Orio eta Urdaibai izan dira nagusi Coruñako lehen jardunaldian, banderak ongi bideratuz
Oriotarrek Euskotren Ligako bigarren garaipena sinatu dute, lidertza sendotuz. Hasieratik ireki dute tarte handia eta amaieran 7.08 segundora sartu da Arraun Lagunak. Eusko Label Ligan, Urdaibaik erakustaldia emanda lortu du bere lehen garaipena eta 7.44 segundo sartu dizkio lider ipini den Oriori.
Orio eta Urdaibai izan dira Coruñako banderaren lehen jardunaldian garaile. Gipuzkoarrek Euskotren Ligako bigarren garaipena eskuratu dute, gaurko lau puntuekin lidertza indartuz, eta bandera ere ongi bideratuta utzi dute, Donostia Arraun Lagunak 7.08 segundora sartu delako. Bizkaitarrek, aldiz, Eusko Label Ligako aurreneko garaipena sinatu dute, erakustaldi bikaina emanda eta lider ipini den Oriori 7.44 segundoko aldea sartuz.
Baldintza leunak
Astean zehar traineruek Coruñako uretan aurkituko zituzten baldintzek kezka handia sortu duten arren, azkenean ontziek ez dute itsaso zakarrik izan. Haizea ibili da, tarteka ufada aipagarriekin baina orokorrean egoera deserosorik gabe, eta olatuak ere izan dira, baina neurrikoak eta ikuskizuna edertu egin dutenak.
Euskotren Ligako estropadan, Oriok hasiera-hasieratik hartu du estropadaren burua, eta ia estropada apurtu ere egin duela esan daiteke. Laugarren kaletik, gaurko baldintzetan babestuena seguruenik, lehen bi minutuetan jada bost segundoko aldea atera dute aurkariekiko. Ziabogan tartea bederatzikoa zen Arraun Lagunakekiko.
Maniobra onena izan ez arren, itzulerako luzean, poparean, Nadeth Agirrek trainerua lasai estribor aldera joaten uzteko aukera izan du, Coruñako baga txikia baliatuz, eta ez du inoiz garaipena arriskuan ikusi. Arraun Lagunak zertxobait hurbildu da, baina tarteak handi samarrak izan dira. Atzetik Donostiarra izan da hirugarren 11.60 segundora eta Tolosaldea laugarren 14.90era.
Ligako sailkapenari dagokionez, Oriok 11 puntu ditu, Arraun Lagunakek 10, Donostiarrak 6 eta Tolosaldeak 3.
Urdaibaien erakustaldia
Eusko Label Ligan, Urdaibai izan da erakustaldi aparta eman eta bandera ederki bideratuta utzi duena. Lehen luzean aurrea Donostiarrak hartu den arren, bermeotarrek, lehen kaletik, sekulako bigarren luzea sinatu dute poparean, eta hirugarren luzetik aurrera estropada erabakita utzi dute hamar segundotik gorako aldeak lortuz.
Azken luzean, ordea, beste ontziek estribor aldera enfilatzeko aukera izan dute eta Gorka Aranberrik bere kaleari eutsiz joan behar izan du lehen kale horretan. Azkenean aldeak hauek izan dira: 7.44 segundo Oriori, 10.64 Hondarribiari eta 15.46 Donostiarrari.
Gaurko bigarren postuari esker, Orio jarri da lider Donostiarraren kaltetan, nahiz eta biek 32 puntu dituzten. Hondarribia da hirugarren 31rekin eta Urdaibai laugarren 30ekin.
Beste txandei dagokionez, berriz ere Getariaren lana nabarmendu behar da. Gipuzkoarrek sekulako lana egin dute bigarren txandan eta, estropada ia guztian Kaikurekin lehia itxia izan duten arren, azken txanpan aurrea hartu eta sekulako amaiera egin dute. Bosgarren izan dira azkenean eta postu horixe indartu dute sailkapen nagusian.
Aurrez, lehen txandan, Isuntza izan da azkarrena. Lekeitiarrek ere maila aparta eman dute gaurkoan, Iñaki Goikoetxea "Xagua" bikain moldatu da olatuak hartzen eta seigarren amaitu dute sailkapenean, mailari eusteko borrokan puntu sorta ederra bilduz.
