INFO

Francis Alonso fitxatu du Bilbao Basketek eta Rafa Luzek ez du taldean jarraituko

Malagako Unicaja taldean jokatu du azken bi denboraldietan Francis Alonsok. 26 urte ditu eta eskolta postuan jokatzen du.

Francis Alonsok Unicaja taldean jokatu du azken bi denboraldietan. (@bilbaobasket)

Bilbao Basket hurrengo denboraldirako taldea osatzen ari da eta bigarren fitxaketa ezagutarazi du eguerdian. Francis Alonso Malagako Unicaja taldetik dator eta 26 urte ditu. Jaume Ponsarnauk zuzenduko duen taldearen kanpoko jokoa indartzeko helburuarekin fitxatu dute jokalari andaluziarra.

Azken bi denboraldietan Malagan jokatu du eta ia zortzi eta sei puntu eskuratu ditu bataz beste partidako. Real Madrilen aurkako norgehiagoka batean 27 puntu lortu zituen ACB ligan eta %40tik gorako saskiratzeak lortu izan ditu hiruko jaurtiketetan. Europa mailan ere txapelketak jokatu izan ditu Unicajarekin. Aldi berean, Oviedo taldearekin Urrezko LEB ligan zein AEBtako unibertsitateen txapelketan ere parte hartu izan du.

Francis Alonsoren fitxaketarekin batera, Rafa Luz joko antolatzaile brasildarrak ez duela Bilbao Basketen jarraituko jakinarazi du talde bizkaitarrak. Joan den denboraldiko jokalari garrantzitsuenetako bat izan zen ACB Ligan.

Joan den astean Nikola Radicevis serbiarra fitxatu duela ezagutarazi zuen Bilbao Basketek. Rafa Luz bezala, joko antolatzailea da. Aurreko denboralditik bost jokalarik bakarrik jarraitzen dute taldean. Andrew Goudelock, Ludde Hakanson, Alex Reyes, Tomeu Rigo eta Jeff Withey pibotak. Eraldaketa prozesu batean murgilduta dago Bilbao Basket. Alex Mumbru entrenatzaileak ere taldea utzi baitzuen denboraldi amaieran.