Zumaiako olatuen artean Hondarribiak eta Arkotek nagusitasuna erakutsi dute
ETE Ligako berdinketa «Ama Guadalupekoak» hautsi du bere alde, Hibaikarekin borroka estuan nagusitu ostean. KAE1 Ligako proban, berriz, Arkote eta San Pedroren arteko lehia bizkaitarrentzat izan da, denboraldiko bigarren estropada ere beren etxera eramatea lortu dutelarik «Libia»ren aurrean.
Ia bi metroko olatuekin eta iparmendebaldeko haizea tamainan eta gorantz dela, estropada «oso marinela» adituen esanetan egokitu zaie ETE eta KAE1 Ligako arraunlariei Zumaian.
Zailtasunak zailtasun, Hondarribiak lortu du ETE Ligako garaipena eta Arkotek ere beste hainbeste egin du KAE1 Ligan, biek ala biek sailkapen nagusiko lidertza sendotuz.
ETE Ligako emakumeei egokitu zaie uretaratzea lehenbizi. Dagoeneko jokaturiko bi estropadetan ez bezala, ziaboga bakarreko proba «normala» egokitiu zaie, bi txandatan banatua, ohorezko txanda horretan bost ontzi barruan direla: Hondarribia eta Zumaiarekin batera Hibaika, Deustu eta Ondarroako ontziekin.
Traineruek nahikoa lan izan dute lerroa mantentzen itsasoaren egoeraren erruz, eta Zarautzek, aurreneko txandan, irteera ustela egin du eta, kostata izan bada ere, halakoren baten eta atzerapenez, ekin zaio estropadari.
Hasieratik nabarmen geratu da alde handiak ateratzeko estropada izan dela. Zarautzko «Enbatak» aurreneko txanda erraz asko irabazi du, ohorezko txandara begira erreferentziazko denbora bakarra bihurtu delarik.
Bada, ohorezko txandan, hemen ere denak zuzen irteteko nahikoa komeria pasa eta gero –bosgarren kaleko baliza mugitu ere egin da–, Ondarroa berehala atzean geratu da. Zumaia eta Hibaika nabarmendu dira aurreneko minutuetan, Hondarribiak eta Deustuk traineru bat galdu duten bitartean.
Ziabogara iristean erreferentzien balekotasuna neurtu da eta Hibaikak zein «Telmo Deun»ek Zarautzen denbora hobetu badute ere, maniobra askoz eskasagoa egin dutelako, «Enbata» denbora onenarekin geratu da, aurkariek bigarren luzea egitearen faltan.
Zumaiak ongtzia zuzen eramaten nahiko lan izan du, eta Hondarribia eta Hibaika gainera etorri zaizkio eta, are gehiago, «Ama Guadalupekoak» eta «Madalenek» azken txanpari aurretik ekin diote.
Olatu bat nork harapatuko, azken metroetan erabakki da Zumaiako V. Ikurrina, eta «Ama Guadalupekoak» eutsi dio brankari, traineru beteko aldea aterata Hibaikari eta asteburu honetan oso gora egin duen Zumaiari. Aldiz, Zarautzek laugarren postua eskuratu du azkenean, aurreneko txandan emndako erakustadilari esker.
ETE Liga - Zumaiako V. Ikurrina
1- Hondarribia 12:23.54
2- Hibaika 12:26.74
3- Zumaia 12:30.75
4- Zarautz 12:33.89
5- Deustu 12:44.72
6- Ondarroa 12:46.99
7- Hernani 12:53.42
8- Castro 13:17.89
9- Portugalete 14:17.58
ETE Liga - Sailkapen Nagusia
1- Hondarribia 24 puntu
2- Hibaika 23 p.
3- Zumaia 19 p.
4- Ondarroa 16 p.
5- Deustu 15 p.
6- Zarautz 14 p.
7- Hernani 12 p.
8- Castro 7 p.
9- Portugalete 4 p.
Arkote, lider sendoa
Haizeak eta olatuek beherantz bezala egin dute KAE1 Ligako bigarren estropada hasi denerako. Hala, emakumeek baino arazo gutxixeago izan dituzte lanari ekiteko, baina estropadak, nolanahi, izerdia galanki bota arazi die arraunlariei. Arkotek, San Pedron irabazi zuen moduan, Zumaian ere irabazi egin du eta KAE1 Ligako lider sendoa dela erakutsi du denboraldiaren hasiera honetan, beti ere San Pedroko «Libia» trainerua atzetik duela. Hirugarren postuan berdinduta dauden San Juan eta Zarautz, esaterako, zazpi puntura daude dagoeneko.
Izan ere, Arkote eta San Pedrok ohorezko txandan berehala nabarmendu dute branka, San Juan eta Hondarribia Bren kalterako. Plentziakoek ekimena berehala hartu du, baina San Pedro gainetik kentzea nahikotxo kosta zaio. Are gehiago, «Libia» arinago sartu da bigarren ziabogan traineru bizkaitarra baino, baina ez du asmatu maniobrari ekiterakoan eta Plentziako taldeak estropadaren bigarren erdiari berriz ere branka aurretik sartuta ekiteko abagunea eskaini dio.
Ondorioz, itxura baten behintzat, sanpedrotarren irristada baino askoz sakonagoa izan da, Arkotek traineru beteko aldea hartu baitu hirugarren luzean, aurreneko estropadan lortu zuten garaipena berresteko ahaleginean. Are eta sakonagoa, hirugarren ziabogan plentziarrek ostera ere askoz maniobra finagoa burutu baitute «Libiak» baino.
San Pedrok azken ahalegin bat egin du azken luzean. Traineru bat baino gutxiagora hurbiltzea ere lortu du tarte baten, baina Arkotek beste martxa bat ezkutuan izan du nonbait, eta berriz ere aldea zabaldu du
Aurreneko posturako borroka hortatik nahi baino urrutiago, bigarren txandan jaun eta jabe izan den Pedreñarekin –eta Zarautzekin– lehiatu behar izan dute San Juanek eta Hondarribia Bk. Kantabriako traineruak lan hobea egin du hauek biek baino. Sanjuandarrek hirugarren luzetik aurrera berriz ere buelta eman diote estropadari, baina azken txanpan erori egin da eta Pedreñak ez ezik, Zarautzek berak ere aurretik amaitu du, Hondarribia B zazpigarren posturaino erori den artean.
KAE1 - Zumaiako XXXVII. Ikurrina
1- Arkote 21:42.22
2- San Pedro 21:47.93
3- Pedreña 22:03.90
4- Zarautz 22.07.37
5- San Juan 22.10.15
6- Castro 22:23.41
7- Hondarribia B 22:27.06
8- Camargo 22:35.13
9- Deustu 22:40.47
10- Zumaia 22:43.23
11- Busturialdea 22:48.13
12- Orio B 22:50.97
KAE1 - Sailkapen Nagusia
1- Arkote 24 puntu
2- San Pedro 22 p.
3- San Juan 17 p.
4- Zarautz 17 p.
5- Hoindarribia B 16 p.
6- Pedreña 16 p.
7- Castro 12 p.
8- Deustu 11 p.
9- Camargo 9 p.
10- Zumaia 6 p.
11- Orio B 3 p.
12- Busturialdea 3 p.