Bigarren jardunaldia, igandean 11.40etan hasita.
VI. Bandeira Cidade da Coruña (1)
1. Bermeo 20:17.26
2. Orio 20:24.70
3. Hondarribia 20:27.90
4. Donostiarra 20:32.72
5. Getaria 20:40.62
6. Lekittarra 20:46.80
7. Ares 20:48.14
8. Kaiku 20:49.40
9. Zierbena 20:51.92
10. Ondarroa 20:52.08
11. Santurtzi 20:52.90
12. Cabo 21:00.18
Eusko Label - Sailkapen nagusia
1. Orio 32 puntu
2. Donostiarra 32 p.
3. Hondarribia 31 p.
4. Urdaibai 30 p.
5. Getaria 22 p.
6. Zierbena 17 p.
7. Kaiku 16 p.
8. Lekittarra 14 p.
9. Santurtzi 12 p.
10. Cabo 11 p.
11. Ares 10 p.
12. Ondarroa 7 p.
V. Bandeira Cidade da Coruña (1)
1. Orio 11:00.26
2. Arraun Lagunak 11:07.34
3. Donostiarra 11:11.86
4. Tolosaldea 11:15.16
Euskotren - Sailkapen nagusia
1. Orio 11 puntu
2. Arraun Lagunak 10 puntu
3. Donostiarra 6 puntu
4. Tolosaldea 3 puntu
Beste mailak
Beste mailetan, Arkote, Hibaika eta Lapurdi izan dira eguneko garaileak.
KAE1 Ligako ontziek erlojupekoa izan dute Pasaian, eta Arkote izan da azkarrena 20:30.63ko denborarekin. San Juan izan da bigarren segundo bakarrera, San Pedro hirugarren laura eta Zarautz laugarren 16ra. Sailkapen nagusian San Pedrok jarraitzen du lider orain 55 punturekin, eta atzetik Arkotek Zarautz harrapatu du, biak 49rekin.
ETE Ligan, Hibaika izan da onena Portugaleteko Banderaren lehen jardunaldian. Errenteriakoek 11:13.99ko denborarekin irabazi dute, Deustori ia lau segundo sartuz eta Hondarribiari ia bost. Trapua bihar erabakiko da baina sailkapen nagusian bi puntuko aldea dago Hibaika liderraren eta Hondarribiaren artean.
Eta KAE2 Ligan, hauek ere Portugaleten, Lapurdik jaun eta jabe izaten jarraitzen du. Gaur ia 10 segundoko aldearekin menderatu du bigarren izan den Donostiarra B eta ia 17 sartu dizkio etxeko ontziari.
KAE1 - CMO Valves Bandera
1. Arkote 20:30.63
2. San Juan 20:31.72
3. San Pedro 20:34.60
4. Zarautz 20:46.95
5. Pedreña 20:48.61
6. Zumaia 20:51.46
7. Hondarribia B 20:54.73
8. Deusto 20:55.56
9. Castro 20:58.81
10. Camargo 21:05.74
11. Orio B 21:06.22
12. Busturialdea 21:22.19
KAE1 - Sailkapen nagusia
1. San Pedro 55 puntu
2. Arkote 49 p.
3. Zarautz 49 p.
4. San Juan 43 p.
5. Pedreña 42 p.
6. Hondarribia B 31 p.
7. Castro 28 p.
8. Zumaia 28 p.
9. Camargo 27 p.
10. Deusto 20 p.
11. Orio B 10 p.
12. Busturialdea 8 p.
ETE - Portugaleteko Bandera (1)
1. Hibaika 11:13.99
2. Deusto 11:17.64
3. Hondarribia 11:18.70
4. Ondarroa 11:25.63
5. Zumaia 11:39.51
6. Hernani 11:40.42
7. Zarautz 11:58.15
8. Portugalete 12:16.43
9. Castro 12:17.36
ETE Liga - Sailkapen nagusia
1. Hibaika 41 puntu
2. Hondarribia 39 p.
3. Deusto 34 p.
4. Zumaia 31 p.
5. Ondarroa 26 p.
6. Zarautz 21 p.
7. Hernani 18 p.
8. Castro 9 p.
9. Portugalete 6 p.