INFO

Momentuko espezialista onenak izango ditu San Fermin Torneoaren laugarren edizioak

Pandemiak eragindako bi urteko geldialdiaren ondoren, emakumezkoen esku pilotarik onena Labrit, Tafallako Ereta eta Mendabiara itzuliko da, aurreko hiru edizioetan hain zapore ona utzi zuen txapelketak luxuzko partehartzearekin.

San Fermin Torneoan parte hartuko duten pilotariak, gaur Iruñeko Udal aurrean. (EMAKUME MASTER CUP)

Hemen da berriro emakumezkoen esku pilotarik onena. Iruñeko Labritek San Fermin Torneoaren laugarren edizioa jasoko du. Eta itzulera honetarako, aurreko hiru edizioetan hain zapore ona utzi zuen txapelketak luxuzko partehartzea izango du, momentuko espezialista onenekin.

Bertan izango dira, besteak beste, Amaia Aldai Emakume Master Cup zirkuituko banakako txapelduna, Olatz Arrizabalaga eta Entra Gaminde Binakako txapeldunak – oraingo honeta bakoitza bere aldetik saiatuko da txapela lortzen–, Itsaso Erasun Nafarroako Komunitatea Torneoko txapeldunordea –finalean 1.600 pilotazale bildu zituen Nafarroa Arenan– eta Miren Larrarte egun historiko hartan ere bertan egon zena.

Finala, ETB1eko kamerak zuzenean direla, uztailaren 9an jokatuko da, eguerdiko 12.00etan, Labriten, jaiaren epizentro betean. Baina San Fermin txapelketa hau ez da Iruñera mugatzen, maila handiko bi finalerdi jokatuko baitira Tafallako Eretan (Aldai-Mendiburu / Larrarte-Erasun), igande honetan, eta uztailaren 1ean Mendabian (Arrizabalaga-Oses / Garai-Gaminde).

Parte hartuko duten pilotari guztiez gain, Maria Caballero Iruñeko Udaleko kirol zinegotzia, Fernando Aranguren Iruñeko Udaleko kirol eta gazteria zinegotzi berezia, Maitane Bueno Nafarroako Laboral Kutxako zonaldeko zuzendaria eta Paco Caballero Nafarroako Pilota Federazioaren ordezkaria izan dira gaur arratsaldeko aurkezpenean.