INFO

Guridi: «Alaves klub historiko bat da eta helburua Lehen Mailara igotzea da»

Sergio Fernandez kirol zuzendariak Realaren jarrera eskertu du jokalariari irtetzen uzteagatik. Erdilari azpeitiarrak lau denboralditarako kontratua sinatu du.

Sergio Fernandez kirol zuzendaria Guridiren agerraldian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Jon Guridik Lehen Mailara itzuli nahi du Alavesekin. Jokalari gipuzkoarrak argi dauka zein den datorren denboraldiko helburua eta erronka gisa hartzen du. Azpeitiarrak onartu duenez, «pena» eman dio Reala utzi behar izanak. Hala ere, erabakita zeukan irtetzea. Azken bi urteetan ez du askorik jokatu eta buelta eman nahi zion egoerari, jokalari garrantzitsua izanez eta zelaian gozatuz.

Alavesek eskaini dio horretarako aukera. Lau urtetarako kontratua sinatu du. Sergio Fernandez kirol zuzendariak nabarmendu duenez, proiektua eraberritze prozesu batean sartu da eta Guridi bezalako ezaugarriak dituzten futbolariak nahi dituzte, «umilak» eta hazteko gogoarekin. Realaren jarrera ere eskertu du Fernandezek eta jokalariak egindako hautua beste talde gehiagoren proposamenak izan dituelako mahai gainean.

Azpeitiarrak 27 urte ditu eta zelai erdian aritzen da. Aurrera eta atzera etengabe ibiltzen den horietakoa da eta Luis Garcia Plazak hori eskatu diola esan du. Bigarren lerrotik erasoko jokaldiak bukatzera iristea nahi du.

Denboraldi berrirako talde gasteiztarrak baieztatu duen seigarren fitxaketa da Guridirena. Salva Sevilla erdilaria iritsi zen lehena Mallorcatik. Gero Xeber Alkain Realararen bigarren taldetik, Carlos Benavidez uruguaiarra, Sedlar erdiko atzelaria eta Anderson Arroyo heldu dira.

Sergio Fernandezek ez du aurreratu nahi izan zenbat jokalari gehiago fitxatzeko asmoa duten. Aldi berean, Victor Laguardiaren erantzunaren zain jarraitzen dutela azaldu du. Erdiko atzelari eta kapitainak Gasteizen jarraitzeko proposamena dauka, baina oraindik ez omen du erabakirik hartu. Almerian eta Rayon aritutako Nikola Maras atzelari serbiarraren atzetik omen dabil Alaves zenbait komunikabidetan zabaldu denaren arabera.