2027ra arte eta «egungo baldintzetara egokitutako» kontratua sinatu du Unai Lasok Baikorekin
Bere lehen hitzetan, greba garaian pilotarien elkarteak egindako lana eskertu nahi izan du Bizkarreta-Gerendaingoak, enpresak beregan jarritako konfiantzarekin batera.
Zalantzarik ez dago Unai Laso dela, gaur egun, Baikoren motorra eta egoera berri horretara egokitutako kontratu berria sinatu du Bizkarreta-Gerendaingoak bai luzeraz –2027ra arte– eta baita soldatan ere, nahiz eta ez duten zenbakietan sartu nahi izan. Hori bai, Joserra Garai, Baikoren zuzendari nagusiaren hitzetan, «enpresa batek pilotari baten inguruan halako apustu bat egiten duenean...», nolabait aurrelari nafarra enpresan hobekien ordaindutakoa izango dela aditzera emanaz.
Pilotariak 2023ra arteko lan hitzarmena zuen arren, azken urtean Unai Lasoren estatusa nabarmen aldatu da eta logikoa zen kontratu hori «garaiko baldintzetara» egokitzea. Buruz Buruko txapelaz harago, Bizkarreta-Gerendaingoak jende asko frontoietara itzultzea eragin du, udan ia herri guztietan eskatu dute nafarra euren pilotalekuetan egotea eta komertzialki ere enpresarentzat oso goxoki gozoa da. Ildo honetan, Joserra Garaik aurreratu du Lasok ostiralean Irunen estreinatuko duela kontratu berria, igandean Elgetan ere arituko da eta hortik aurrera, udan bihar aurkeztuko den Mastersean eta, gauzak ondo, Iruñea, Gasteiz, Donostia, Bilbo eta Logroñoko ferietan ere arituko da.
Kontratu berria adosteko bilerak azkarrak eta errazak izan omen dira, «bi aldeetan borondatea dagoenean errazagoa izaten da», azaldu du Garaik eta bi aldeak oso pozik agertu dira lortutako akordioarekin.
Kideekin eskertua
Kontratu berriaren inguruan azalpenak emateko antolatutako prentsaurrekoan, Unai Lasoren lehen hitzak garairik zailenetan bere ondoan izan zituen kideenganakoak izan dira. «Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkiot Pilotarien Elkarteari, beraiengatik nago gaur hemen, eman zidaten babes guztiagatik». Enpresarekin ere eskertuta agertu da, beregan jarri duten konfiantzagatik.
Bost urteko kontratuak, zoritxarrez, ez dira ohikoak gaur egungo pilota profesionalean, baina beragatik egindako apustuak ez omen dio presio berezik sortzen Bizkarreta-Gerendaingoari eta hemendik aurrera ere «betiko Unai» ikusiko omen dugu.
Urte eta erdian, Lasoren egoera goitik behera irauli da, afizionatuetan jokatzetik, Baikoko pilotaririk garrantzitsuena izatera igaro baita, baina bi aldeek nahiago izan dute orainera eta gerora begiratzea. Garairi iraganean hartutako erabakiren bat aldatuko ote zuen galdetu zaionean, «kirola orainaldia da, bost urteko kontratua egin diogun eta ea bost urte hauek oparoak diren eta emaitzak ekartzen dizkigun» erantzun du dimoztarrak.
Etorkizun horretan, enpresak eta pilotariak berak hobekuntzarako tartea ikusten diote Bizkarreta-Gerendaingoari, «egunero hobetu daiteke zerbait eta horretarako entrenatzen dugu», izan ere, eguneroko lan hori izan da aurrelariarentzat, gailurreraino ekarri duena.