogas, Ana Mena eta ETS, Bilboko Aste Nagusirako baieztatutako kontzertuen artean
Bilboko Aste Nagusian 100 musika emanaldi baino gehiago eskainiko dira dohainik, hiriko toki ezberdinetan jarriko diren 8 agertokitan. El Drogas, Ana Mena, ETS, Mikel Urdanagarin, Bulego eta Dani Fernandez dira baieztatutako lehenak.
Bilboko Udalak Aste Nagusian Abandoibarrako eta Europa Parkeko agertokietan, hurrenez hurren, 23.30ean eta 00.00etan jardungo duten lehenengo talde eta artisten berri eman du asteazken honetan.
Aurreneko kontzertua jaietako lehenengo zapatuan, abuztuaren 20an, 23.30etik aurrera, egingo da Abandoibarran. Mikel Urdangarin eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa izango dira, ‘100/25 BOS-Mikel Urdangarin’ proiektuarekin, Urdangarinen gai ezagunenetako batzuk orkestrara egokituta. Kantautore euskaldunaren hamabost abesti egokituko dira.
Astelehenean, abuztuaren 22an, leku eta ordu berean, El Drogas izango da. 80ko hamarkadan musikariak sortu zuen Barrikada taldearen 40. urteurrena oroitzeko, talde nafarraren abestiekin osatutako errepertorioa interpretatuko du.
Ostegun gauean, abuztuak 25, Bulego talde euskaldunak jotzen duen pop bizi eta argitsuaren lekuko izango da Abandoibarra.
Ostiral gauean Auryn taldeko kide izandakoaren ahots urratua, Dani Fernandez, izango da Abandoibarran, 23.30ean hasita eta En Tol Sarmiento (ETS) Europa Parkean, 00.00etatik aurrera. Arabako Errioxako boskoteak jendea berotuko du ska dibertigarri eta dantzazaleari esker.
Europa Parkeko aurreneko kontzertua asteazkenean, hilak 24, 00.00etatik aurrera eskainiko du Ana Mena artistak, pop urbanoaren promesa handienetako batek.
8 espazio
Bilboko Udala doako 100 musika jarduera baino gehiago prestatzen ari da, gustu eta publiko guztietarako, hiriko 8 eszenatokitan. Moda-modako taldeak egongo dira, askotariko estiloak dituztenak, baina musika klasikoa eta bilbainada tipikoak ere, besteak beste, ez dira faltako.
Jarduera guztiak doakoak izango dira eta musika estilo bakoitzak, urtero bezala, bere espazioa eta kokapena izango ditu.