Tutera zein Iruñeko Hizkuntza Eskoletako murrizketak salatu ditu LABek
Iruñeko Hizkuntza Eskolaren aurrean elkarretaratzea egin du LAB sindikatuak, 2022-2023 ikasturterako nafar Gobernuak bai hiriburuan zein Tuteran eskaintza murriztea erabaki duela salatzeko.
50 bat irakasle bildu dira Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialaren atarian, nafar Hezkuntza Departamentuak datorren ikasturterako aurreikusi dituen murrizketak salatzeko. LAB sindikatuak deituta, ‘Murrizketarik ez! Gimeno dimisioa!’ zioen pankarta baten atzean elkartu dira.
Eider Madina Berasategi irakasleak adierazi duenez, Administrazioaren partetik «euskarari egiten zaion enegarren erasoa» da hau eta zerbitzu publikoen «beste murrizketa bat» ere bada, herritarrek hizkuntzak ikasteko duten eskubidea «urratu» egiten duelako.
Tuteran zein Iruñean talde kopuruak murriztuko ditu nafar Gobernuak. Euskaran ez ezik, gainontzeko hizkuntzetan ere izanen dute eragina neurri hauek. Are gehiago Tuteran, non taldeak «gutxienez» 10 lagunekoak izan beharko direla ezarri omen den. Kopuru horretara iritsi ezean, eskaintza baztertu egingo dute.
Madinak zehaztu duenez, Erriberako hirian ingeles departamentuko talde kopurua 26tik 22ra jaitsiko da, euskarakoa eta alemanierakoa 6tik 3ra. Hau da, 10 talde gutxiago egonen dira datorren ikasturtean eta hiru irakasle gutxiago, horietako bat euskara irakaslea. Iruñean, aldiz, aurreikuspena da euskarako eta ingeleseko bi talde ixtea eta alemanierako hiru. «Frantses eta italiera departamentuei ez zaie talderik kenduko, baina kontuan hartu behar da aurreko urteetan hainbat talde itxi zizkietela».
Tuterako Hizkuntza Eskolako zuzendaritzak ere murrizketa hauek kritikatu dituela eta eskualdeari «galera nabarmena» eragingo diotela ekarri du gogora Madina irakasleak. «Murrizketa horrek, herritarrak ez ezik, langileak ere kaltetuko lituzke».
Erabaki hau «Carlos Gimenoren Departamentuak zenbait arlotan sortu duen hondamendiari eransten zaiola» azpimarratu du Madinak. Zentzu horretan «euskararen aurkako erasoak, PAI egonkortzea, Lanbide Heziketan ziklo elebidunen inposizioa, Haur Hezkuntzako lehen zikloko langileak greba mugagabera bultzatu dituen prekaritate egoera, covid-agatik ezarritako jardunaldiaren eta eskolaz kanpoko jardueren inposaketa, esparru guztietan negoziaziorik eta komunikaziorik eza eta Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobeteko Ituna ez betetzea» zerrendatu ditu. Horregatik, Gimenoren dimisioa eskatu du LABek.