INFO

Brebeta euskaraz idatzi zuten ikasleei ziurtagiri ez-ofiziala eman die Elkargoko lehendakariak

Brebeta azterketa ofiziala, debekatua izanik ere, euskaraz idatzi zuten Seaskako ikasleei ziurtagiri ez-ofiziala banatu die Euskal Elkargoko presidenteak astearte honetan. Irakasle, ikasle eta burasoen txaloen artean jaso dituzte euskaraz zuzenduak izan ziren azterketen nota «errealak».

Seaskako ikasleak, irakasleak eta Euskal Elkargoko lehendakaria, gaurko ekitaldian. (Guillaume FAUVEAU)

Desobedientzia ekintza gisara brebeta azterketa ofiziala euskaraz idatzi zuten Seaskako lau kolegioetako ikasleek oso nota baxua izan dute frantsesezko zuzenketan; irakasle euskaldunek horien kopiak zuzendu dituzte nota «errealak» izateko eta horien notak agertzen diren ziurtagiriak jaso dituzte uztailaren 12 honetan Euskal Elkargoaren egoitzan, bere presidentearen eskutik, erakundearen sostengua dutela aditzera emateko.

Seaskako irakasleek, ikasleek eta burasoek Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeak elkartzen dituen erakundearen sarreraren egoitza bete dute, «brebeta euskaraz» kamiseta soinean zutela. Txalo artean hartu dituzte lau kolegioetako ikasleak Jean-Rene Etchegaray lehendakariaren eskutik bere ziurtagiria jasotzera joan direnean.

Kolegioa bukatzean egiten den azterketa Seaskako ikasleen %97-k egin dutela euskaraz nabarmendu du Peio Jorajuria Ikastolen Federazioko presidenteak, eta frantsesezko zuzenketan 50 puntutik 2 eta 5 puntu artean lortu badituzte ere, euskarazko zuzenketaren media 25ekoa izan dela nabarmendu du.

Balio legalik ez

«Nota emate sinbolikoa egin nahi izan dut, bistan denez, ez du inolako balio legalik, baina Hezkuntza Ministerioarekin duzuen, dugun, egoera gatazkatsua baretzeko da. Euskara indartzeko hemen dagoen kontsentsua oroitaraztea da helburua» adierazi du erakundeko lehendakariak.

Jorajuriak Parisen beraien erabakiaren berri badutela nabarmendu du: «Badakite borroka ez dugula laxatuko. Ikasleek, irakasleek, burasoek, hautetsiek zein gizarteak nahi duguna erakusten dugu».

Etchegarayk bere hitzartzea amaitu du eta jakinarazi du aldarrikapena errealitate bilakatzeko Antton Curutcharry, Elkargoko presidenteordea eta Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria, Pariseko Hezkuntza ministroarekin negoziatzen ari dela, «konponbide betierekoa eta ofiziala» lortu ahal izateko.