INFO

Zuberera eta Zuberoako kultura hedatuko dira sarean, Euskaltzaindiaren eta Sü Aziaren eskutik

Hiru proiektu biltzen dituen hitzarmena sinatu dute Euskaltzaindiak eta Sü Azia elkarteak ekainaren 28 honetan Maule-Lextarren. Horren bitartez zubereraren ezagutza hedatuko da Interneten, eta 2021AN zendu zen Allande Socarros idazle eta euskaltzain urgazlearen omenezko liburua argitaratuko dute.

Sü Azia elkarteko Jean Mixel Bedaxagar eta Euskaltzaindiako Jean-Baptiste Coyos. (EUSKALTZAINDIA)

Zubereraren ezagutza eta informazioa sarean ugaritzeko eta hedatzeko xedearekin, lehen aldiz hitzarmena sinatu du Euskaltzaindiak Zuberoan kultur erreferentea den Sü Azia elkartearekin 28an Maule-Lextarren. Euskalkiari buruz Junes Casenave-Harigilek egin zuen ‘Hiztegia’, eta ‘Ziberoko Egünkaria’ (1887-1914) obrak digitalizatuko dituzte eta sarean kontsultagai izanen dira. Allande Socarros idazlea eta euskaltzain urgazlea joan den urtean zendu zen, hori dela eta omenezko liburua ere argitaratuko dute elkarlanean. Bestalde, Pantxoa Etchegoin-Elissagaray Ipar Euskal Herriko ordezkariorde izendatu du Euskaltzaindiak.

Jean Mixel Bedaxagar Zuberoako elkartearen izenean eta Jean-Baptiste Coyos Euskararen Akademiarenean buruordea eta Ipar Euskal Herriko ordezkaria elkartu dira lankidetza asmoa hezurmamitzeko.

‘Allande Socarros, Euskal idazlan eta lekukotasunak’ izenburupean idazle gisara, pastoral idazle, kultur eragile, euskaltzale eta kazetari lanetan egindako lanak elkartu dituzte, baita prentsan bere lanari buruz eta Zuberoako kultura eta hizkuntzari buruz emandako iritziak ere.

Horien artean da GARAn zendu baino lehen egindako elkarrizketa ere: «Zuberoan euskararen praktika galtzen bada pastorala galduko da». Bertan, hitzarmenaren xedea osatzen duten zubererari eta lurraldeko kulturari buruzko iritziak plazaratu zituen.

Halaber, zubereraren egoerak sortzen zion kezka argiki agertu zuen: «14.000 zuberotarretatik euskaraz egunero bizi direnak 3.000 badira anitz da, anitz! Egoera larria da».

Bedaxagarrek kulturgileari buruz zera baieztatu du: «Trebe zen gai anitzetan, jakitate handia zuen eta lan anitz egin du alor ezberdinetan. Baina oroz gainetik, zuberotarra gain-gainetik bazekien maitatzen eta zubereraz izkiriatzen. Uste dut azken denbora horietako erreferentzia handi bat izan dela. Bera ez da gehiago gurekin gorputzez, baina liburu hori dela medio, gure artean bizi dateke eta gazteek badute non zer ikas, beti euskara aitzina joan dadin».

Hiztegia

1989an Junes Casenave-Harigile idazle zuberotarrak argitaratu zuen ‘Hiztegia / Français-Eüskara Züberotar eüskalkitik’ digitalizatu eta Euskaltzaindiaren webgunean denen eskura emanen dute, eta paperean berrargitaratua izanen da ere bi erakundeen eskutik.

Paperezko bertsioa aurresalmentan eros daiteke jadanik Zuberoako elkartearen webgunean, agorrilaren 31ra arte 28 euroan.

‘Ziberoko Egünaria’ almanakaren zenbaki guztiak digitalizatuko dituzte, eta bi erakundeen webguneetan denen eskura emanen dituzte 1887. eta 1914. urteen artean argitaratu ziren 27 aleak, hain zuzen ere.

Sü Azia

Sü Azia elkartea 1979an sortu zen Euskal Herriko lurralde txikienean, bere euskalkiaz agertu edo eginik izan diren lanen biltzeko eta ezagutarazteko. Akademiatik baieztatu dute: «Elkarte horrek Zuberoan egiten duen lana bat dator Euskaltzaindiak lurralde guztietan euskararen alde garatzen duen lanarekin; ondorioz, zentzuzkoa da guztiz bi erakundeek egitasmo bateratuak bultzatzeko gaur emandako pausoa».

Elkarteak bere lana horrela definitzen du: «Xiberoaz eta xiberotarrez agertü edo eginik izan diren idatzi, argazki, sonü, filma, edo beste, biltzen dütügü eta sailkatzen. Lantzen dütügü eta agerrarazten xiberotarraren ezagütarazteko lan elibat: Metodo, aditz taula, testo zahar ... Ützülpen lanak egiten dütügü (Xiberotarrez), Herriko Etxeentzat, Saltegi, Alkarte, bai eta beharra düen güzientzat (egitüra, pertsona etabar ). Ikerketa egileer zabaltzen dügü gure ondarea».

Pantxoa Etchegoin-Elissagaray

Etchegoin-Elissagaray Ipar Euskal Herriko ordezkariorde izendatu du Euskaltzaindiak ekainaren 29 honetan. Euskaltzain urgazlea izendatua izan zen iaz, eta orain «Coyosen ordezkaritza lana laguntzeko, bai eta Baionako ordezkaritza bizkortzeko eta indarberritzeko» izendatua izan da.

Antzerkilari eta kultur eragile ezaguna da bere gaztarotik, Gure Irratian eta Irulegiko irratian ere kolaboratzailea izan da.

24 urtez Euskal Kultur Erakundearen zuzendaria izan zen joan den urtera arte, urte horietako guztietako bilana eginez elkarrizketa eskaini zion NAIZi lekukoa Johañe Etchebesti pasatu ziolarik.