INFO

Presoen aldeko brindisa, aurten hirukoiztuta

2019ko uztailaren 6tik hona aske geratu diren presoentzat gaurkoa izan da kalean bizitako Sanferminetako lehen egun handia. Herriko Tabernaren parean bildu dira, topa egiteko eta oraindik barruan direnak ahalik eta lasterren ondoan izan daitezen opa egiteko.

Aurreskua kalera ateratako preso ohien zein espetxean segitzen dutenen senideen omenez. (Jagoba Manterola | Foku)

Presoen aldeko brindisa ere itzuli da Sanferminetara. 13.00etan Herriko Tabernaren ondoko txokoan bildu dira azken hiru urteoetan kalera atera diren hainbat pertsona, emozioz beterik, bai eta espetxe barruan segitzen dutenen senide eta lagunak ere.

Bi helbururekin egin dute hitzordua: batetik, 2019tik hona aske gelditu direnekin topa egitea, eta bestetik, oraindik errepresaliatuta direnak ahalik eta lasterren kalera etor daitezela aldarrikatzeko.

«Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak etxera» zioen pankarta eskegi dute oholtzan eta bertan ireki dituzte xanpain botilak. Ehunka lagun hurbildu dira ekitaldira, euria une horretan gogoz egin duen arren.

Hirukoiztu da aurten ekitaldi honen dimentsioa, 2020an eta 2021ean egin ez zelako. Geroztik hona 70 euskal preso inguru atera da kalera; 2019ko uztailaren 6. hartan 253 markatzen zuen GARAko mantxetak eta egun 183 dira. Asko falta da oraindik, beraz, kartzelak husteko, eta hori ez da oharkabean pasa txanpainarekin topa egiteko orduan.

Este navegador no soporta el elemento video.

Lehenxeago, festak hastearekin batera, Carmen kaleko txokoan aurreskua dantzatu dute, eroritako borrokalarien omenez. Poliziak Mikel Castillo hil zuen tokian burutu dute ekitaldia.