INFO

LABek 168 lan gatazka aktibatu zituen azken ekitaldian, aurrekoan baino %32 gehiago

LABek aktibatutako borrokak %32,28 areagotu dira 2021-20221 ekitaldian, aurrekoarekin konparatuta. Borroka horiek ondorio positiboak izan dituela nabarmendu du sindikatuak eta prest agertu da «interes korporatiboak utzi» eta gainontzeko sindikatuekin aliantzak egiteko.

Garbiñe Aranburuk eta Oihana Lopetegik LABen ekintza sindikalari buruzko txostena aurkeztu dute. (LAB)

2021-2021 ekitaldian 168 lan gatazka aktibatu zituen LABek. Aurreko ekitaldiarekin konparatua, %32,28 areagotu dira langileen borrokak. Horietako 94tan grebara jo zuten beharginek, aurreko ikasturtean baino gehiago –84 izan ziren–. Bestalde, lan borrokak gero eta luzeagoak dira: 2021-22an borroken %25 baino ez ziren itxi, eta aurreko aldian %80 itxi ziren.

Ondorio horiek aletu ditu LAB sindikatuak 2021-2022 ikasturteko ekintza sindikalari buruzko txostenean. Garbiñe Aranburu koordinatzaile nagusiak eta Oihana Lopetegi Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkariak aurkeztu dute azterlana ostegun honetan.

Sindikatuak sektoreka izandako gatazkak ere aztertu ditu. Hala, sektore borrokek 30 gatazka sortu dituzte, horietatik 18 sektore feminizatuetan (osoaren %60), hala nola helduen egoitzetan, kontserba etxeetan, garbiketako, merkataritzako edo irakaskuntzako langileen egoitzetan. Halaber, gorakadaren esparruan, feminizatutako lan eremuetan izan da hazkunderik handiena (%62).

Borroken eragin positiboa

Aranbururen esanetan, ikasturte honetan prezioak igo dira, bizitza garestitu da eta langileek eta pentsiodunek erosteko ahalmena galdu dute. «Langile klasea pobretu egiten da, eta gobernuek eta erakundeek hartzen dituzten neurriak ez dira nahikoak prekarizazio eta pobretze hori geldiarazteko», kritikatu du. «Diru gehiago bizitzak suntsitzeko, jendearen bizi baldintzak hobetzeko erabiltzen ez den dirua. Izan ere, nondik aterako da gastu militarra handitzeko dirua? Zerbitzu publikoak desegitetik, pentsio publikoak ahultzea eta pribatizatzetik, gizarte prestazioak murriztetik edo bultzatu nahi den errenta itunetik», nabarmendu du.

Bere ustez, «ez dago borondate politikorik beste eredu ekonomiko eta sozial bateranzko eraldaketari ekiteko» eta, beraz, antolakuntza eta borrokaren alde egin behar dute langileek. Hori bultzatzea da sindikatuaren zeregina, «grebak eta mobilizazioak ugaritzen laguntzea».

«Langileok borrokatzen badugu, beti egiten dugu aurrera», azpimarratu du Aranburuk.

Pasa den ikasturtean greba eta mobilizazioek gora egin dutela izan da LABek ostegunean aurkeztu duen txostenaren ondorio nagusia. Eta, horrekin batera, borroka horiek guztiek «zuzeneko eragin positiboak dituzte borrokan ari diren kolektiboetan, eta, zeharka bada ere, langile kolektibo osoan», esan dute prentsaurrekoan.

Gatazkak zergatik eman diren ere aztertu du sindikatuak eta ondorioztatu hiru direla faktore nagusiak. Batetik, aberastasuna banatzeko eta bidezko gizarte eredua eraikitzeko borrokak dira, mezu argi batekin, LABen hitzetan: «Soldata duinak nahi ditugu, ez dugu enpleguaren malgutasuna eta prekarizazioa bermatuko, ezta lan harremanetan sortzen diren dualizazioa eta arrakalak ontzat eman ere».

Sintikatuen ustez, beraz, irekita dauden lan gatazka askotan jokoan dagoen gai nagusietako bat da langileek ez dutela ontzat ematen KPIaren igoera kontuan hartzen ez duen soldata igoerarik.

Bestetik, LABen arabera, «borroka eremuak eta moduak zabaltzen ari dira»: «Langile klasea askotarikoa da, prekarizazioak forma desberdinak hartzen ditu eta aniztasun horrek borroka horietako bakoitzera egokitzea eskatzen du». 

Fronte soziosindikalaren alde

Zentzu horretan, eta azkenik, sindikatuak iritzi du garrantzitsua dela ezberdinen arteko akordio eta aliantzak sortzea indarren arteko korrelazioak hobetu nahi badira. «Interes korporatiboak alde batera utzi behar dira. Guk fronte sozioindikalak artikulatzearen aldeko apustua egin dugu», berretsi du.

Horrela, estrategia sindikal ezberdinak daudela jakinik, LABek esan du bere apustua «batu gaitzakeena bilatzea» izango dela eta borroka helburuak partekatzen dituzten testuinguruetan «ahalik eta anitzenak izango diren intersindikalak sortzea izango da».