Oriok astindua eman du eta Arraun Lagunakek garaipena errepikatu du Bilbon
Arraun Lagunakek iazko garaipena errepikatu du Bilboko ibaian eta Euskotren ligako lehendabiziko liderra da. Egungo txapelduna izatearen presioa ondo kudeatu dute donostiarrek. Eusko Label ligan, bestalde, Oriok ondo baliatu du Donostiarren estropezua bigarren ziabogan.
Neguko entrenamendu luzeen ostean, larunbat honetatik aurrera abian dira arrauneko bi liga nagusiak eta beraz, martxan dira traineruko liga guztiak, zaletu eta arraunlarien beraien gozaturako. Bada, Eusko Label ligako lehendabiziko estropadan Oriok ezustekoa eman du. Erlojupekoaren aurkako proban, Bilboko Nerbioi ibaian jokaturikoan, oriotarrek ondo baliatu dute Donostiarrek bigarren ziabogan izandako nahaspila –denbora dezente galdu dute– Bilbon irabazten duten hirugarren bandera astindu dute.
Ohorezko txandan atera dira oriotarrak eta bigarrenean aritu den Zierbenaren denbora hobetzea zaila bazirudien ere, aise azkarrago aritu dira gipuzkoarrak. Gertutik jarraitu dio Donostiarrak –bukaeran lau segundoko aldearekin bukatu dute– eta batek jakin zer gertatuko litzateke, bigarren ziabogan balizarekin nahaspilatu ez balira –denbora dezente galdu dute bertan–.
Zierbenak eta Getariak ere sekulako estropada egin dute, nabarmentzeko adinakoa bai behintzat. Bizkaitarrak bigarren txandako azkarrenak izan dira –bukaeran, laugarren amaitu dute– eta faboritotzat hartzen den Urdaibari zazpi segundoko tartea atera diote. Gipuzkoarren kasuan, bestalde, lehen txandako onena izatea ez da lorpen makala. Kaikuk egin du denbora onena bigarren ziaboragara arte baina bigarren zati ederra bete dute getariarrek gorengo mailan egin duten estreinako estropadan. Azkenean, zazpigarrenak izan dira, iazko txapeldun Santurtziren atzetik eta Cabo, Kaiku, Ondarroa, Ares eta Lekittarraren aurretik.
Euskotren Ligan Arraun Lagunakek eraman du denboraldiko lehendabiziko bandera, hau ere Bilboko Nerbioi ibaian jokaturikoa, erlojupekoaren kontrako proban. Irabazleen presioa ondo kudeatu dute donostiarrek eta bigarrenari bost segundoko aldea atera diote.
Bigarren izan da Orio eta lehendabiziko luzean erritmo oso altua mantendu dute Nadeth Agirre patroi izan duten arraunlariek. Ziabogara iristen joan ahala, baina, Arraun Lagunak, palada luzeagoekin, tartea jaten joan da.
Donostiarrak, iazko txapeldun izanagatik, erlojupekoan irteten azkenak izan dira eta parez pare ikusi ahal izan dute Orioren martxa, zeinak minutuko 39 paladako erritmoa izan duen. Lugañenekoek, bestalde, 35-36 palada eman dituzte minutuko eta ziaboga hartuz geroztik bost segundoko alde hori bukaeraraino mantendu dute.
Hala, IV. Bilboko Bandera, hirugarren edizioan legez, Arraun Lagunakentzat izan da. Xubane Uribarrenak EITB-ko kameren aurrean ondo zehaztu legez, haize bolada indartsuak ere izan dira tarteka eta bere ustetan, «ondo kudeatu» dute. «Oso estropada exijentea izaten da, haize boladekin despistatuz gero trainerua erori egiten zen eta uste dut ondo mantendu garela», adierazi du.
Pasa den urtean errekorra ezarri zuen Arraun Lagunak-ek, 10 minutu eta 31 segundoko denbora eginez; aurten ezin izan dute hobetu, nahiz eta horren bila joan diren. Dena dela, Uribarrenak ondo zehaztu legez, «estropada bakoitzean baldintzak guztiz ezberdinak dira».
Hirugarren izan da Donostiarra, lehen sailkatutik 11 segundora eta laugarren, Euskotren ligan estreinakoz ari den Tolosaldea, 10 minutu eta 59 segundoko denbora eginez.
Eusko Label Liga, XIII. Bilboko Bandera
1. Orio (12 puntu) - 19:42.20
2. Donostiarra (11 puntu) - 19:45.90
3. Hondarribia (10 puntu) - 19:50.16
4. Zierbena (9 puntu) - 19:51.02
5. Urdaibai (8 puntu) - 19:58.28
6. Santurtzi (7 puntu) - 20:12.82
7. Getaria (6 puntu) - 20:16.68
8. Cabo (5 puntu) - 20:17.90
9. Kaiku (4 puntu) - 20:19.66
10. Ondarroa (3 puntu) - 20:20.86
11. Ares (2 puntu) - 20:23.80
12. Lekittarra (puntu 1) - 20:24.28
Euskotren Liga, IV. Bilboko Bandera
1. Arraun Lagunak (4 puntu) - 10.39.27 minutu
2. Orio (3 puntu) - 10.44.27 minutu
3. Donostiarra (2 puntu) - 10.50.27 minutu
4. Tolosaldea (puntu 1) - 10.59.28 minutu
Hibaika nagusi ETE ligan eta San Pedroren lehen bandera
ETE ligan, bestalde, Hibaika nagusitu da Castron jokaturiko estropadan (, nagusitasunez gainera. Bigarren izan den Hondarribiari 10 segundoko aldea atera dio eta 17 segundo, Zumaiari, pasa den astean Donibane Lohizunen nagusitu zen traineruari, alegia.
Hala, maila honetan berdintasuna agerikoa da, Hondarribia eta Hibaika puntu berdinekin baitaude sailkapenaren gorenean lau estropada jokatuta (32 puntu). Koxka bat beherago dago Zumaia, 26 punturekin, Deusturen pare.
Hondarribiak jokatu diren lau estropadetatik bi irabazi ditu, Zumaiak bat eta Hibaikak beste bat. Hurrengo astean Portugaleteko bandera jokatuko dute.
KAE 1 liga ere Castron jokatu da eta San Pedrok denboraldiko lehendabiziko bandera irabazi du. Zarautz baino azkarrago izan da –hamar segundo, hain zuzen ere– eta orain arte jokatuak ziren bi banderak erdietsi zituen Arkote izan da hirugarrena, sanpedrotarrengandik kasik 20 segundora. Hala, 34 punturekin biak ala biak dira KAE1eko liderrak. 29rekin, iaz maila galdu zuen Zarautz da hirugarren sailkatua.
Maila bat beherago, KAE2 ligan, Lapurdi gailendu da Mutrikuko uretan (Yurrita Group VI. Mutrikuko Bandera) eta bigarren bandera irabazi dute lapurtarrek. Pasa den astean Donibane Lohizunen abiatu zen liga eta oraingoz, Lapurdikoak nagusitasuna erakutsi dute. Larunbat honetan kasik 20 segundoko aldea atera dio bigarren izan den Astillerori.
Donibane Lohizunen bigarren izan zen Mutrikuko ontziak, bestalde, seigarren amaitu du etxeko estropada eta sailkapen nagusian laugarrena da, Lapurdi, Astillero eta Portugaleteren atzetik, bizkaitarren puntu kopuru berarekin (12). Donostiarra, Hibaika, Santoña, Castro eta Trintxerpek osatzen dute sailkapena.