INFO

Haserretutako Mead aurrelariak, kritikak erregai bihurtuta, aurkariak dardarka jarri ditu

Iaz Olinpiar Jokoak etxean marmarka jarraitu ondoren, bere ibilbideko denboraldirik onena egiten ari da Beth Mead Ingalaterrako aurrelaria. Lau gol sartu ditu dagoeneko Europako Txapelketan.

Beath Meadek lau gol sartu ditu dagoeneko Europako Txapelketan. (Adrian Dennis | AFP)

Txapelketaren lehen gola sartu zuen, Ingalaterrari Austriaren kontrako garaipena emateko, eta beste hiru ospatu zituen Norvegiari emandako jipoian. Beth Meadek sekulako sasoian ekin dio Europako Txapelketari, orain dela urtebete eskas, etxean, marmarka, kanporatu zuen amorrua ahaztuz, jenio beroa ez badu epeldu ere.

Nolanahi ere, bai ikasi du kudeatzen eta horri esker, bere futbol onena eskaintzen ari da azken hilabeteotan. Covid-19ari ere badauka zer eskertu, Europako Txapelketa aurreikusi bezala 2021ean ospatu izan balitz, "Angry Meado"-ek ("Haserretutako Mead") etxetik jarraitu beharko zukeelako, munduarekin haserre.

Hege Riise hautatzaileak Olinpiar Jokoetako deialditik kanpo utzi zuen eta Meadek ez zuen erabakia ondo hartu. «Uda ez nuen batere ondo pasatu», onartu du Telegraph-i eskainitako elkarrizketan. «Amorrua ematen dit hori pentsatu izanak baina etxean nengoenean, hainbat jokalarien inguruko pentsamendu negatiboak izan nituen. Eurek gaizki jokatzea nahi nuen, jendea konturatzeko zer nolako akatsa izan zen ni etxean uztea», azaldu du, damututa.

«Inork ez zidan esaten zertan hobetu behar nuen edo zergatik ez ninduten aukeratu Olinpiar Jokoetara joateko. Nire jokatzeko era oldarkorregia zela izan zen jaso nuen azalpen bakarra eta ez nuen ulertzen, beti jokatu dudalako horrela», gaineratu du.

«Mutilak baino gogorragoa»

Ingalaterrako iparraldeko Yorkshireko landazabalean jaiota, bere amak bultzatu zuen Mead futbolarekin probatzera, ume urduri haren energiak bideratu nahian. «Neska bakarra izango da. Eta mutikoak oso gogorrak dira», abisatu zion entrenatzaileak lehen egunean. «Ama ordubete beranduago nire bila itzuli zenean, ni neu mutiko gehienak baino gogorragoa nintzela onartu zion entrenatzaileak», azaldu du aurrelariak Ingalaterrako Federazioaren web orrian.

16 urterekin, Sunderland taldearekin sinatu eta Lehen Mailara igotzen lagundu zion Meadek. 77 gol sartu zituen 78 partidatan eta 2015ean, ligako golegile nagusia izan zen. Dena dela, hiru urte gehiago itxaron behar izan zituen, ordurako Arsenaleko jokalaria zela, Phil Nevillek selekzioarekin jokatzeko deitu arte. Estatu frantseseko Munduko Txapelketan parte hartu zuen Manchester Unitedeko jokalari-ohiaren aginduetara. Ingalaterrak Britainia Handiako selekzioaren barruan jokatutako Olinpiar Jokoak, berriz, telebistatik jarraitu behar izan zituen.

«Kritikak erregaia dira»

Baina orain dela urtebeteko amorrua, kemena bilakatu du aurrelariak, Arsenalekin egin duen denboraldi bikainak erakusten duen bezela.

«Agian arraroa naiz. Beti esaten da ez direla gauza negatiboak irakurri behar baina nire kasuan, erregaia dira, aurrera egiten laguntzen didate», esan du.

Haserrea, hala ere, garaile suertatzen da noizbehinka Mead zelaian dagoela, Hulkek alkondara hapurtuko lukeen bezela. Horregatik jarri diote taldekideek «Angry Meado» ezizena. «Bai, Angry Meado existitzen da –onartu du, barrezka–. Egia esateko, neurri batean behintzat, nire futbol onena jokatzen dut haserre nagoenean. Baina nire sumina eta energia hobeto bideratzen ikasi dudala uste dut».

Sarina Wiegmanen etorrerak bide horretan lagundu dio. Entrenatzaile herbeheretar Ingalaterrako aulkira heldu denetik, Meadek 16 partida jokatu eta 18 gol sartu ditu, horietako lau Europako Txapelketan. «Oso zuzena da –esan du Arsenaleko futbolariak bere hautatzaileari buruz–. Agian Ingalaterran zuzenegia, garratza dela esango genuke. Baina oso “herbeheretar” da, beti zuzenean doa nahi duen lekura. Nik argitasun horren beharra neukan. Eta berarentzat jokatzea benetan maite dut».

Wiegmanen eta Meaden arteko konexioa antzeman omen zitekeen, entrenatzaileari zer nolako jokalari mota gustatzen zaion kontuan hartuta. Ez zaio herbeheretarrari larregi gustatzen bere futbolariei buruz hitzegitea baina aurrelariaren inguruan galdetuta, «atearen aurrean ausardi handiko jokalaria» dela azpimarratu du, «gainontzeko jokalari gehienak baino dezente gehiago».