Angeluko luxuzko etxeen okupazioaren hirugarren egunean borrokara batzeko deia egin dute
Ostiral honetatik Angeluko luxuzko etxebizitza multzo bat okupatzen ari da Ostia Kolektiboa, espekulazioa salatzeko helburuarekin. Ekintzaileek bertan jarraitzeko asmoa dute eta haiek babesteko deia egin diote jendeari. Claude Olive alkatea ere gustura hartuko lukete.
Angeluko luxuzko etxebizitza multzo batean tinko segitzen du ostiraletik Ostia Kolektiboak, etxea espekulatzeko ez baizik eta bizitzeko dela aldarrikatzeko. Lurraren alde eta espekulazioaren kontra borrokatzeko sare herritarra da.
@ostia_sarea twitterreko kontuan azaldu dutenez, Claude Olive herriko alkateak ez du astirik izan haiek ezagutzera hurbiltzeko, baina goizeko seietarako udaltzainak bidali ditu pankartak bortizki kentzera. «Jenio hutsa alkate hau!», idatzi dute.
«Espekulazioa gelditu, etxebizitzak guztientzat!», «Herria borrokan segitzeko prest da» eta halako mezuak zituzten erauzi dituzten kartelek.
Tronpeta kontzertu bat haiek babesteko
Hirugarren okupazio eguna du Ostia Kolektiboak (Okupazio Sare Tematsua Irabazi Arte) Alday higiezinen agentziaren luxuzko etxebizitzetan, Angeluko Gynemer karrikan. Eta bertan jarraitzeko intentzioa dute ekintzaileek. Eztabaidak eta aperitifak antolatzen dituzte egunero eta horietara batzera animatu nahi dituzte guztiontzako etxebizitzen alde dauden herritarrak.
«Ez dugu etsiko. Okupazioarekin jarraitzeko behar zaitugu», egin dute dei. Hainbat ekintza egiten ari dira okupazioan eta atxikimenduak jasotzen ere ari dira. Asteburuan, adibidez, tronpeta kontzertu baten bidez babestu dute beren mugimendua.
«Hemendik pasatzen bazara, ez egin zalantzarik, gelditu edo jo bozina, aunitz motibatzen gaitu horrek!», adierazi dute.