INFO

Britainia Handira iritsi nahi zuten zortzi migratzaile atzeman dituzte Bilboko portuan

Polizia espainiarrak iragarri du hilaren 11n zortzi migratzaile aurkitu zituela Bilboko portuaren inguruan, ustez polizoi gisa ontziratu eta Britainia Handira iritsi nahi zutenak. 15 egun eman dizkiete Estatutik beren kabuz alde egiteko, bestela atxilotu eta kanporatu egingo dituztela ohartarazita.

Bilboko portuaren inguruan zeuden hiru kanpadendatan aurkitu zituzten zortzi migratzaileak. (Espainiar Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetza)

Gobernu espainarrak Bizkaian duen Ordezkariordetzak ohar bidez jakinarazi duenez, ustez Britainia Handira polizoi gisa iritsi nahi zuten zortzi pertsona atzeman zituen Poliziak, hilaren 11n, Bilboko Portutik gertu.

Landarediaren artean aurkitutako hiru kanpadendatan albaniar jatorriko zortzi lagun aurkitu zituzten. Legez kanpoko egoeran ez bazeuden ere, Poliziak ebatzi zuen turistei ezartzen zaizkien baldintzak betetzen ez zituztela eta, hortaz, Estatu espainola nahitaez uzteko 15 eguneko epea eman zieten.

Neurri administratibo hori beraien kabuz betetzen ez badute, ohartarazi diete egoera irregularrean egotera pasako direla eta, beraz, berriro identifikatzen badituzte, atxilotu eta kanporatu egingo dituztela.